Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

AITZAKISOLASA

 

 

I

 

      Ikerlan honi zergatik lotu nintzaion azaltzean, bihotzari edo dena delako errai horiei doazkienak nituzke aipagai. Euskaldun «terminal»en lurralde batean sortu izanak badu zerikusirik hortan; izan ere, Axular ttipi batzuk izan gabe, bagenekien, gure auzunean, Lapatzako hamar baserrietan eta sei etxetarik hirutan euskaldun jenderik bazela: gurean gurasoak, bestetan aiton-amonak, izeko-osabak. Denboraz ohartu nintzen orduko euskara bastart hura, erdalkeriez josia, abantzu verborik gabea, lagun askorena zela, euskara galduz eta ahantziz zihoan jendearena.

      Bainan bestelako zioak ere badira. Funtsean, lehen omen ginenetik orain ez gareneko honetara aldarrikatu diren kausak arin edota makur izan baitira, gabezien lurruna den-dena estaltzen ez zuenean. Edota euskararen galtzeari buruz buru eta bekoz beko gutik begiratu duelakotz ezinbestekotzat jotzeko ez bazen. Ikertzapen gehienen arabera, iduriz, euskara izaki sortuberri eta kutsagarrien antzora, kristalezko etxerik ez duenetik dena omen zaio kaltekor: industria, merkatua, teknologia eta mundu modernoa, estatu eta zibilizazioa, hots, administrazioa, soldadutza, idazkera, eskola eta kultura inprimatua, orohar.

      Hortara biltzen diren ikusmolde murritz eta single hok ez dirateke zabalduenetarik urrun. Horietan, kanpoko eta egiazko faktore horien estakuruz izkutatzen zen, nere jakinean, euskaldun jarreren zergatiak. Zergatik orain erdaldundu? Erromatartzea, kristautzea eta ondoko gaitzei garaile ateraz geroz, oraintxe erdaldundu? Galdera horiek erantzun gogo nituen.

      Beti aipatzen diren faktoreok ez dira errez ukatzen, dudagaitza den ber Espainia eta Frantzia estatuen presentzia. Faktore horiek nola obratzen duten aztertzeko, oraindik ez ditugun monografia asko beharko genuke. Horien bidez, agian, euskal hizkuntzaren historia soziala has liteke eraikitzen. Bizkitartean, nere helburuak apalago ere badira.

 

 

II

 

      Egia da euskararen historia sozial baterako badirela zenbait lan onesgarri. Errazki joko nuke haien aipatzeko eta goresteko nahikeriara... alabainan, lan horien balioa izanik eta ere, euskara eguneroko komunikabide bezala ez da traktatua izan, besteren artean gure mendera arte azpiratu hizkuntzek ez baitzuten leku historian, Estatuaren zerbitzuko goronistek egiten zuten historian. Euskal ilustratuak, berriz, euskaldunen, euskal komunitate linguistikoaren heriotza XVIII. mendean hasi ziren iragartzen, sentiberenak euskara eta sorterro biblikoez aritzen zirela. XIX. mendetik aitzinat, munduan beste asko lekutan bezala, hizkuntza zapalduei apologistak sortzen zitzaizkion, zenbatenaz euskara zapaltzenago apologista gehiago, erlikiazale, museozale, dialektozale eta hilobizale gehiago. Hortan aurkitu gogo zuten hizkuntzagabetuek beren nortasuna, modu askotarik.

      Gure mendean, azken urteotan, gizarte-zientzien aldetikako erantzunak ez ziren inor askiesteko heinekoak. Historialarien aldetik, hizkuntzaren galera aipatzen zenean, bi eratara izaten zen: Garapenaren ezinbesteko ondorio bezala (Fusí, kasurako) edo Karlistaldian suertatu azpiraketa militarraren fruitu. Soziologian, zifrak gertatu dira, eskuharki, azalpenen ordezko, oraino eta urrunera gabe, diren lanik gorenak erdaldunek eginak ditugula. Antropologiaren eretzean antzerako, Korrika, euskal etniaren adierazpena aldarrikatzetik, euskaraz jakin gabe, euskal hizkuntzaren hermeneutikan saiatzeraino.

      Erabili ditudan iturriak bitara sailkatuko nituzke. Ahozko tradizinoari lotuak: nik entzuna eta grabatua zein Antonio Zavala jaunaren bilduma gaitzean edo agerkari liferenteetan plazaratu solasaldiak. Materiale hauetan barnatzean hala-holako euskaldun nahiz euskaldun-ohien etsipena baino halabeharra sendiarazten nindutelarik, gutisko aipatuak ditut orrialde hauetan.

      Bigarrenik, bigarren iturria, agerkariak izan dira, agerkari, gutunak eta liburu bitxiak Artxibategietan izan ohi direnetakoak. Egia da, ordea, bestelako laguntzak izan ditudala. Koldo Izagirreri zor diot Manezaundiren artikulu gehienen ezagutza, Pagolaren edizioa eginkizun zela. Aipa dezadan, esker onez ere, Aita Ixidor Baztarrika zena, Estibalizen zituen hainbat idazleren gutun eta artikuluak eskuetaratu baitzizkidan.

 

 

III

 

      Lan honetan azken bi mendeetako euskaldungoaren higatze, gutitze eta galtzearen prozesua ikertzen da. Bi lerrotan, letratu eta ez-letratuen baitan.

      Lehenari buruz esan behar da ez zuela, sekula, bere betetasun osorik gauzatu. Sortzapen osoki baldintzatu bat izan zuen eta jatorri hartan bertan bazekartzan bere beherapena eta heldugabetasuna eragin zituzten haziak. Euskal letrak Elizari zor sortu direla eta, areago ere, Elizari esker euskarak dirauela eztabaidezintzat jo izan da. Elizak euskarari ekarri diona maiz eta molde askotan errepikatu da; hemen ez da ekarpen hori gutiesten —ezta zalantzan ezartzen ere, nahi bada—. Alabainan, euskararen galtze prozesua ikertzen denez, hemen aipatzen eta azpimarratzen da berorretan elizak eragin eta ekarri duena, gure honetan batzutan ahantzi eta bestetan ikusi nahi izan ez dena. Mitxelenak euskararen iraupenari buruz zioelarik: «Elizaren laguntza hori —eragile nahiz eta interesatua, edota, interesatua zelako hain zuzen ere eragile [...]» hemen, egia hori ukatu gabe, baina mutatis mutandis, bereganatzen dira hitz horiek euskararen galtzeari buruz.

      Lehen euskal letratzea, Elizari —Elizei, oroit kalbinismoaz— zor gertatu zena, oso sui generis izan zen beste hizkuntzen letratzen hasierekin gonparatuz; honetan bazen besteetan ez ohi zen buru-gutiespen bat: «nic scribatu dudan lengoaje mota baita sterilenetaric eta diversenetaric [...]» dio Leizarragak berak ere. Lehen letratzearen xede horrek ekarri zion herri honi —sistematikoki lehen aldiz— diglosiaren berri. Halarik ere, hasiera berezi horrek ekar zitzakeen baliabideak askiestekoak zitezkeen egiazko kultura baten oinarriztatzeko, baldin eta hurrengo belaunaldiek huts egin ez balute; izanez ere, Ilustrazinoko mendean, botere ekonomikoan Hegoaldeak Iparraldeari txanda hartu zionean eta euskal loreztatze kulturala gerta zitekeen unean, gertatu zen huts egiterik nabarmenena: alde batetik erdararen alde osoki jo zuen kulturgose zegoen gure burgesia eskasak —“Azkoitiko Zalduntxoak”—, beste aldetik ustez euskararen alde jo zuenak erein zuen orain arte diraukigun sindrome akonplexatua, Larramendiren sindromea dei dezakeguna.

      Euskal letratua, beraz, berankorra izateaz landarat, ez letratua baino klaudikatzaileagoa izan da funtsean, aldez eta moldez. Eta esan gabe doa, beti iduri kontrarioa salduz badoa ere, letren goieredurik ezak —eta, jakina, gauza guzietan den euskal goi-eredurik ezak, piramide sozialean, politikan...— azkartu duela euskaldungoaren beherapen eta gutiespena.

      Horregatik, azken bi mendeetan euskaldungoaren beheititze prozesuan, bere aurpegi eta molde guzietan ikertuz, ageriagoak daitezkeen faktore sozial eta hertsiki historikoez landarat, ohi ez diren iturriez baliatu behar izan naiz: bertsolariak, toponimia, euskal gerlarien iduria denboraren barrena, gutiespenaren ondorioak...

      Guti edo aski azpimarratu da, erroitzeko hondoan den euskaldungoa ikertuz, euskaldun xeheak duen burugutiespenaren munta; lan honek —horri bere pisu ageria garbiki eta xeheki emanez— halaber oroitarazten du tradizionalki eta hasieratik euskaldun ez letratua baino akonplexatuagoak egon direnak eta —zinez, nahiz hitzez bestela adiarazi— beheititze horretan bide urratzaile gisa jokatu dutenak euskaldun letratuak izan direla.

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994