|
Euskaldungoa erroizturik
Jainkoa eta musekin
Sinbolo zakarregia, behar bada, Unamunok erabili zuena euskara mandoarekin erkatzean, Cervantes-ek aipatzen duen bizkaitarraren mandoa, hain zuzen, gertaldi hartan, ezagun denez, bizkaitarraren mintzaira —gaztelera egiteko era, hobeki esateko— eskarniatuz geroz bizkaitarra lurreratzen du eta garaitu. Bestetan, euskara ez da animalien eretzean ematen, landare mailan baizik, nahiz eta goraltzeko izan Alos-Torrea-ven aitzin-solasean bezala:
Alik ondoen egiten saiatu ba’naiz ere, ez det uste orrialde auetan apaingarri aundirik idoroko dezunik, gure mendeko euskerak darion garo usai mardula artu al-izango diozunik [...].[149]
Euskara izkiriatu ahal dela onartzen denetan gaiak ezartzen zaizkio muga. Agintariek ere bidezkotzat jotzen zituzten olerki eta halakoen euskaraz ematea, beste gairik ez, ordea. Argigarria dukegu[150] Jose Antonio Loidiren gertaldia:
[Irungo «El Bidasoa» agerkariaz ari dela] «[...] baginen euskaltzale batzuk, eta jendearentzat zerbait zalegarriagoa idatzi behar genuela uste genuen». Eta garai hartan Real Union futbol-taldea oso ondo bazebilen jokatzen, Jose Antonio Loidik futbolaz idazteari ekin zion. «Real Union 2 - Touring 1» izan zen kronikaren izenburua. Ikusi izan zen jendeak bazuela hura irakurtzeko zaletasuna. Beste kronika bat ere idatzi zuen errebistarako, baina hirugarrena ezin izan zuten argitara eman. Donostiatik etorri zen agindua, lore eta pinpilinpauxa kontuak baietz baino notiziarik ezin zitekeela euskaraz eman.
Erlijiogai xumeak bai, katiximak, kasurako, teologia liburu mardulak ez, ordea; alegiak, apika, istorioak, segur, laborantzako manuak baita eta besterik ez, hitz-laxoz, bederen. Poesiareko, berriz, hau da, egunerokoaz eta eginkizun praktikoez kanporako dohai guztiak aitortzen zaikio euskarari. Pio Barojak, kasurako, euskarari buruzko bere sentikera gazigozo batetik, honela ihardesten zion Unamunori:
Yo, de escribir algo efusivo, tierno y lírico del campo vasco, cosa que siento con verdadero fervor, escribiría versos en vascuence.[151]
Esan genezake bizia eta lurra ukatua olerkarien zeru zabala bere duela euskarak. Juan Valerak, espainol idazlari argiak ere, hartarako, erabilketa diglosikorako, bide ematen zion (Ninyoles, 1977, 58):
Haya en la península tres idiomas literarios (castellano, catalán, gallegoportugués) pero no haya más, ¡por los clavos de Cristo y las ánimas benditas! Esto no se opone a que de vez en cuando se componga alguna oda en vascuence [...] y hasta se inventen nuevos cantes gitanos y nuevas seguidillas y peteneras manchegas y andaluzas.
[149] ETXAIDE, Yon. Alos-Torrea. Donostia. 1949, 11 or. [150] J. A. Loidirekin solasean. HABE. Donostia. 1986, 27-28 or. [151] BAROJA, Pío. Obras Completas, VII atalean. Madril. 1942, 863 or.
Euskaldungoa erroizturik |