|
Euskaldungoa erroizturik
“Patois” eta halakoak
Hasmentan Berba omen zen eta harekin bat «Bestea» izendatzeko eskubidea, maizenik erdeinuz egiten zena. Hortakoz bada, asmatu zuten grekoek «barbaro» hitza beste guztiendako, grekeraz edo heladeraz hitz egiten ez zutenendako, eslaboek «nemits» hitza mutu esan nahi duena, «kanibal» hitzaren sorrera aipa genezake horrela,[114] euskaldunek erdaldun deitzen dutela bestea. Erdaldun, erdaradun, erdaraz —erdieraz—, erdi hizkuntzaz ari dena (Kintana, 1975); badakigu euskara ez den guzia erdara dela, hortaz. Besteak izenik ez duen heinean, bestearen izakera bera hagitz zehatza ez denez,[115] bestearen hizkuntzak ez duke izen klar eta orok onartua. Vascuence hitzak, kasurako, dituen adieratako bat, Espainol-Hizkuntzaren Hiztegian, hain zuzen, ondoko hau baita: «Dicho o escrito incomprensible o confuso». Bestearen hizkuntza-tasuna ere ez da beti era berean sailkatzen. Beste, besteen eta beren mintzairen izenak era iraunkor batez sailkatzen dira Modernizazioaren hasmentan. XIX. mendean, inperialismoa planeta osoaz jabetzen delarik, ikuskera eurozentrikoa ezezik europarren, europar estatu zenbaiten hizkuntzen jerarkizazioa hedatzen da eskoletan, liburuetan eta hiztegian gaindi, zein agerkari edo egunkarien bidez ere. Hizkuntza-jerarkizazioan, Estatu batbederak beretako duen hizkuntzari bakarrik deitzen zaio horrela, besteak hizketa, hizkera, mintzaira eta halakoak izanki. Esan dezagun, hortaz, Estatu Hizkuntzez kanpokoak, Hizkuntza Nazional izena ez daramatenak, zeiharka baizik[116] ez direla aipatzen, edo, aiseago apika, ez direla inondik ere aipatzen. Gure auzo-hizkuntzek adibide ezinobeak ematen dizkigute, izan ere hizkuntzen inguruko ideiak errotik lotzen zaizkie hiztunei eta hizkuntzalariak, ere, hizkuntza batean bizi ohi dira, hari xoilki atxikienik.[117] Frantsesez patois hitza, kasurako, frantsesez kanpoko, baina frantses estatuaren meneko, hizkuntzak izendatzen ditu. Ez da, hortaz, halako hitz markabakoa, ez alde ez kontrako bezala aurkeztuko genukeena.[118] Hitz honen etimologia Mitxelenak azaltzen digunez (1985, 182) zangoen bidez mintzatzen denari zuzentzen zaio, frantses hiztunentzat, katalanera, euskara, breizera eta halakoen «mordoilo mintzaira» liteke. Mitxelenaren hitzetan:
El patois francés, que si los etimólogos tienen razón, vendría a ser la forma de expresarse de gentes que hablan con las patas, ni siquiera con los pies.
Hitz gakoa[119] dudarik batere gabe, patois hitzean funtsatzen baita hizkuntza baten nagusigoa bere ondoko guztiak ukatuz eta isilaraziz. Beste kasuetan etimologiak ez digu adieraziko hitzak daramazkikeen erdeinu eta gutiespena.[120] Aborigen, adibidez, latinetik dator, hastapenekoak adinahian. Makurrena, Sanchez Carrionek azaldu duenez, ordea, XIX. mendetik datorkigun erabilera dateke, Darwinen teoriekin batera; berak dioenez:
[...] cuanto más al origen se le situaba a uno, más se estaba llamando orangután y orangutana a su señor padre y a su señora madre [...] Convendrán también en que es difícil oír designar como aborigen a un ciudadano de Boston, Madrid, Marsella, Amsterdam o Hamburgo, aún cuando se estén refiriendo a los fundadores originales de la ciudad [...].
Makurrago, oraindik, gaztelaniaz ere, autóctono hitza dukegu. Sanchez Carrionek dioenez, Corominas eta Levi-Strausen baitan funtsatuz, delako hitza grekeratik datorkiola espainol-erdarari, grekeratik, latin eta frantsesaren bidez, lur beretik sortua esan nahi duela. Hortaz bada, bere erabilketak:
De hecho se habla de que «la patata, el boniato y el tomate» son autóctonos de América. Pero no se habla de que la tortilla de patatas, las prosaicas chips, las patatas a la normanda o la oronda Kartoffen mit salchichas sean autóctonas de España, Inglaterra, Francia, y Alemania respectivamente; como la pizza autóctona de Italia: son productos refinados de la gastronomía nacional, y por tanto parte de «la cultura nacional».
Landare iduriko hitz honek badu beste alde aipagarri bat, izan ere, autoktonoa, basa, landuaren, zibilizatuaren aurkakoa da, Txepetxek ohartarazi digunez Levi-Straussen lo crudo y lo cocido delako parea aipatzean. Bada beste hitz bat, amaitzeko, goragoko hauek baino ideologizatuago plazaratzen zaiguna: vernáculo hitza dugu, frantsesez vernaculaire hitzak «tokian-tokiko» azaltzen badu ere, gaztelaniaz[121] daukan lehen adiera sehi dugu, latinetik hurbilago, apika, vernaculus hitzaren erroa verna baita, «Jabearen etxean sortutako esklaboa», alegia eta verna zen, bestalde, «esklabo jostakina egiten zituen zanpantzarkeriez bere jabeak libertitzen zituena» (Ninyoles, 1980, 181). Espainolez vernáculo hitza erabiltzen denean, Pacem in Terris, Aita Sainduaren Gutunaren itzulpenean bezala, gutiengo bati oparitzen zaion babesa ekartzen digu burura, azpikoa, menpekoa, familiartekoa kanporako ez baitu balio, hortakotz bada ttipia, maittea ere. Aipatuen ildo beretik dialecto, regional eta halako azterkizun genituzke zanpaldi ideologien hiztegien ustekeriek duten garrantziari ohartzeko.
[114] Gaur, Kuban bederen eta, arima salbu, arrastorik utzi ez duten gizataldekoen hitza zen «ozar, atrebitu» adierazteko. Colonek «caniba» transkribatzen du eta espainol erdaratik «canibal» hitza hedatu da beste hizkuntzetara. Larousse hiztegiak dakarren bigarren adiera, gaztelaniaz, 1987ko edizioan, hauxe da: «Dícese de la persona cruel e inhumana por alusión a los indios Caribe». Karibeak Koroarekiko harremanen ondorioz iraungi ziren Kuban eta beste eskualde zenbaitetan. [115] Herri askotan ez da gizakia aipatzeko hitzik, gizakia bakarrak taldekoak baitira, eta haiek bakarrik, «wanomani» hitza, esaterako, «gizakia» adiarazten du, eta baita ere gizatalde baten izena. Ikus ere Bestard-Contreras (1987, II kap), Sanchez-Carrión (1987) eta Calvet (1981, 54-57). [116] Frantziako Konstituzioak, kasurako, ez du deus esaten Frantziaren meneko hizkuntzez (Sanchez Carrion. 1987, 387). Duela berrehunen bat urte, ordea, Grégoire apez lorraindarrak eta Bertrand Barère de Vieuzac kargudun gaskoinak patois (euskaraz mordoilo-mintzaira; espainolez: jerga popular de una región) eta jargon (euskaraz: mordoilo, erdara-merdara; espainolez: jerga, jerigonza) hitzak zerabilzkiten, alemanera eta italiera salbu, Frantziaren meneko besteondako (breizera, katalanera, euskara...). Gutiespen horiei aitzi la langue française, l’idiome national, l'idiome français, le français eta halakoakezartzen zituzten. [117] Konparaziorako, hona hemen Martinet-en eritzia: En una gran part del territori francés, al segle XIX, i encara avui a algunos comunilats rurals, el nin es troba esposat abans dels deu anys a forme linguistiques divergents en fonología, gramática i lèxic fins al punt de suggerir al lingüista l’existència de dues idiomes concurrents més aviat que de dues varietats d’un mateixa llengua. La forma lingüistica que es va aprendere primer i que s’usa normalment en el si de la familia és anomenada patois. Elements de linguistique générale. Antoni Artiguesek aipatua (1989, 106-107). [118] Pierre Bidartek (1987, 168) izkiriatu duenez: Le concept de patois, condensé idéologique des «inégalités» linguistiques et cultúreles, résultat du principe suivant lequel il existait des langues favorisant le progrès et d’autres empêchant son développement. Zerbait gehitzekotan esango genuke Iraultza frantsesetik aitzinat hizkuntza bakar bat, frantsesa, onartzen zutela garapen hizkuntza bezala. [119] Gai honek bildu duen bibliografia zabalean, ondoko izkribuak dirateke interesgarrienak: Tres vides perpendiculars: Rivaldi, Cloots, Grégoire (Aracil. 1981, 221-262), Un ideal monolingue (Achard. 1987, 38-57) eta Una politique de la langue. La Revolution française et les patois (Certeau de M, Julia D, Revel J. 1975). [120] ALONSO, Martin. Diccionario del español moderno. 1975. [121] Xehetasun gehiagorako ikus Ninyoles (1980, 214-218).
Euskaldungoa erroizturik |