Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Modernizazioa larruan

 

      Elebitasunera heltzen da, euskaldun gordin izatetik erdaldun umotu izaterainoko bidaia prozesu bezala ikusten baita. Prozesu hortan elebitasuna bide-erdian da eta monolinguismo erdalduna amaieran. Zenbait, halere, elebitasunera doi-doi heldu da behar luketen hizkuntza gutti eta gaizki ikasten duela edota ikasten ez duela inondik ere.

      Gaurko bizimodutik, bizikera arrontetik at gertatu direnak, ez dira, elebarkartasunera heldu, ez dira elebidun, eta horiendako gure egin genitzake Bitoriano Gandiagaren solasak (1992, 199):

 

      Erdara ja beste kategoria sozial bat zen. Mediku, eskribau, botikario, maisu, apaiz eta «lanik egiten ez zutenena».

 

      Bitoriano Gandiagak berak (Mendatako «Orbelaun» baserrian 1928an sortua) plazaratzen dizkigu bizipen horiek haurtzaroaz hitz egitean (1992, 199):

 

      [...] [euskal arazoa] horrela hasten da. Status quaestionis. Non probatur: videtur. Eta nik ikusten nuen herriazen, ba, jende bajua, xume-xumea. Gure aita-amen mundua. Ze, gure aita-amek erreparoa zuten herriko idazkariagana joateko. Ze, herri txikiko idazkaria bera, gure herrian, erdaldun huts bait zen. Gernikara, medikutara jaisteko, aurreneko galdetu egin behar, euskararik ba al zekien. Ze, erdaraz gure aita-amak ez ziren sekula atondu. Mundutxo hori. Errukiz eta desesperazioz betetzen duen mundutxo hori [...].

 

      Hizkuntza galtzearen muga baztertze sozialarena dateke. Estatu modernoek eta ekoitz-sistema ahalguztidunek zokoratzen dituzten esparruetan bizi edo, hobe esateko, irauten du euskarak. Hiria ez dena, industria ez dena, administrazio ez dena, euskal herri gehienetan eskola ez dena, soldadutza ez dena, eliza ez dena, hitz batez aginte ez den hortan dukegu, batipat, euskara eta euskaldunen espazioa.

      Ikertzapen guti dugu sozialka eta lekuka aztertzen nor diren euskaldun hauek eta nolakoa den azken hiztun hauen bizimodua. Ezagun ditugunetan pobreenak gertatzen dira bere hizkuntzari atxikienak, halabeharrez, ene idurikoz.

      Zaraitzuko herrietako bat Otsagi dugu, Zoilo Moso Bezunartea (1902-1970) zenaren sorterria. Haur eta gaztezutua artzain eman zuen gizon horri esker (Estornes Lasa, 1985, 36-37) jakin dezakegu nolakoa zen bere bizimodua mende honen lehen hamarkadetan.

      Eskola guti izan zuen gure artzaimutil honek, besteren artean hamabi urte zeuzkanerako Erribera aldera joan behar izan zuelakotz ardiekin. Zaraitzuko bortuetan ardiak jeizten ez baziren aisa omen zen artzainen lana, ardiak segi eta kaso egin ez zitezela nahas besteen saldoekin. Jan-edan kontuetan urri: ogi, arno eta bilgorra, astean behin herrian erosia, urdakia etxetik eramaten zutela.

      Zoilok kondatzen dtienez (Estornes Lasa, 1985, 34):

 

      Xaten ginuen goizian bilgorra zopak eta egunazko ermaten ginuen ogi ta txula [...]•

 

      Arratsean, sarobeetan axuriak eman eta ongi irauski eta gero

 

      Gu gose eta egarri anitzekin sartzen gintzan kabañan ta lemizikorik xaten ginuen txula bana ta zako gaxoa arrapatzen ginuelarik zer desiurekin ipurdia ertsatzen ginakon egun guzian buruan ardoa txestatu bage! Gero berantago xaten gintzan bilgorra zopak ta kura zen abaria [...].

 

      Gauez, abendua eta urtarrilan batipat, gatiak luze eta hotzak beilaraziak jaiki, sua egin eta

 

beti kausitzen ginuen txutik eta uzkiz suari ta gero uzkialdea berotu ta itzultzen gintzan altzin aldean berotzra [...].

 

      Erriberatik ibiltzen zirela,

 

      [...] bizi gaxtoa egiten ginuen gaizki xanik eta gaizki lo eginik kabañetan [...]. Neguan xaten gintzan bilgorra zopak argitu gabe ta yagorik xan gabe faten gintzan mendiala saldoarekin ta egunazko eramaten ginuen ogi puzka bat mutxilan.

      Bedatsean eguna anitz hozatzen zelarik ta bero egiten duelarik ogia txukatzen zen anitz eta Erriberan ezpaitago iturri bat ere baizik balsa batzuk lurrean eginik [...] anitz aldiz ikusten nola pixa egiten zien balsa barnean tagero guk artsaldean, egarri egiten balinbaginuen, bearko ginuen balsan auspeska eseri ta ur bularri kartarik edan mando pixaz nasirik ezpaitzen berzerik.

 

      Zaraitzu ondoko ibarrean, Erronkarin, Antonia Anaut uztarroztarraren testigantza dugu (Artola. 1985, 80, 81, 89). Gaztaroan, Zaraitzu eta Erronkariko neskatxa aunitz bezala, Maulera joan espartiñen egitera, «trabajatra», hogoita sei urtetan ezkondu eta zortzi haurren ama. Bi neba zaharrak, Ameriketara joan behar izanak artzain, heldu eta laster zendu ziren, bata mendian ihortziri batek joa, bestea ekaitzaren ondorioz ordu gutiren buruan.

      Gure mendearekin batera sortutako euskaldunetan askietsiko litzaiguke bertsolarien bizien ezagutzea, batez ere hegoaldekoenak, baztertze sozialaren nondik-norakoez jabetzeko. Euskal Herriko mendebalean bertsolari guti dira. Horietako bat, Arratialdean duda izan gabe ezagunena, Basilio Pujana dugu (Zeanuriko «Zulaibar» auzoan, «Ugerkazelai» baserrian sortua 1913an). Berak kondatzen duenez (Pujana, 1986, 9 eta 22);

 

      Gure etxea eta bere lurrak parrokiarenak izan ziran, eta, iru urte neukazala, etxea erre egin jakun, anai zarrenak amalu urte zeukazala.

 

      Zazpi neba-arrebak eta gurasoak, ahal-nola, buru egin zioten biziari, Basilio Pujana zazpi urtetik aitzinat eskolan baino gehiago lurgintzan aritzen zela.

      Lur ez izanak eta orduko bizipenak azaltzen dizkigun bertsoek argiro adierazten dute bere haurtzaroko bizimodua:

 

      Gure etxeak mundu onetan

      uzabarik etzun euki

      eta ordezko izan ziranak

      danak etziren erruki.

      Etxea barriz jaso egiteko

      baeuken anbat atxaki

      ta bitartean erdi kalean

      guraso ta ume txiki.

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994