|
Euskaldungoa erroizturik
Osasuna
Eguneroko bizimodutik ohildua euskalduna etsirik bizi da eskola, kaserna eta eritetxeetako hizkuntzara hortaratua. Delako hizkuntza hori ez dakien heinean, besteren isekak pairatuko ez baditu, isiltzapenera bilduko da. Uzkur eta herabe azaltzen den eria arront ezaguna dugu, bere bizipenak, besteren artean, bi miriku-idazlarik kondatu digutela. Jean Etxepareren aburuz (1985, 197) uzkurtasun hori ez datorkio euskaldunari frantsesa ez jakitetik, «ez da frantsesaren murduskatzen ez dakienik», baizik eta euskalduna izatetik, «Uzkurtasun hunkigarri hori [...] Eskualduntasunak dako emaiten [...]» Bainan hona ekarri nahi nuenerako, derasadan, erien miresmenari oharzen zaizkiola bai Etxepare eta baita Larreko ere, aipatu eriei mirikuek euskaraz egiten dieten aldikal gertatzen dena. Hain zaie bitxi gertatzen eliza ez den espazio publiko batean, leku ofizial batean, euskaraz entzutea![163] Beste mintzairarekiko arrontasunetik urrun dagoke euskara eta hola ikusten dute euskaldunek. Hortakoz, bada, erien harridura eta, denaren esateko, gure miriku-idazlariek erakusten duten aita gisako behako urrikalkorra euskaldunak deskribatzean (Etchepare, 1985, 197-198):
Ospitaletan ohatuei bizpahiru egunez beha egoitearekin errex da ohartzea badirela hetan mutiko gotor batzu, ixilik daudenak ardura, apur bat gogoetatuak; herabe, edozoin manuri gogotikago, umilkiago, lasterrago ukurtzen diren batzu. Galdegitearekin: «Et toi, d’où es-tu?» ihardesten dautzute: «Du Pays Basque». Galdegilea eskuaraz hasten balin bazeie orduan, zer atsegina heientzat! Zer atsegina euskaraz ele emaiten deienaren berarentzat! Odolez, sinestez, mintzaiaz, ohitzez berdinak, horra berehala bat ala bertzeak haurrinduak, gerlako izigarrikerietarik uste gabean gozatuak, kasik aneia.
Ildo beretik, aipa genezake «Larreko» idazlariak jasotzen duena (Irigaray, P. F., 1958, 190):
Erdaraz ari nintzaion eta argitasunik ez nuen erdiesten ahal, eta huntan, oroitu nintzen euskalduna zela; euskaraz asi nintzaion eta berehala ohartu nintzen erdaraz baño argiago entzuten zidala eta keñuka, irri-zuri batean, aditzera ematen zidala erdaraz baño geiago.
Eguneroko erdal mundu ofizialetik urrun, arima erratu baten antzora, bizi den euskara noizbait gorpuzten da mirikuren baten baitan, eriak mirakulu baten aitzinean sendiarazten. Hitzak, orduan, Ebangelioan bezala, senda lezake, kasik, eria (Etchepare, 1985, 198):
Ordu beretik, bere lagunen sendatzeko artazalearentzat lana erditaratua. Hiltzera zoazinak berak, bizkortuak.
Berrogoi urtetsu berantago antzerako iduripenak zaizkigu, 1967ko artikuluxka batean irakurtzen dugunez:[164]
Yoan nintzen bein Iruñeko Ospital Nagusira nere erritar bat ikustera [...]. Ni ikusi ta oso pozik gelditu zan. «Emen naizela bi illabete pasa baditut»; eta or ikusten diot negarra eskapatzen zayola. Galdetu nion orduan: Oñaziak badituzu? «Ez, ongi nago», erran zidan. Denbora guzian euskeraz aritu giñan, eta denbora guzian negar malkoak begitik beiti dariola egon zan [...]. Urte batzuen buruan eraman zuten Ospitalera nere erriko bertze gizon bat. Egun batzuen buruan bere etxekoei galdetu nien: Nola dago? —Obeki dago, ongi atenditua bañan euskeraz dakiena ia iñor; ta norbaitekin euskeraz itz egiteko modua baldin badu, zerua zabaltzen zaio. Orduan konturatu nintzan zergatik negar egiten zuen gizon arrek. Ospitalean arrotza bezala bizi baizan: eta au etzayon gertatuko, naiz monja, naiz medikuak, naiz ofizinistak, naiz enfermerak euskaraz itz egiten bazioten [...]. Zergatik napartar batzuek bere Ospitalean bizi dira kanpotarrak balira bezala?
[163] 1978an Baionako Hospitaleko langile euskaldunak hola ziren mailakatzen: garbitzaileetan frango, erizainetan guttisko, mirikuetan batto. [164] Krisallu, «Iruñako Ospital Nagusian erdaraz» in Diario de Navarra, Iruña, 1967 / III /17 or. Gaur egun, Nabarrako lurralde euskaldunenetan (Bortziri eta Malerrekan) Osasun langileetarik gehienak erdaldun ditugu. Ikus honetaz Beran publikatzen den Ttipi-Ttapa agerkaria 97 zbk. (1991 / V/20) eta 110 zbk. (1992/XI/12).
Euskaldungoa erroizturik |