Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Baserritarrismoa

 

      Krutwigek (1979, 149) baserritarrisrnoa «bilbotarren gamberrismoa» zela esaten zuen, beti hirietan bizi diren «burges batzuen pseudo-patriotismoz baizik» ez zela, gehituz. Baserriaren goraltzearekin batera baserritarrei eginikako irain eta iseka erabili dituzte bai euskotar abertzaleek baita ere Espainia zatiezinaren aldekoek.

      Hemeretzigarren mendean, horren maite zuten ikusmolde baten ariorat, hiria, produktu historiko bezala, gailendu zaio baserriari, eta hortaz, hiritarra laborariari ere.

      1936ko gerla-aitzineko kanta bilbotarrak oroitarazten digu laborariekiko mespretxua:

 

      Los que creían

      que eran aldeanos

      los que allá había

      se equivocaron

      que eran bilbaínos

      los que allá había

      Vaya Tiberio

      que allí se armó.

 

      Bilbotarra, seguraski mendira, erromerietara, joaten zen bilbotar bera, mindurik ikusten dugu kanta honetan labradoretzat, baserritartzat hartu baitute. Jebo-tzat garai bateko Negurikoen hitzaren erabiltzekotan.

      Basko erdaldunek bereizi uste dute euskara «ona» eta «txarra». Oskillasok behin (1984, 225) izkiriatzen zuenez:[140]

 

      [...] suelen afirmar con toda seguridad que en tal sitio se habla mejor que en tal otro, en tal sitio muy bien, en tal otro muy mal.

 

      Urrunera gabe, euskal nazionalismoaren fundatzailea ez zen gai euskaraz aritzeko (Krutwig, 1979, 104):

 

      Arana Goiri inkapablea zen euskaraz mintzatzen, phrasi bat egiten.

 

      Haren iduriko genituen Aranaren segizale frango, euskarari buruz teoriagile hauek ere, Eleizalde eredurako, edota Errazti «Jemein» (Krutwig, 1983, 104). Horiek asmatu zuten gure mendeko euskaldun gehienei konprenigaitz zitzaien euskara berria, hitz berriez josia eta Bilbotik, prentsan batipat, modu enblematiko batez zabaltzen zutena; baita ere Bilbon euskara hura ikasi berri zuten abertzale haiek herrietara, bestetara, nekazarien tartera joaten zirenean.

      Neolingua honi ohartzeko ikusi eta irakurri besterik ez dago, Hegoaldean, Errepublika garaiko kazetagintzak zerabilen euskara, edota modu irrieragingarri batez Xabier Kintanaren Ukronia kontakizunean.

      Egia da, bestalde, Oskillasok aipatzen duen gaisotasun hori ez dela euzkotar abertzaleen bereizgarria. Unamunok, eredurako, euskara guti baino gutiago jakinki[141] ez zuen bilorik ahoan bere garaiko euskal obrei buruz erizteko. Aipatu joera honen gaurkotasunaz, besteren artean, Espainiar Hizkuntzaren Erret Akademiaren kide den Gregorio Salvador-en esanak dituzkegu aipagai.

 

 

[140] Oskillasok testu berean dioenez:

      Habiendo estado en todos estos sitios y habiendo hablado largo y tendido con sus habitantes yo me sentía incapaz de hacer estas matizaciones y no podía comprender cómo personas que sólo conocían media docena de palabras en euskara pudieran saber qué clase de euskara era el bueno y cuál era el malo [...]. Hasta que por fin caí en la cuenta. Si al oir euskara percibían una palabra castellana que comprenden pueden juzgar la categoría del euskara que oyen hablar. La revolución purista llegó con ideas muy claras y caló hondo en la mente popular.

[141] Bere gaztaro berdeko olerki (?) bakar biek, hots, bere euskarazko obra osoak —kasik— erakusten digun heinean, bederen.

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994