|
Euskaldungoa erroizturik
Euskaldunekiko humorea
Erdalduntze bide zabalean, euskalduna gertatzen da isekarako gaia, bai bere hizkuntz-komunitatearen leader-en aldetik, apezak eskuharki, baita ere besteen aldetik mintzaide ez dituen izkiriante, kazetari eta pintoreen aldetik. Gordon W. Allportek aipatu duenez (1980, 210):
Un cómico judío, negro, irlandés o escocés puede caricaturizar en escena a su propio grupo para la delicia del auditorio. El autor se ve gratificado por los aplausos [...]. La bufonería protectora se extiende entre el seno del mismo grupo. Los soldados negros afectaban a veces entre ellos mismos un «acento negro» sumamente pronunciado -cuanto menos respetaban la gramática, mejor—. Asesinar la gramática les parecía un placer; encontraban así una forma de compensar simbólicamente los sentimientos de frustración. Se llamaban «fantasmas», término que tiene un significado que está más allá del humorismo [...]•
Gurean bada humoregileek, antzerkilariek, kantariek erabilitako tradizio luze bat laborari euskaldunek gaztelaniaz mintzatzeko dituzten zailezia eta makurrez baliatzen dena. Hor dukegu, eredurako, 1936ko gerla aitzinetik datorkigun bilbainada kantuen zerrenda luzea, euskaldunekiko ihakinetan, frango, kantuz ematen zirelakotz. Horietako baten berri Txillardegi idazlariak aipatzen zuen, Ya se llega la trena a la estasion, 1936ko gerla ondoan, Canción popular vasca izenpean, Donostiako Marianistetan ikasia.[126] Haren idurikoa dukegu Luis de Castresanak aipatzen duena:
Dicen que viene Erreña visitar Bilbora[127]
Edota Indalecio Prietok dakarren beste hura:
Ene, que risas hisimos al pasar por el Sendeja Chalos y todo nos hiso desde el balcón una vieja.[128]
Halakoetan (El aldeano tiró, tiró la piedra, gonbaraziorako) eta 1960eko hamarkadarako ez dugu aipatzeke utziko Chomin del Regato izenekoa, Logroñoko Sesma humoregile erdaldunak sortua.[129] Humorez ari garela, edota, gizatalde bat burlagai bilakatzetik sortu duten humoreaz, nola utzi bazter Ganich de Macaye bezalako norbait? Lehen euskal nobela[130] protagonistatzen duena, bihoztun da arront, bihozpera eta gaizo onegia, ergel izatearen mugan gaindi dabilela beti; ez da miresteko, hortaz, frantsesez duen adiera espainol erdarazko Manguila edota euskal teatroan Joxemaritarren berdinkidetzat jotzen bada.
[126] «TXILLARDEGI-rekin solasean». ARGIA, urtekaria. Donostia, 1987, 36 or. [127] CASTRESANA, Luis de. Un árbol en la villa. Hitzaurre gisa Teofilo Guiard-en Historia de la Noble Villa de Bilbao delakoaren edizino facsimilean publikatua. BILBAO agerkarian berriro. 45 zbk. Bilbo. 1981, abendua. [128] PRIETO, Indalecio. «El lenguaje bilbaíno». Excelsior. México. 1961/1/4. [129] Eskola hortakoak dituzkegu, aurten bertan —1992—euskaldunen ahoskera eta erdaraz mintzatzeko era eskarniatuz Radio Euskadi-n eta Radio Nervion-en, behinik-behin, entzun daitezkeen irratsaioak. [130] DASCONAGUERRE, Jean-Baptiste. Atheka-gaitzeko oihartzunak. Donostia. 1990 (1870). 178 or.
Euskaldungoa erroizturik |