Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Eskolarat

 

      Hasmentatik, hasmenta hori XVIII. mende akabailan datatua, iduriarazten dute glotozidioa prozesu baragaitza dela, denbora laburrean konpontzeko auzia, leku eta gizatalde baten hizkuntza azkentzean. Tour de France par deux enfants izeneko elaberrian, Andre-k eta Julian-ek ez dezakete konpreni mintzatzen zaien mintzaira, Dauphine-ko leku batean, eta bere harridura erakusten dute:

 

      —Pourquoi donc tous ces gens de ce pays-ci ne parlent-ils pas français?

      —C’est que tous n’ont pas pu aller à l’ècole. Mais dans un petit nombre d’années il n’en sera plus ainsi, et par toute la France on saura parler la langue de la patrie [...][47]

 

      Batasun nazionala, ordea, ezin da obratu gobernu-hizkuntzaz (frantsesa Frantzian, gaztelera Espainian) kanpokoek ordura arteko bizia erakusten badute, traba gertatzen baitira instrukzione, garapen, aipatu batasun nazionalerako, hitz batez, zibilizaziorako.

      Eskolaren gain jarri dute, Pierre Bidartek ezin hobeki adiarazi duenez gorago aipatu makurren zuzentzea. Eskola bera Estatuaren meneko tresna delarik, estatu-mailako eraketaz, inspektoreek ezarritako larderiaz, eta hizkuntza frantsesarekin batean Hexagonoaren geografia zein historia nazionala (Jeanne d’Arc-en erakaspena, kasurako) ezagutaraziz.[48] Eskolatzeak, oroz gain, kontzientzia frantsesa piztu behar baitzuen.

      Kontzientzia berri bat sortuz doa. Franziaren meneko herrien bateratze kultural eta ideiologikoa, batasun nazionala, bat dator, 1830etik aitzinat industria frantsesaren garapenarekin merkatu nazional zabal bat ahalbideratuz.

      Izan ere, modernizazioa egiten duten osagaietan badugu bat Industriatzea eta Letratzea bezain ezaguna ez dena bainan bien, eta Harmada modernoaren, Harmada nazionalaren, oinarrian dena. Bizikerari buruzko zentzu berri batez ari gintezke Eskola, Harmada eta Fabrikek behartzen zuten larderiaz mintzatzean. Izanez ere, erakunde horiek eskatzen duten jende manaerraza ez da bapatean sortzen, ez eta ere nekazal tradizinotik, ez bada Eskolek hezten duten ohidura itsuan trebatu aitzin.

      Hizkuntzei gagozkiela badakigu erabilketan dela gakoa, erabilketa, berriz, espazio eta denbora orotan gertatu behar dela hizkuntza biziko bada. Behin eta berriro suertatzen denean, berez eta geurez egiten dugun zerbait dateke, halako ohikeria bat, Harmadan bat-bi urrats-neurkadak bezala, Elizan et cum spiritu tuo edota eta zure izpirituarekin ihardestea bezalaxe, manifa batean herria zurekin ihardets litekeen antzora, edo baita zuri ere lehen Jainkoak egunon dizula agurtu zaituen auzokoari.

      Eskolaren bidez, lehenik, euskal hiztunak harzututik ikasi du non, noiz eta norekin ari den ariorat zein hizkuntzan eta zer nolako kode eta traktaeran erabiliko.

      Esan bezala, estatu modernoen ezaugarrienetariko bat nahitaezko eskolatzea eratzean datza, gobernuaren hizkuntzan izaten dena. Ikasketa horiek ezinbesteko gertatzen zaizkie hiritarrei, legea, izkiriaturik azaltzen dena, ezagutu behar dutelakotz, bere jakineza ez dakiela estakuru bilaka legeak betetzeko tenorean.

      Legegileek, guka mintzatzen den Nazioa adieraren izenean, egiten dituzte legeak eta agintzen hezketa dela pentsakera publikoaren lehenbiziko tresna, hortaz, bada, gurasoei ezarritako eginkizuna: nahitaez semealabak eskolara bidaltzearena, alegia, inungo hiritarrak ez diezaiola, idazkera ez ezagutzearen karietarat, legeari itzuri. Aginduak, ahoz aldarrikatzen ziren ber konprenituak izateko, izkirioz-eta telebistak, oraingo pregolariak, ozendurik- dator estatu modernoaren legea, orok ezagutu eta obeditzeko.[49]

      Solas horiek, aipatu moldeetara lerratuak, behin, bitan eta milatan ikasitako lege sozialen arabera errepikatzean (etxean euskaraz, kasurako; eskolan erdaraz, bordariekin euskaraz; hirian erdaraz...) sortzen da gure hiritar modernoaren jarrera linguistikoa.[50]

      Hortaz, bada, larderia beraren garrantzia, San Inazioren Gogo Ihardukimendu-etan ibilitakoek ongixko baino ontsatto dakiketenez, edota V.I.U. Lenin Zer Egin liburuxkaren irakurtzaileak jabetu direnez, fabrika giroko hezketa eredutzat jartzen denean, langileek behar omen zuten larderia barrenatzen zielakotz.

      Sozializazioa, gizartearen iharduera egokien ikasketa, aipatu moduan suertazen delarik, hiztunek ikasten dute bereizten hizkuntza bat-bederaren funtzioa.

 

 

[47] Gérard Cholvy-k aipatua. «Des instituteurs du Languedoc-Rousillon parlent de patois en I860», Lengas, 3 zbk., Montpellier, 1978, 58 or.

[48] Egun langabean egoteko itxura badute ere, Vercingetorix, Roland, Du Gesclin eta halakoen gertakariak zerbait izan dira “Frantziaren historian; Viriato eta konpainia “Espainaren historian” zerbait izan ziren —eta diren— bezala. Ikus, eredurako, Chanson de Roland —espainol nazionalismoaren bertsioan Bernardo del Carpio delakoaren karietarat Christian Amalvik dioena:

      Ainsi cette orientation nationale, voire nationaliste, donnée à l’enseignement de l’histoire, dans les écoles primaires, et à l’étude des cehfs d’oeuvre de notre langue, dans les collèges, a eu sans aucun doute pour résultat, d’ailleurs recherché et escompté, de contribuer à forger chez les jeunes générations l’ardient patriotisme revanchard qui inspira leur enthousiasme guerrier en août 1914 [...].

      «La Chanson de Roland et l’image de Roland dans la littérature scolaire en France de 1800 à 1914». Bulletin de la Société des Arts et Sciencies de Bayonne. 1973, 86 or.

[49] Grégoire apezaren hitzetan: Le peuple doit connaître les lois pour les sanctionner et leur obéir.

[50] Hona hemen Xiberoari buruzko idazlan batean herrietako gazteez Artasok dioena:

      Haboroxenak frantsesez ari ditük. Etxekuekin ez, bena beren artian hanitx. Hori ohidüra bat dük, e, üsantxa.

      ARTASO, «Noiz jaikiko egiazko zuberutarrak», Argia, Donostia. 1991/III.

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994