Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Bazter gizartean

 

      Bazter-hizkuntza batean haur euskaldunek dituzten bizipen aunitz hizkuntzatik kanpo gertatzen dira, Erronkarin elizkizunak, kasurako edo Gabonetako kantak. Antonia Anaut harritzen zen euskaraz zerbait kondatzeko galdegiten ziotenean (Artola, 1985, 80):

 

      Eta [...] erran nezala [...] uskaraz [...]. Nik zer bar dior erran? Erran nezala eta erran nezala [...] eta aber banakienetz [...]. Nabidadeko billanzikoak [...]. Nikez. Nik eztur entzun [...] keben uskaraz, ez kantarik, ez [...] ez [...] kolako elizako gaizarik bat(r)ere; ene tempran ya ez, batre.

 

      Egia da leku batean hizkuntz-funtzioren bat gal badadi, hiztunak berriro eskura lezakeela denbora hortan hurbil badeza funtzio guziak betetzen diren lurralderen batean. Aipatzen ari garen lekukoak, bere gaztezutuan[179] Xuberoan ikasi zuen zekien billanziko bakarra.

      Lurretik gertu bizi izandakook, euskal izkirianta frangok, hortaz, batera ikusten dute lurraldearen hustiraketa basa eta euskal komunitatearen erroiztea (Gandiaga, 1991, 10):

 

      [...] gurean, orain dena pinuak hartuta eta orbela desagertuta dagoen horretan, ba, jagi eta Bizkaiko zati handi bat ikusten genuen, ohetik jaiki orduko. Gero bakardade handi batean bizi ginen eta gure harremanak ziren pertsonak eta lurra. Gure gurasoek kristautasun normala bizi zuten errezoak egiten ziren, errosarioa egunero, eta eskatzen zuten euria lehortetan, eta eskatzen zuten eguzkia [...]. Lurra eta ingurua maitatzen genuen guk inungo biolentziarik gabe eta inongo kolorerik gabe ikasi dugu. Haien gerizpea udan! Etxe aurreko madariondoak, gerizondoak, haiek loratan hasten zirenean, berez, eta gero ganaduak nola ugaltzen ziren ikusten genuen. Medio horretan sortuak gara.

 

      Gizarte modernoan gizakiak ez du senditzen, jadanik, nekazal giroaren eragina, natura ezpaitu bere. Eta gizakia ez da gehiago naturaren zati bat. Asotsek mendi-oihanetako bakardadea zulatu dutela, lurra, fabrika, bide eta auzune berriez estalia, gizon eta emakume gehienek alde egiten dute, lehen Ameriketarat, eta orain herri haundiago eta hirietarat. Bakanka bizi diren laborari familietan, bestalde, bestelakatu dira lurra eta nekazal gizartearekiko harremanak,[180] zein norberaren mintzairari buruzko atxikimendu eta eritziak.

      Gandiagak aitortzen du zer nolako eragina izan ziren beragan bere aitak feriatik ekarritako bertso berriak, etxeko biblioteka bakarra, eta baita ere bere amak «berbaldun ederra» esaten zuenetan pulpitora joaten ziren apez edo fraide zenbaiti buruz. Aipaera batean laburbiltzeko, hona hemen Gandiagak (1991, 10) dioskuna:

 

      Nik hizkuntzarekiko maitasun bat, eta errespetu bat eta hizkuntza balioztatzen jakite bat nire gurasoengandik hartu nuen.

 

      Oroit, bestalde, euskararen muga, aunitzetan, pobreziarena izan dela, 1878 aldeko bertso batek (Zavala, 1979, 18) ekartzen digunez:

 

      Kastilla’ra bearko

      naski euskaldunak,

      erderaz itzegiten

      gutxi dakigunak;

      biderako dirurik

      ainbat ez degunak

      lan ona egingo du

      ematen digunak.

 

      Aipatzen duen bidea kuartelerakoa da mutilak diru-eske ibiltzen baitziren soldaduskarako tenorean. Pentsa liteke diru-eskeko bertsoek herritarren urrikiaren sortarazteko eskalearen pobrezia aipatu behar dutela, baina, baita ere egoeraren aieruak antzeman litezkeela aipatu bertsoetan.

      Klarkiago, bada, Bitoriano Gandiagak ematen digun testigantza (Gandiaga, 1991, 198), ehun urtetsu berantago jasoa:

 

      [...] hor topatzen duguna, herria; herria edo herriaren barruan zati bat. Nik berehala izena eman nion zati bakoitzari. Ikusi nuen gure herrian bizi zela, euskaraz hitz egiten zuen jende pobre, ahotsik gabeko bat, eta beste herri bat seguru bizi zena, jada. Ze, beste herriak erdaraz bazekien ondo. Oñatin neuri gertatua: «Ai, nik erdaraz baneki!» —«Zer egingo zenuke, ba, erdaraz bazeneki?» —«Lanik ez behintzat!»

 

 

[179] Gazte gindenian, xoaitan gindezun, espartiñara, trabajatra negun [...].

[180] Edo gelditu hobeto, biziaren abiada, utzi baitute aspaldi.

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994