Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Elebitaratzetik elebakartzera

 

      Hiztunak bere baitaratua du iadanik ez beste hizkuntzaren beharra baizik eta delako hizkuntzaren ezinbestekotasuna. Karmelo Etxegarai idazkari euskaltzalearen hiletan, hona zer zioen Erramon Ormaetxea azpeitiarrak.[51]

 

      Egia da bere idazti geyenak erderaz idatzi zitula. Ez ordea euskera maite etzulako. Bere eginkizuna etxekoentzat bakarrik etzan: Ludi osoko gizadi orotzat bai zan. Tamalez aruntz-onuntzko atzerritar eta erritar asko-ixil-erazi bear zituan; bere Amaren etsaiak hainbeste dira! Eta jakiña: aruzkuak euskera jakin ez, onuzkoak, berriz, aztu ta ikasi nai ez, erderaz idatzi bear!

 

      Letratu euskaldun batendako, inungo ezbairirik gabe goi mailako hizkuntza espainol erdara bada Ludi osorako izkiriatzen bide baitzuen Etxegaraik, ez da miresteko eztabadarako hizkuntza ere erdara bada nahiz eta herrikideekiko izan. Beharraren lege hau hizkuntzari atxikienetan ikusten dugu, bestalde. Jose Martin Elordik (Atallu, 1915) zioenez:

 

      Guk erdaraz ez zekiagu, bainan aritu egiten gaituk eta haiek berriz erdara bakarrik dakitela eta, euskaldunei txotxolakeriak esaten.[52]

 

      Gobernu-hizkuntzak, erdaraz gure honetan, eskola, herriko-etxea, kaserna eta halako lege-esparruetatik zabaltzen da, euskaldunek noiznahi, nonnahi, eta nornahirekin hitz egiten duten neurri berean. Eskuharki, hirietan hedatu da lehenik biztanle guztiak elebitaratuz, handik labur nekazal eskualdeak atxikiz.

      Euskaldunek maizenik erabiltzen duten hizkuntza berri hori berenganatu dute azkenik. Hura da biziarena eta bere ametsena ere. Erabilketak sortarazi du ezagutza eta honek piztu hizkuntza berriarekiko leialtasuna. Olondriz-eko Manuel Villanuevak (Erroibar, 1901) zioenez:

 

      La lengua castellana es la principal que hemos aprendido y ésa es la que aprecio.[53]

 

      Arbelbide kalonjea zuzen zen lehengo mendearen akabailan ordezkatze-prozesoa deskribatzen zuenean (1895, 21-23 eta 28):

 

      Bai, erdaraz noiz-nahi mintzatzeko errebeskeriak errekarat garamatza eta makhur horrek diraueno, gure eskuara egunetik egunera galtzerat dabilke [...].

      Huna zer den ene beldurra: erdarari sobera trebatuz, Eskualdunek premia ttipitan har dezaten herriko mintzaira eta geroztik ezaxolaki bazterrerat utz dezaten. Ez zaiote iduri, ez askori holakorik gerta daitekela.

 

      Euskal hiztunek beste hizkuntzan solas egiten duten heinean, erdarak euskara ordezkatzen du espazio, denbora eta presuna horiengan, hortaz, bada, Arbelbideren arrengura, usaian, ihardunean ikusten baitzuen gakoa:

 

      Egungo egunean oraino ez ginuke gure Eskuara erdaran trukatu nahi. Bainan zombatenaz baikare erdaran usu mintzatuko, hambatenaz hartuko dugu harekilako trebetasuna eta amodioa, eta geroztik deus antsiarik gabe bere gisa utziko dugu Eskuara.

 

      Kanpoko hizkuntzaren egunerokotzea espazioen teoriak adiarazten digu aski garbi eta grafikoki. Llabur esateko: lurralde konkret batean bizi den hizkuntza galtzen da hainbat funtzio sozialetatik desagertu denean. Funtzio hauetan aienatzen da, berriz, hiztunen baitako jarrera nagusietan beste hizkuntza bat nagusitu denean. Espazioen teorian, hortaz, bi eratan gerta dakiguke lagungarri: espazio sinbolikoak eta hizkuntzaren funtzioak elkar lotzen dituen neurrian eta hizkuntz-galtze prozesua aldikatzen duelako.

      Gure egoera hau konpreniarazten digun lehen elementua espazioen bereiztea da. Espazio fisikoa, batetik itxia dadin, eliza bezala, zein zabala, karrika, edo plaza diren antzera, eta espazio sinbolikoak bestalde. Bigarren honi espazio linguistikoa deituko diogu, edo bestela esanik, beste elementu batzuk hizkuntzarekiko kokatzen diren kategoria.

      Espazio sinboliko honetan ditugun hizkuntz erizpidea, leialtasuna nahiz auto-gorrotoa izan («euskara ez da solasbide politikaz aritzeko; kamarero eta zakurrei beti euskaraz egiten diet») espazio fisikoan burutzen, gauzatzen eta zertzen dira. Zein hizkuntza erabili, gaiak, solaskideak, sexuak, adinak eta espazio fisikoaz ditugun jarrerek araberatzen dutela.

      Hizkuntza guziek, bestalde, badute —bizi behar badute— hainbat funtzio betebeharra, hori da Txepetxek (1987, 164-165) honelatsu sailkatu duena:

      7. GIZA-MINTZAIRA: (Ez dago besterik, edo ez da besterik ezagutzen).

      6. ZIBILIZAZIO-MINTZAIRA: (Badira beste batzu, baina ez bezain gure. Erdi-erak [erdarak] barbaroak dira).

      5. NAZIO-HIZKUNTZA. (Lurralde politikoaren hizkuntza ofizial bakarra eta hortakoz standar eta kulturala).

      4. “BERTO”KOA. (Bertokoa zenbaitetan standarren dialektotzat hartzen [edo izaten] dena «Ez du askotarako balio baina gurea da»).

      3. LANBIDE-KODEA. (Talde baten barne-mintzabidea).

      2. BARNE-HIZKETA. (Etxeko hizkuntza, familiarena).

      1. PENTSABIDEA. (Nortasun edo identitate hizkuntza «hortan pentsatzen dut»).

      0. ?

      Aldakuntza, bestelakatzea, ganbiamendua gertatzen da espazio konkretu batean garatzen den funtzio bera egiteko, kanpoko hizkuntza berdinkidetzat jotzen dugunean. Ordudanik beste espazio batean ihardukitzen ari gara. Denboraz, eta gizarte-prozesua izanki, hizkuntza bati ezinbesteko zaizkion betekizunak murriztuz doaz.

      Izanez ere, hainbat funtzio baitira gorago, aipatu zazpi maila horietan eta hizkuntza bat exotiko izatetik gure pentsamenduarena izateko bitarteko espazioak pasa behar dituelakotz, goiko identitate-hizkuntzaren mailak jaitsiz eta jaitsaraziz doan bidea. Edo Txepetxek (ibidem) dioenez:

 

      [...] consiste en analizar cómo puede un idioma pasar de ser inasequible a ser asequible; de ser extraño a ser reconocido; de ser reconocido a ser aprendido; de ser aprendido a ser interiorizado; y de ser distinto a ser parte de mí.

      Este proceso tiene lugar a través de una sucesiva ocupación de los espacios categoriales, mediante un proceso de sustitución de funciones.

 

      Euskaldungoa murriztu eta euskaldungoaren atxikimendua, beheratu bazen ez ziren arrazoinak eskas, Piarres Larzabalek behin zioenez, Eskual Herria, Eskualdunez gutiagotu baitzen, eta arrotzez gehiagotu. Urrunera gabe, bi Gerla Haundien artean aunitz euskaldun gazte urrundu baitziren Iparraldetik, Ameriketara edota Frantziako hiri haundietara, bizitzeko lanaren ondotik. Aunitzarrotz, berriz, Euskalerriratu, diruaren egiteko edo diru eginaz gozatzeko; ordurako, lehengo mendearen akabailatik, arrotzeria sartua zen euskal lurretan, udatiarrak itsas hegian, aragonesak Maulen...

      Alabainan, zein zen hasierako egoera? Nondik abiatu zen egoera gutitua sortu duen prozesua? Ikertu kasu guzietan, badakigu jendearen gehiengoa euskal hiztun elebakarra zela. Alabainan, erdaldunen gehiengoak segitzen du lehen bezain elebakar.

      Kasu guzietan, egoera gutitua, erdararen jabetzeagatik, euskararen elebitasun masiboaren ondorio zuzena izan da. Nola hedatu eta orokortu da erdararen konkurrentzia lehen euskal hiztun elebakarrez osatu biztanlego batean? Badakigu egun erdara dela ezinbestekoa eta beharrezkoa jende normalaren eguneroko bizi arruntean. Eta badakigu egoera gutitua baino lehenago inposatua eta behartua izan zela aparailu antolatu batek —bereziki Estatuak obligatu irakaskintzan. Erdararen konkurrentziaren hedapen orokorra gertatu da letragintzaren hedapen orokortasunarekin batean. Euskal hiztun elebakarrak iraungi dira, guti gora behera, analfabetoekin batean.

      Eskolaritate masiboa izan da, dudarik gabe, modernizazio ikuspegi funtsezko bat-lan industrialarekin guziz koherentea eta, esan gabe doa, zerbitzu militar obligatorioarekin. Letragintza eta erdararen konkurrentziaren orokortzea oso prozesu konplexu baten barnean daude. Nolanahi ere, zeregin sozial antolatua izan da beti; antolakuntza izan da, preseski, ezaugarri nagusia. Zeregin deliberatua, publikoki ezaguna eta zehazki programatua izan da.

      Euskal hiztunen elebidun bilakatzea eta elebakarren iraungitzea oso prozesu azkarra izan da. Euskal hiztunen eremu batzu despopulatu ziren, egia da; izanez ere, ezin bizizko eremuak egin ziren —analfabetismoa ezinbizizikoa egin izan den bezala.

      Zeregin sozial deliberatu eta ezagun bat izan da. Hitzaldi publikoak aipatu du aldiro “beharra”, eta euskal hiztunak elebidunak egin dira erdararen ikasketa “behar” izan dutelako. Jakina, erdararen beharrak ekarri du euskararen gutitasuna eta eskasgoa.

      Ezinago ageria da erdal hizkuntz komunitatearen hedapena gainditu duela bere hazkunde naturala. Komunitate hori, inmigrazio espezie bati esker, hiper-ugaldu egin da. Honen hazkunde extrak ez dakar, hala ere, euskal komunitatearen hazkundearen beheititzea. Elebidunen azpimultzoa hazten da ezinago bizkor eta, bitartean, euskal elebakarren multzoa gelditu da; ondorioz, euskal komunitatea sartzen da bestearen barnean. Gaur egunean, segurutzat ematen da irlanderaren hiztun orok dakiela ingelesa eta inori ez zaio gogoratzen suposaketa kontrarioa.

      Hizkuntzari gagozkiola, monoglota euskaldunak hola-halako elebidun bilakatuz doazela, bere seme-alabak erdaldun dirateke. Herri ttipietan, laborarietan, ganbiamendu bera gertatzen ari dela, guti dira ohartun, eta gutiago arrenguratzen direnak.

      Besta, jauntzi, dantza eta joko berriekin baterat, lehengoen jaustea eta euskararena. Ademak kalonjeak zioen bezala:

 

      Eliza batean, kantika frantsesak, [...] predikua ere frantsesez [...]. Besta hiru egunetan nihun kasik erreboteko partidarik gehiago jokhatzen [...]. Mutihikoska batzu karta frantsesekin jokotan eta frantsesez mintzo; [...] bertze andana bat ostatuan frantsesez kantu errepikan...

 

      Euskal herritarren aldetik, hizkuntza osoki suntsitu arteraino, ez da ihardokitzerik izaten.

      Are gehiago bada, maizenik «euskera ez jakitea, erdeldun-uts izatea, nexka koxkor artean, ospabide edo goiti-razle» gertatzen baita Tene Muxikak dioskunez. Hizkuntza arras galdua delarik, kasurik hoberenean, ezaxoltasun haundienaz ikusten dute bere mintzabide zena (P. F. Irigaray, 1958, 177):

 

      Erronkariko euskara il urren da, azkenetan dago; ango erritarrek erdaraz diote eta kopeta gora «se ha perdido», biozminik gabe.

      Erronkariar askoekin itz-egiteko aldia izan dutalarik, bati ez [Izabako bat] beste guztieri ezpada geieneri euskara galtzeakin ikasiago bere buruak agertzen dituztela iduri zeie.

 

      Aldi batez, gerta liteke, elebitaratze-minean hiztunek giroaren arabera jokatzen dutela, batez ere, bi hizkuntzetan trebeziarik aski erakusten badute. Arrizabalak, baso-mutil ibili zeneko oroituria liburuan (1979, 125 eta 132), miresten zen erdara zekiten lankideez bere nahiara egin zezaketelakotz:

 

      Nahi bazan euskeraz eta nahi bazan erderaz egiten zuten aiek [...].

 

      Eta aitzinago:

 

      Orbaizetako ta orko jendea ere, dezente zegoan, baiña aldetara berdin egiten aiek. Aiek bat euskeraz eta bestea erderaz, askotan jarduten ziran. Batek euskeraz zer edo zer galdetu, besteak, erderaz erantzun da ondo entenitzen ziren [...].

 

      Luzera, ordea, abantaila garbirik ez bada («harremanak, salerosketak, ospea, dirua, kargua, leialtasun politikoa [...]»[54]) halako elebitasuna ez da mantentzen ahal, hiztunak, harreman gehienetarako eta bere nortasun-hizkuntza bezala, hizkuntza bat bakarra hautatzen baitu.

      Egoera gutitua finkatuz geroz, erdara aski da —harreman sozial, ekintza eta aukera mota guzietarako balio duelako—. Erdararen baitako elebakartzea osoki bizigarria da —are abantailatsua da, edo, bederen, erosoa. Eta errefraktarioa da zeren euskara egin baita beharrik gabea; hainbatik hainbatean. euskal hiztunentzat ere, bere erabilera baztergarriagoa da, alditik aldira (esan nahi baita, soberestekoa) luzeran ere, garestiagoa da erabilgarria baino.

      Erdara aski da eta euskara soberestekoa da. Egoera honetan, baldin badira bi tresna eta haietarik batek (euskarak) balio badu gauza zenbaitentzat eta besteak (erdarak) gauza horientzat eta beste askorentzat, ekonomikoagoa izango da erdara bakarrik izatea, euskararen abandonatzea ez da galera izanen baizik eta aurrezkitzea.

      Elebitasunak ez du iraunen. Ezinago ageri da elebitasuna euskara bera bezain ezbeharrezkoa dela. Behar bada ez da belaunaldi baten bizitzan prozesu osoa gertatzen, baina errazki ikusten ahal da bi belaunaldien artean asko bizkortzen dela. Tipikoa izan ohi da irakasleek aholkatu izan dietela gurasoei erdaraz mintzatzea beren haurrei, arazo eskolar eta beste gisatakoen baztertzeko. Gurasoen erabakia bermatzen ohi da beren esperientzian, biziak berak irakatsitakoan.

      Elebakartzea bermatzen da, lehenik, elebitaratze prozesuan baina, behin elebitasuna finkatuz geroztik, egitura demografikoak berak egiten du dena. Euskal hiztunen sailkapenak adinez adin ez darakusa piramide bat baina populatze zahartu eta iraungitze bidean den baten islada. Populatze osoaren barnean euskal hiztunak nagusitzen dira zaharren artean.

      Hala-holako elebitaratzetik erdal elebakartasunera doan joerak euskararen hiztegi, aditza, joskera eta maila fonikoetan badu bere eragina; hizkuntza urrituz doa ahoskera bestelakatuz doan ber. Laurent Apesteguyk gure mende honen bigarren hamarkadan izkiriatzen zuenez, Erdaldun solas izenburupean:

 

      Dezagun erran hemen, bertzaldi batez, solasak hortaratzen bagaitu, hobeki cheha dezakeguna, asko herrichketan, eskualdun eliza kantuak nechka gazteek deramazkatela erdaldun mihi eta ezpain batzuekin. Pertsuez mintzo gare, ez aireez, nahi baginukeen aireez ere zer erran. Eskuarak badu bere soinu eta jitea, jite laño eta zabala, asko lekuetan tinkatzen dutena, ustez ederrago den.

      Hala nola R bat edo bertze daukaten hitzak hortzerik jali behar dire eta zintzur zolatik: orobat U edo A daukatenak, gozoki, mokoa luzatu gabe, ahoraon batez.

      Bainan bego hau geroko [...].[55]

 

 

[51] ORMAETXEA’TAR Erramon. «Etxegarai’tar Karmel», Euskal Esnalean, 292 zbk. Donostia, 1928, 53-59 or.

[52] F. Elorzak José Martin Elordiri egindako elkarketa, Egunkaria, 452 zbk., Donostia, 1992/11/22.

[53] BALDA X. et alia. «Manuel Villanueva Lusarreta, maestro cestero-collarero en Mezquiritz», F.L.V. 39-40 zbk., Iruña, 1984.

[54] Donibane Garazin, eredurako (Arrizabalo, 1979, 143), Nai bazan franzesez itzegiten zuten, nai bazan españolez, nai bazan euskeraz. Guk euskeraz egiten genduan... Azalpena, agian, Txepetxek adiarazten duena (1972, 202):

      Cuando hay una razón práctica para conservar el vascuence se mantiene con una enorme vigencia. Así sucede en Zugarramurdi, Urdax, Echalar o Valcarlos, donde les impele la necesidad de comunicarse con sus vecinos vascofranceses con los que hay numerosas relaciones comerciales. En la aldea de Aizaroz, en la Basaburua Mayor, de las 4 familias de la localidad, tres lo conservan por dedicarse al comercio y tener que tratar con gente euskaldun de toda la zona.

[55] APESTEGUY, Laurent. «Ilabetekaria», Gure Herria, 1920, BAIONA, 192.

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994