|
Euskaldungoa erroizturik
Metahizkuntza eta bitxikeriak
Mariano Mendigatxak ez du Broussain hazpandarraren euskara entelegatzen, Azkueri kondatzen dioenez, Bidankozen, 1904/VII/29an eginiko gutunean (Estornes Lasa, 1984, 88):
Brousain hazparrenekuak oiltu zaitadan tarjeta bat uskaraz eskiribiturik, baya ezin ele bat entelega; parentesisen artean erraiten daitad erdaraz korren amaseigarnian bordaltan dela.
Erdararen bidez, gaztelaniaren bidez segurki, jakin du Mendigatxak Broussainen ezteien berri eta pentsatzen du erronkariera hagitz arradoa izanik Broussainek ere ez duela konprenitzen (Estornes Lasa, 1984, 88). Argiro azaltzen da, bestalde, euskal hizkuntzak ez duela inungo funtzio komunikatiborik betetzen:
Nola xinistian bainago karek ere ez diola entelegatzen ene uskara, korrengatik ez daud eskribitu, baya ezdakad antzerik; uste dud berze tempra batez eskribi, anke ez berze gaizagatik, solamente ta ekus tzan zerbait gore uskaratik.
Broussaini ez bide dio izkiriatuko, beraz, erronkariaren bitxia erakusteko ez bada. Hiztun horien hizkuntzaren mugak era askotakoak izaten dira, mintzamolde hortan ezin baitute beste hiztunekin iharduki, bere etxe eta ingurukoekin salbu (Artola, 1980, 54).
—Eta horren emazteak —galdegiten dio Koldo Artolak Josefa Karrika uztarroztarraren senarrari— ongi ulertzen du eta hitzegiten ere bai zerbait [...]. —Bai, sí, gore uskara, gore uskara; ahora, zie uskara ez, ez entelegatan ere.
Euskalki edo azpieuskalkiren baten berezitasunaren karietarat edo maiz sarri goretsi den hizkuntz-barietate lokal baten arrado eta banakaren estakurupean hizkuntza horren suntsipena azaltzen zaigu ere, baita jadanik elkarren artean aritzeko, ihardukitzeko, komunikatzeko tresna ez dena. Euskara halako meta-hizkuntza bat bilakatuz doa, kanpotik ikusten den mintzaira hortaz, keriak eta berezitasunak nagusitzen direla (Artola, 1980, 61):
[...] aber akabatu fite [...] fite, el fite vosotros no lo tenéis. [...] eragu zak fite, el fite es una palabra que ya, a lo mejor, quizá en Salazar, lo entiendan, pero ya en San Sebastián ya tenéis otra palabra [...].
«Xarde» etxeko jaunak segitzen du errak to eta zer duk lokuzioak Xiberotik nola ikasi zituen kontari. Hiztunak ohartu zaizkio suntsipen-prozesuaren ondorioei eta bere-baitaratu ere komunitate linguistikoaren aienatzea. Erronkariko azkenetariko euskaldun batek zioenez (Artola, 1980, 54):
Ez dago, ez, obro, ez; mintzatako ez dago, ez, «eragu za» o «xoazte kebenti» [...] «xoan kebenti» quiere decir: «vete de aquí», o eso, alguno que le digas, algunos entienden esas palabras, así, pero correcto para decir, hablar una conversación, así, en eso, pues no [...] eur ere.
«Xoazte kebenti» bezalako lokuzioetan akitzen da horien euskara, euskara guti zekitenena, zein ez erabiltzeaz ahantzi bide dutenena. Hortaz ohartun denak, bestalde, ez du bere burua behar bezain gaitua eleketa baterako ere, «eur ere» esatean. Ordu luze euskaraz eman dituen horrek, grabaketetan bilduak direnak, solasaldi gisako baterako ez du bere burua ikusten. Erdalduntze-prozesoan gertatzen direnetan baditugu euskaratik hitzez-hitz egindako itzulpenak, euskal iraganaren lekuko eta euskal-hiztun izandako haien mugen erakusle. Bizkaian, kasurako, Emiliano de Arriagak,[182] Mikel Zaratek, Maitena Etxebarriak eta Jokin de Pedrok aztertu dituzte arazo hauek. Azken honen adibide batzuk plazaratzen ditugu ondoren: No tienes mala / Ez daukazu makala-ren moldaketa dirudiena Le hice fuerte para que vendría / Gogor egin neutsan etorteko delakoaren itzulpena datekeena Tomó un golpe l Erdaraz kolpeak eman eta euskaraz hartu egiten direlarik Hacer mal / euskal lokuzioak on egin eta gatx egin direla. Hondarraldi honetan alor guti batzutako hitz guti batzuk besterik ez ditugu. Eraul eta Abarzuzan ikazkinek bakarrik egiten zuten euskaraz XIX. mende erditsuan (Satrustegi, 1991, 121). Federiko Lander, 1903an sortua, oroitzen da mutikotan erabilitako euskal hitz batez mañana cherrizay, a casa del vecino esamoldean. Eraulen euskarazko azken hitza, iduriz. Bilbon, gure mende honen hasmentan, baziren herrietarik etorritakoetan haurtzai edota ugazama izatekoak, erdaraz la orzaia izenez ezagutzen zirenak, sona haundikoak Bermeokoak eta erdaldunetan Guriezokoak gertatuz. Hiztunik ez bada bere nekazal munduko hitzek irauten dute. Demagun Guillermo Zugazua, Zuhatzukoa, (Aguraindik hiru kmtara. dagoen herria), erdalduna hortaz, bere lanbideren karietarat, halere, artzai honek
[...] euskarazko hitz dexente erabiltzen ditu: la eskorta, los aranes, los sogormines [...].[183]
Glotozidio prozesoaren hondarretan hitz guti batzuk dira garai hurbil bateko hizkuntzaren lekuko. Gero ezta horiek ere. Manezaundik 1930ean[184] ekartzen zuen Nafarroarena:
Duela ehun urthe Iruñe bazterretako herrixketan etzaiteken kausitu erdaldun bat, eta orai herri horietan eskuara da hizkuntz arrotza! Gelditu diren hatzak dira anitz hitz erdaratuak eta eremuetako eta menditako izenak dabiltzalaik akhuloa eskuan alhorretako lanetan: aida, hots, behia [...], eta holako, bainan ez besterik. Bere ahoetarik jalitzen dira zuzenik jakin gabe heien mamia.
Glotozidioaren azken aldian, zenbait hitz, hauek ere aienatu arte, gertatzen dira euskal gizataldearen hizkuntzaren lekuko. Lantzen gonbarazio baterako, «Egizu zuk Maria» kanta 1970eko hamarkada-hasmentan, herri hortako zaharrek bere haurzutuan ikasia edota «Lau enbido. Ordago. Iduki» (Latxaga, 1973) musean erabilia.
[182] Emiliano de Arriaga, Lexicon Bilbaíno, Madrid. 1960. Mikel Zarate, Influencias del vascuence en la lengua castellana. Bilbao, 1976. Maitena Etxebarria, Sociología urbano. El habla de Bilbao. Salamanca, 1985. Jokin de Pedro, «Getxo eta Bilbo inguruko erderaren euskal sustratoa: jaso gabeko material gehiago» in Euskeraren Iker Atalak, 3 zbk. Bilbo, 1985, 139-140 or. [183] Felix lbargutxi, «Ordiziako saria Opakuaraino joan zen». Zabalik-El Diario Vasco, Donostia, 1992 / Irailak 16ekoa. [184] Enrike Zubiri «Manezaundi», «Nafarroatik» in Eskualduna. Baiona, 1930/ V /2
Euskaldungoa erroizturik |