Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Bizirik gabeko mintzoa

 

      Euskara adierazkabe suertatzen da gure mundurako, literaturak para lezakeen barren-bizitzarako, bainan nekazal giroko kontakizunik egin gogo duenak, ahal eta behar duen mintzairan, erdaraz, egiten badu ere euskal hitzak ekarriko ditu euskaldunen mundu hori idurikatu nahian.

      Federiko Garralda otsagiarrak bere ibarreko euskaraz[131] aritu aitzin Euskal Esnalea-n, «Ni len» izeneko kontakizun bat argitara zuen gaztelaniaz, bertan, halakoetan usaiako zen bezala, euskal hitzak plazaratzen zituela: modorrokeria, mentalde, xabalkoa, akuilu... eta hainbat erranera, beren itzulpenekin: Mogiadi fite, Madarikatu, Aisa, Egun on... eta izenburua bera.

      Agermolde bera ikusten dugu, bestalde, Dolores Baleztena, karlista ospetsuak 1938an, Leitzako Petrorena baitan eginiko istorio batean, aipu ttipi bat euskaraz dakarrena:

 

      El viento bochorno soplaba fuertemente. Bajo el cielo de un azul incomparable, se habían visto cruzar durante todo el día, bandas de palomas. Los chiquillos, en la plaza, mirando a lo alto gritaban sin cesar: ¡Usoak, usoak!.

 

      Izan ere, haurtzaroa, zahartzaroa bezala, denbora faboretua dugu hizkuntza zokoratuen praktikarako. Alma Vasca izeneko antzertian (Viar, 1934, 93/81 eta 66), Pantxikek euskaraz egiten dio baserriko neskameari, honek ere hala ihardesten diola: «Umetxua negarrez dago». Haurren mundua euskaraz datorkigu, seaska kantak eta esanak, kasurako, aipatu Pantxike hori, hirugarren ekitaldian bezalaxe: «Dirigiéndose a la criatura que está en la cuna. ¡Lo, ein lo! lastantxu neurije...lo!... sigue cantando a boca cerrada». Aipatzen ari garen obra berean Mariaren aitatxi den Migel Antonek kondatzen du zer nolako oroipenak ekartzen dizkioten bere haurtzaroan amarengandik ikasitako kanta haiek. Arrotz gertatzen bide zaizkio, alabainan, ilobari harekin izandako solasean:

 

      Maria: Yo como no las entiendo.

      Migel Antonio: Pues a tí también te las cantó tu aña, y tú misma madre. Y entonces bien las entendías. Como que cuando eras una pequeñuela así, que no levantabas dos palmos del suelo, todo lo hablabas en euskera. ¡Cómo se me caía a mí la baba oyéndote hablar con tu lengua de medio trapo, como los aldeanitos de los caseríos de alrededor de Aguirreolea!

 

      Garbi aski azaltzen zaigu zein den sortzeko, zerbait nolako den esateko, literaturaren egiteko baliagarri den hizkuntza, nahiz eta izkiriatzeko gai ez diren horiek, herritarrek oroz bat, eta, kasurako, pentsaera baten agerkari ezindua, haurre nabezala: Usoak, usoak. Gehiagorik ez. Goragoko aipuan, euskararen maila gorena odonimoak dirateke xabalkoa edo nekazal giroko hitzen bat usoak, irainen bat madarikatua edo erraneraren bat mogiadi fite zein abereei zuzentzen zaizkionak aida...

      Entsegu eta agerkarietan zabaldu zuten hizkuntza-jerarkizazioa, euskal hizkuntza bazter eta salbuespenetara kondenatzen zuena,[132] antzertian azaltzen zen klarkiago. Ez erabilera diglosikoan, xoilik, euskaraz egindako teatroan baizik, delako teatroak euskaldungoaren kontrako erasoak tresnatzen baitzituen.

      Joseba Rezola[133] ohartzen zitzaion teatroak Euskal Herrian bulkatzen zuen joera diglosikoari, euskaldunak isekagai eta bere mintzoa irri eragingarri itzultzen zuen teatroa, hain zuzen.

      Teatromolde horrek 1936ko gerla ondoa iraganik iraun zuen, halere. Demagun, eredurako, Donostiako Antzoki Zaharrean, 1968ko Santotomasetan, jokatu zen Beorraren ostikoa, Telesforo Monzonekoaren obra. Pastoral baten airean hasten zen honetan bi fraide eta perratzaileaz landarat —Monzoni horren laket zitzaion baserritarren giroan— herriko zozoa, herriko mozkorra eta behor-irrintzinak ditugu maitasun istorio baten protagonistak.[134] Horrelako antzespenek sortarazten zituzten burugutiesteaz izkiriatu zukeen Arestik (1986 [II], 97):

 

      Avergonzados de ser de otro ámbito cultural, veíamos su mala fe, su befa, su burla, como en tantas representaciones teatrales puede verse.

 

 

[131] Gaurregun, euskara, hiruzpalau jendetan salbu, suntsiarazia da Zaraitzuko ¡barrean.

[132] Tradizinoari, aitamen zuhurtziari, atxikitzen zaizkion esanak euskaraz doaz sarri, bai Campionen istorio eta elezaharretan, baita teatro ohiturista ea abertzalean. Alma Vasca izeneko irri-antzerkian erran zuhur batek indartzen du kontakizuna:

            Kaltea dakanak bizarra lepoan

      aipatzen du jokalari batek, erdarazko bertsioarekin batera, hura dela Butroeko harmarria oroitaraziz. Halako gehiagorako: VIAR, Nicolas de. «Alma Vasca» in Teatro Vasco. Bilbao. 1934.10 or

[133] REZOLA, Joseba. «Euzkel antzerkiari bumz». Euzko Gogoa, II urtea. Guatemala, 1954, Azaro/abendu. 195 or. Bertan dakarrenez:

      Lotsagarri bazan ere, izan da garai bat, euzkal-teatro piezak euzkeldunen kontrakuak zirenak, bi motatakuak: trufagarriak euzkeldunen bizkar parra eragiten zituztenak eta euzkal kutsu tantorik etzituztenak.

[134] Ez da harrigarri Xabier Bergaretxek obrari egin zion kritika hortitza:

      Baiñan zer uste dugu dirala gure baserritarrak? Baserritarrak eta gañerako euskaldunak ere, hori baño sensibilidade eta adimen fiñ eta sakonagoa dauzkate [...].

      «Noiz arte jarraitu bear degu gure buruari kalte egiten? Noiz arte ebasioko oitura eta itxura faltsuetara iges egiten?» Telesforo Monzon. Hitzak eta ¡dazkiak. IV. Donostia. 1986.328-329 or.

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994