|
Euskaldungoa erroizturik
Gerlari euskaldunen izakera (II)
Europako kolonialistek indio amerikanoetan kausitzen zuten bihotz garbia eta maleziarik gabea beste zenbaitek herri ttipi eta guti ezagunetarako asmatzen zuten. Esan gabe doa hogengabetasuna zozo izatearen mugakide dela batetik, kasurik hoberenean heldugabekoen ezaugarria izanik. Herri primitiboak, bestalde, Humanitatearen haurtzaroan bizi badira, herri horietan sortuak haur bezalatsukoak dirateke: prestu, gisako, zurikeriarik gabeak, onez onak[96] eta tzarrez tzarrenak. Euskaldunak haur-eritasun hortaz joak azaltzen zaizkigu ez bakarrik Espainia zatigaitzaren aldeko historiagileetan, baizik eta euskal abertzaleen idazlanetan ere. Antonio Zavalak ekartzen digun gertaldi bat argituko digu hortaz. 1859-69 urteotan Espainiak Afrikan zeraman gerlarako soldaduak behar zituen bainan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bolondresak izaten ziren, ez behartuak, Foruak hola bideratzen zituelakoz. Gipuzkoan, bolondreski mutil guti agertu zela-ta bertako Diputazioak kinto deitu eta zotz egin gogo zuen. Oiartzungo mutilek ez zuten holakorik onartu, Herriko Etxera sartu, zotz egiteko kutxa lurrera egotzi eta ihesi joan ziren mendira; Foruen kontrakotzat jotzen baitzuten Gipuzkoatik at joan behar izana gatazkatzerat. Gauzak horrela, Pirala historiagileak kondatzen du nola Manuel Somozak, Gipuzkoako korrejidoreak, onbideratu zituen mutil haiek, Lehenbizi, Oiartzungo alkatearen bitartez, mutilak beren etxeetara bilaraziz. Ondoren, mutil haietan buru egiten zutenak bildu eta, Zavalak dakarrenez:
erritan asi zitzaien, berariz noski, ustel batzuk zirala esanaz; kobarde hutsak alegia, moroen bildurra besterik ez zutenak [...]. Eta mutilak orduan, akuilukada horrek eraginda, voluntario joateko beren izena eman [...].[97]
Horra bada, zirikamendu pedagogiko baten bidez —salbaiak edota haurrak bezala tratatzean, hortaz— bilarazi bide zituela korrejidore horrek behar zituen soldadoak. XX. mendean, Ameriketan, BASQUE hitza ARTZAIN-aren sinonimo bilakatu zen bezalaxe, XIX. mendean, euskaldunak gerlakotzat aurkezten dizkigute, bihoztoi, erne, garratz. Iparraldean Frantzestadaren urtetarik, Hegoaldean Karlistaldietatik eta baita ere Kuban, Filipinetan eta Afrikako gatazka inperialistetan partaide izatetik. Frantses euskaldunek parte hartu zuten, Frantzestadan, Madril, Salduba eta Balentziako erasoetan, 1807-14 urtetan. Madrilen, «xapel eta txupa gorriekilan gu jinik plazara» nabarmendu ziren herri-olde espainolen kontra, hainbatek bizia galdurik.[98] Balentzia aldean ere gudukatu zuten Harisperen euskal ihiztari hauek sona eta ospe haundia berenganatuz, jazkera eta oihu eta irrintzinez gainerat, erakusten bide zuten kuraiaz.[99] Harispe baigorriarra, gonpara genezake, bestalde, frantsesen kontra sortu ziren Longa, Mina, Jauregi, eta beste gerrillero euskaldunekin, bai jatorri sozialetik —laborari apalak baitziren— baita harmadan segitzeagatik eta XIX. mendeko gerla gehienetan parte hartzeagatik, hortaz, eta azkenik, euskaldun gerlarien iduripena finkatzeagatik.[100] Horrelakoak ugari dituzkegu, Manuel Irujok Inglaterra y los Vascos liburuan ekartzen duen lekukotasunaz lekorat, badira frango XIX. mendean zehar. «Biba gure España ta español guztiak» izenekoan, kasurako, «gerra gustokua degu» dakarrena.[101] Hauekin batera, Jean-Isidore Harispe harma-gizon ospetsuaren ohorez egindako bertsoetako lehenak dakarrena:
Harizpe jenerala, euskaldun garbia haren plazera baita gerlarat joaitea.
Ehun urte iraganik antzerako gogoetak biltzen dira Lehen Gerla Haundiaren ondoko urteotan Iparraldean, Hegoalderako 1936-39.ko urteei buruzko oroituria-liburuetan, Rafael García Serranoren baitan kasurako eta baita ere 1969.etik aitzinat, Euskadi ta Askatasuna erakundearen karietarat, frantsesez eta ingelesez publikatutako kazeta-lan eta elaberrietan. Tai-gabe ari gintezke. Hona hemen Ernest Bois-Le-Comptek dioena:[102]
La guerrilla es su situación predilecta. Un navarro en guerrillas, con un fusil en la mano y vino en abundancia, se encuentra, puede decirse, en estado normal.
1903ean, Frantziako Gobernuak kristau fedea euskaraz irakastea debekatu zuelarik, Iparraldeko hainbat kargudunek (deputatu, senator, kontseilari...) eskabide apal bat egiten zuten euskararen alde, aldi berean, separatismo moetak oro gaitzesten zituztela. Argudiatzen zutenetako pondu batean euskaldunen, menditarren, kuraia aipatzen zen:
Existe-t-il de meilleurs soldats français que nos montagnards? Le maréchal Harispe, Michel Renaud, Pradet-Balache, l’amiral Jauréguiberry, eta tant d’autres dont se glorifie notre cher pays n’étaint-ils pas d’excellents patriotes?[103]
Lehen Munduko Gerlan —Gerla Haundia deitzen zutena— suertatu ziren ganbiamenduez, soldaduzka onartu eta gerlara joan-beharraz, hortaz, lekukotasun frango bil genezake. Bat, J. B. Etxarren-Lohigorriren elaberri batean (1985, 133-134) dakusaguna. Hartan herri ttipi baten giroa azaltzen zaigu lehengo mendearen akabailan eta gurearen lehen urteotan. Badu pasarte bat bi soldadoen gogoeta eta sendimenduen kondalari baita familietako giroa harmadari zor zaizkion eginkizunak direla-ta:
Egun batez Harrizurik erran zion holako ezinbertzez okaztaturik: «—Errazu, Laurentx, Arnegiko zubian bagina orai? —Hik errak!» Alta bazakien arras ontsa holako jukutriarik etxekoek ez zutela nihundik ere onhartuko. Juanesek ez ziona erran egun batez: «Desertur joaten ikusi baino lehen, nahiago dut ene semea hilik ikusi.»
Espainiak XX. mendean egindako gerla kolonialistetan sendimentu espainoltzaleak bulkatzen zituen agerkarien bidez batipat. Woolmanek dioenez, 1920eko hamarkadaz, (Woolman, 1971, 48):
Con el apoyo entusiástico de la prensa, la campaña marroquí fue presentada al público —público aquejado de una general apatía— en forma de cruzada religiosa. Una ola de propaganda chauvinista inundó España.
Urte haietako dugu ere Franco jeneral gaztearen ahapaldi famatu bat. 1924ean, uztailean, Primo de Riveraren aitzinean Francok egin zuen hitzaldian isuritako odolean, odol espainolean, noski, funtsatzen zituen Espainiaren eskubideak Afrikan. Besteren artean ondokoa esan zuen (Arraras, 1938, 100):
Marruecos es tierra española porque ha sido adquirida al precio mas alto y con la moneda más cara: con sangre española.
Aburu horiek barneratzen dituenak, hola, beste horiek ezarritako moldeetara, ikusten du bere burua. Estereotipo horiek ikusteko parada ezin-hobea ematen digu Jose Azpiroz berastegiarrak Gogoz kontrako pausoak izeneko oroituria-liburuan.[104] Protagonistak kondatzen dizkigu bere ibilerak 1936eko gerlan, falangistekin lehenik eta Harmada frankistaren 62. Division-ean beranduago. Aitona izenordeko jenerala, Azpirozen ereduaren hobeslea azaltzen da esanez eta euskaldunak ondo manaiatuz geroz arras leialak direla; Azpiroz berastegiarraz, kasurako, hala dio:
De los vascos algunos dicen que son traidores. Conmigo no. Hay que saberlos tratar. Yo lo sé y con ellos voy a cualquier sitio. Aunque me pase algo, ya sé que este muchacho no me abandonará. Aunque sea, me llevará al hombro.
Protagonistak kondatzen du nola ekartzen dizkion adreiluak bero Aitonari, esnea, Azpiroz berak jeitzia, zein kontent daraman gerla, jeneralak baimena eman baitio, «iguala edo haundiagoarekin» ez denean «de usted» hitz egiteko, ez «de vuecencia». Jeneralak, berriz, noizik behin Domecq, tabako eta aniseta botilaren bat pasatzen dio. Azpirozen eginkizuna goraipatzean, honela dio:
Pobre hombre. Antes, en Teruel, me salvó del frío calentando ladrillos y ahora quiere hacer de ascensor.
Urteak pasata elgar ikusten dute berriro Donostian,
Oh Azpiroz, mi fiel enlace...
esan omen zion orduko hartan. Gerlari horietan gaindi zerbitzari leial baten seinaleak ikusten ditugu, baita ere soberaxko pentsatzen ez duen gudukari batenak, izan ere, pentsatzea ez omen da euskaldunen bereizgarria, leialki zerbitzatzea, gudukan aritzea, bai, ordea.
[96] Nolarebait, Larramendik gipuzkoarrez eta bizkaitarrez zioena: Tratados bien son admirables para amigos, son fieles, secretudos, serviciales [...]. [97] Kubako Gerra (1859-60), Tolosa, 1977, 20-26 or. [98] Haurrak bezala pentsatzeko bainan azkarrak gudukatzeko. Pariseko Biblioteka Nazionalean dagoen esku-izbribu batek dioenez: Pendant ses séjours à Bayonne, Murat s’était formé una garde d’honneur de trois cents Basques: ce bataillon, dont le costume rouge était façonne dans la forme nationale, se composait de l’élite du pays: il donna des preuves d’intrépidité dans plusieurs rencontres et notamment à la prise de Madrid: peu de ces jeunes gens revirent leurs foyers. Esku-izkribu hau Les Français à Madrid, en 1808 izenekoa Antonio Zavalak aipatzen du (1991, 27). [99] (Zavala. 1991, 48-49) Harisperen ondorengo batek, M. Albert Dutey-Harispek zioenez, Baigorri, Baigorri oihu egiten omen zuten Harisperen mutilek, etsaiari erasotzeko. Azkuek, berriz, zera dio: Por tradición se ha conservado este otro [grito] más enérgico, muy en consonancia con aquellos tiempos y [...] con los nuestros: Hil edo bizi ta oro zori [...]. [100] Azkenaurreko testigantzaz lekorat, ekar dezagun Conde de Toreno-k bere Historia del levantamiento, guerra y revolución de España liburuan dioena: Impacientado Moncey, destacó por su izquierda y del lado de la sierra de los Ajos al general Harispe con vascones acostumbrados a trepar por las asperezas del Pirineo. Encaramáronse, pues, a pesar de escabrosidades y derrumbaderos y arrollando a los guerrilleros, facilitaron el ataque de frente [...]. [101] Gure euskaldun maiteak orain da denbora esan biotzetikan Españolak gera gerra gustokua degu guztiok batera segitu aurrera Zavalak dakar, Afrikako Gerra-n, 43 or. [102] BOIS-LE-COMPTE, Ernest, Essai historique sur les provinces basques. Bordeaux, 1836. Idoia Estornes Lasak aipatua, Carlismo y abolición forai, Donostia, 1976, 85 or. [103] M.A.N. F 19 550. «Extrait du Journal de Saint-Palais et raport du préfet au président du Conseil». Pierre Tauziak aipatua, «La III Republique et l’enseignement religieux en langue basque (1890-1905)» in Bulletin de la Société des Seiendes Lettres et Arts de Bayonne, 1973, 378 or. [104] AZPIROZ, Jose, Gogoz kontrako pausoak, Donostia, 1989, 85, 115, 134, 190-191 eta 236 or. Handik hartuak ditut goian plazaratzen ditudan aipuak.
Euskaldungoa erroizturik |