Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Agurrak euskaraz

 

      Ez dakit Mitxelenak aipatzen duen Peruko euskaldunen euskara talde-hizketa bezala erabiltzen zuten[188] edota egia den Espainiako Karlos Lehenak, bere idazkari euskaldunekin ikasi zuela, isilpeko hizkuntza hartan zerbitzariek ez konprenitzeko gisan, aipatu idazkari euskaldunekin berriz solasean aritzeko. Ezaguna dugu, haatik, Manuel Larramendik behin baino gehiagotan tresnatu zuela horrela, eredurako, 1745ean Donostian argitaratu zuen Hiztegiari egin zion gaztelarazko hitzaurrean, Hiztegi Hirukoitzaren 214. orrialdean, hortaz, ondokoa dakarrela: «Euskaldunai osasuna» «Uste du gure urliac (aditzen nazue, nori nagocán, beguira, ez ni salatu...»

      Kritiken eta zentsuren uxatzeko nonbait, apezkide eta agintari zeuzkaten fraileenganako gibelasmoek bulka zitzaketen ohituraz kanpoko erabilketa hori. Mende hortako beste izkirio bat dukegu aipagai. Valladolid-en egina da, 1783ko uztailak 11n datatua eta Joseph Ignacio de Santo Domingo y Echeverriak igortzen dio Peñaflorida kunteari.[189] Nire Nagusi Jauna hasten den gutunean agurrak erdaraz eginez geroz euskaraz segitzen du Probintziaren foruen kontra izan litezkeen neurriez diharduela. Hirugarren pasartean ematen digu aditzera zergatik izkiriatzen duen euskaraz:

 

      Señor, no lleve V. S. a mal mi resolución, pues que hablo eusqueraz euscaldunic aundienarequin, eta ezda asco, Euscaldun sutsubat cerbait esatea, esanarequin edosqui ceban gauzagatic, jaquiñic, are gueiago, norequin diarduban. Solo deseo saber que es lo que hai en tanto embolismo como corre, y me están cada día estos Gaztelau motzes mortificando conque de esta hecha voló toda fachenda. Ez arren. Espero se tome V. S. el trabajo de decirme (Eusqueraz, emen inore aditu ez gaitzan) a que se reduce todo esto.

 

      Euskaldun haien lekukotasun baterako, hona hemen Mexikon, XVIII. mende erditsuan, euskaldunen alaba batek, Juana Ines de la Cruzek bere poematxo batean izkiriatu zuena:

 

      Galdu naiz, ay que se va

      Nere bizi guziko galdu naiz.

      Guazen galanta contigo

      Guazen nere laztana [...].

 

      Euskal hitz zenbait erdararekin nahasita emanda ere, bere guraso handiki haiengandik euskara ikasi zuela azaltzen zaigu. Mende bat beranduagoko testigantza, bainan, oraingoan, Perun bizi zen jesuita euskaldun batena, Andima Ibinagabeitiak ematen digu Mundu berriko euskal idazleak idazlanean Caracaseko Centro Vasco-ren 1967-eko urtekarian publikatua.

      XVIII. mendeko agirietan aski eta abasto daukagu erabilketa moeta hau nolakoa zen jakiteko. Apez, lurjabe eta burges hauen gutunetan konfidantza marka bezala ikusten dugu euskara, etxe-barne hizketa (ona eguan mutilla), talde eta isilpeko hizketa bezala ere, gure adieraren inguruan eskuharki (gure faborecoa degula gauza onetan Erregueren itza eramaten dabena). Zernahi gisaz erabilketa murritza gutun-hasmenta zein hondat hitzeta agurrei edo lur-emaitzen izenei mugatzen baita erdal izkirioetan barne. Euskal testurik ez izateak adiarazten digu, bestalde, ordurako, XVIII. erdialderako, euskarak zuen sehi funtzioa Euskal Herriko klase agintari baitan.

      Euskaltzaleek, Juan Antonio Mogelek bezala, ez zuten idurikatzen euskara kultur-hizkuntza bezala, hortaz, bada, bere izkribu nagusiak erdaraz izkiriatzea; ez ere hizkuntz izkiriatua bezala —non ez zen zabalkunde politikorako edo herri-oldeak elizaratzeko—, honen karietarat, agian, bere arteko gutuneria gehiena erdaraz izatea.

      Gure mendean, euskaldun eta euskaltzale zirenen artean ere, ez zuten, arrontki, euskaraz elgar izkiriatzen. Hunat, eredurako,[190] Luis Dassance Eskualtzaleen Biltzarra-ren lehenak aditzera eman zuen Jean Hiriart-Urruty-ren gutun bat (Hazparne, 1902/1/2) L. Dassance berari igorria. Data, lekua eta agurrak euskaraz, lehen pasartea ere bainan bigarrenean: «J’ai perdu les imprimés que vous m’avez adressés. Alors! zeri [...] zer ihardets?». Frantsesez segitzen du bainan pasarte beraren amaieran: «Gerokoa gero comme eût dit Atchular». Eta adioketan: «Zuekin. Hiriart-Urruty Apheza». Esan gabe doa biak euskaldunak zirela,[191] letradun, Dassancek mintzatzeaz lekorat euskaraz izkiriatzen zuela eta Hiriart-Urruty apeza Euskal kazetaritzaren aita deitua izan dela, bere euskarazko izkirioak inoiz biltzekotan hainbat liburutako lain izanik.

      Argigarri, segitzekotan, Pierre Broussain-ek R. M. Azkueri igortzen diona:

 

      Vous pouvez écrire tranquillement en castillan au pére Arbelbide...

 

      Georges Lacombek ere erdaraz izkiriatzen zion Broussain-i postscriptum-en bat salbu.

      Hizkuntza izkiriatua ez bada, latz kultur-hizkuntza dela eritzi. Kulturari datxezkion gaiak erdal hizkuntzari zegozkion ahoz eta idatziz. Euskaltzainek, eredurako ere, Federiko Krutwigek Euskal Akademia berrantolatu arte, gerla ondoan, erdaraz egiten zituzten bere bilkurak. Alde hortatik interesgarria da Mitxelenak, Mikolas Ormaetxea Orixe-ri buruz kondatzen duena, esanez eta euskaltzainen harekiko harremanak erdaraz izaten zirela.

 

 

[188] Ikus daiteke ere Patxi Altuna eta Joseba Andoni Lakarrak publikatu duten Larramendiren testu bilduman: Manuel Larramendi euskal testuak. Andoain. 1990, 21 or eta ondokoak.

[189] Gutun hau Julio de Urquijok R.I.E.V.-en eman zuen argitara 1925ean, 551-552 orrialdetan.

[190] Charrittonek aipatua (1985, 68 or, 87 ohar.).

[191] (Ibidem, 88 or, 221 ohar.).

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994