|
Euskaldungoa erroizturik
Deskulturatze bideak (I): letratzea
Euskararen kulturarako bidea zatekeena, letratze prozesua, bazterkultura eta, finean, deskulturatze bidea izan zen. Hasiera ezartzen ahal da Trento kontzilioaren ondotik (alemanarentzat, adibidez, Lutheroren lanak izan ziren bezala), Elizak-elizek, zehazkiago esateko, lehen abiatze kalbinismoari zor baitzaio- euskara tresna bezala erabiltzeko deliberoa hartzen dutenean. Lehen etapa batean, euskarak asimilatu behar ditu maileguaren bidez kultura berriaren esanahiak. Giltzezko aroa da; benetan, hizkuntza guziek ohi dute orduan klasikoki beren urrezko aroa deitzen dena; baina izan daiteke, halaber, beren beherapenaren hasteko aldia. Lehenik, letratzen ari den hizkuntza morrointzapean ezartzen du bere burua, goi-eredua beste hizkuntza baten erregistroak eta ahalak direnez geroz, adiarazi beharreko kontzeptuak «arrotzak» dira; baina, gero, aberastuz joango da, egileak bere kabuz, eta bere hizkuntzak eskaini bidez, pentsatzen duen heinean eta, beraz, bere kontzeptuen adiarazteko erabiltzen duen ber; haren ondoko belaunaldiek bururatuko eta aurreratuko dute hori. Esan gabe doa prozesu honek ez daukala ikuskizunik mintzairen artean gertatzen diren maileguzko harremanekin: honek badauka beste abiadura, beste bulkada eta beste xedea: autore batek onartzen eta zigilatzen ahal ditu bere idazki batean herri oso batek hiru belaunaldietan moldatzen ahal dituen baino askoz ere mailegu gehiago. Euskararen kasuan, urrezko aroa kontsideratzen ohi denak bakarrik beherapenaren hasiera markatzen du: metaforen bidez kontzeptuen adierazteko ahalmenak ez du jada lekurik batere euskal letragintzan. Esan daiteke, oro har, euskal pentsakerak ez duela sekula lekurik izan euskal letretan. Salbuespen bakarra eta erabat bakartua Oihenarte dugu. Duela bost mende, atsegin (hats egin) haserre (hats erre) bezalako adierazpide metaforikoek sartuak ziren aspaldi eta betirako hizkuntzan, baina haien sortzeko ahalmena bukatu —baztertu— zen, erdal kontzeptuek hartu dute haien lekua maileguen bidez eta morrointzaz baizik ez da ikusten lehendabiziko euskal letretan. Huts egin zuena «bigarren belaunaldia» zen, esan nahi baita, euskal moduaren adierazteko kanpotik etorri eta egokitu bide letratu horretaz baliatu beharko zatekeena. Beherapenaren bigarren etapan, hizkuntzak hartzen ditu aldakuntza fonetiko eta morfologikoak; gure kasuan, beti gazteleraren ereduz (gaztelerazko J, adibidez, doi hasten da gipuzkeraz ahoskatzen XVIII. mendean) Hirugarren etapa batean, euskarak hasten ditu gazteleraren oinarrizko hiztegi osoa, euskal sintaxia bera ere egokituz (mass medietako euskara normaldua). Egiazki, Elizaren (eta gero kazetaren) euskara “kulturatuak” segitzen du bere urruntze prozesuan euskal funtsetik. Hizkuntzak, letratze prozesuan sartzerakoan, lehen etapa batean, morrointzezko imitazioaz aritu behar dira: hizkuntza baten fonetikaren alfabetatzea, adibidez, lan analogikoa da, ereduak behar dituena, eta, bereziki, kopiatzen duena. Ondotik badator —eta etorri behar, bistan da— berpiztea eta burgoitasuna: Du Bellayk edota Nebrijak aipatu aitzakiek eta justifikazioek
[nos ancêtres] nous ont laissé nostre langue si pauvre et nue quelle a besoin des ornaments, et, s’il faut aussi parler, des plumes d’autrui [...]. Ce n’est point chose vicieuse mais grandement louable, emprunter d’une langue étrangère les sentences et les mots, et les appopier à la sienne [...].[13]
ez dute ondoko belaunaldikoen artean lekurik batere, soberesten dira, esan gabe doaz; izan zuten beren aldia, beren aroa eta beren helburua. Euskararen kasuan, aldiz, aitzaki eta justifikazio horiek behin eta berriro aipatzen dira, bai eta esplikatu, justifikatu eta, oroz gain, makurki egin ere. Ez da harritzekoa, kasik duela bost mende egin beharreko gauzak dira; eta egin ziren, egiazki. Baina alferrik. Euskal letratze prozesua kondenatua bide da mendean behin eta bitan gertatzera: ezezagutu dira, gaurgero, Donibane Lohitzuneko literatur mugimendua, Oihenarteren poetika, XVIII. eta XIX. mendeetako euskal prosaren finkatzea, eta XIX-XX. mendeetako kazetagintzaren abiatzea. Euskara normalduak horiek oro behar ditu ezteusetik asmatu, eta asmamen loriotsuak pipergatzatu ere duela lau mende hobeki eta behar tenorean esan eta egin gauzekin: normaltzea, goi-ereduen eta itzulpenen beharra... Berantkeria gero eta itzulezinezkoagoa da. Letratu egin zenez geroztik, euskara beti egon da laburtzaileen eskuetan (egokitze eta gehitze guziak erdararen erregistroen kopiatzeko, laburdurak dira funtsean, ezin konta ahal euskal erregistroak baztertzen baitira). Baina, duela lau mendetako hasieran soilik izan behar zena; —hizkuntza ororen letratze hasieran gertatzen ohi dena (ikus latina bera grekoaren prestigioaren aurrean), gorago esan bezala— gutienez errepikatu da hiru aldiz: 1. Larramendirekin: Honek, azalez laudorioka aritu bazen ere Axularri buruz, ez zuen ezertan kontsideratzen Donibaneko literatur mugimendua eta, bere hiztegi eta proposatu teorien bidez, asmatu zuen Euskal Herriko hegoaldean behin eta bitan errepikatuko zen zerotik hasteko sindrome laburtzailea. Beti arrotzen aurrean eta arrotzentzat gezurrezko euskararen apologiaren egiteko zeukan joerak darakusa, ageriz, egiazko euskararentzat bazterkultura nahi zuela. Bere garaiko jesuitek frantsesaren alde lan egin zuten bezala, berakere beste hainbeste egin zuen espainolaren alde; nahiz eta, agian, modu jesuitikoago batez: konpainiaren iturburutik hurbilago zenez geroz. 2. Aranarekin: Larramendiren oihartzun eta epigono perfektoa eta, agian, hobetua, euskara jakin gabe bururatu baitzuen bere hausdura laburtzailea. Honetan, ez da laburtzen beste kultura edo kulturazko hizkuntzaren erregistro multzoaren arabera; orain euskal gramatika eta egitura bera laburtzen da zuzenez gogo mugatu baten «logika» ameslari baten arabera. 3. Eta orain berriki, euskara batua zentzurik hertsienean aditzen dutenek osatzen duten lobby-rekin: Hau gorago aipatu aitzindarien ondorio ezinbestekoa da. Hirugarren aldiz zerotik hasteko, esistitzen ez diren arazoentzako erremedio bortitzak asmatzen aritzen da: Euskal Herriko iparraldeko azken bi mendeetako prosa finkatuan —dudarik gabe mugimendu laburtzaileez kanpo gelditu zelako— dialektalismoak ez du inolako prolemarik itxuratzen, gertatu ondorioa gogo askoren lanen mozkin naturala da; horrekgarbiki adierazi beharko luke dialektalismoa bere eremutik atera den eta ez dagokion alorrean landatu eta hedatu den gramatikalkeria hanpaturik besterik ez dela; baina horrek ez die ezer ere esan: erremedio akigarri bat edanarazten diote batere gaitzik pairatzen ez duen pairaleari. Inolako ezberdintasunik ez euskalkirik ezagutzen ez duena bateratzearen alde lanean... Hitz batez, kulturarako bidean, letratze prozesuan, hiru aldiz errepikatzen hausdura laburtzailea. Inolako hizkuntzak jasan lezakeena baino gehiago da. Euskaratik beretik gero eta gehiago urruntzen da euskara letratua; bazterkulturara iritsi da euskara bera —mintzatua— baino lehen. Hain zuzen, munduko prestigiozko kulturezko hizkuntzetan gertatu denaren kontrarioa (ikus greko eta latinaren kasua). Feed-back baten bidez prozesua bizkortzen da: letratuen munduan laburtzaileek laburtzaileen testuak ikertuko dituzte euskara «salbatuko» duten arauen asmatzeko... Euskara normaldua, beraz, agertzen zaigu prozesu honen ezinbesteko korolarioa bezala. Eta ezinago ageri da, batzutan puristen argudioekin eta besteetan populistenekin, letratzen hasten den hizkuntza bati buruz esaten diren argudioak errepikatzen direla; ezberdintasun xumea —honetan ere, ezberdinak egiten gaituena— da euskarak daramala —alferrik?— bost mende letratua izaten.
[13] La Défense et illustration de la langue française, I, III, Paris, 1987, Lehen aldiz, 1549ean ageitua.
Euskaldungoa erroizturik |