|
Euskaldungoa erroizturik
Hil-zoriaren sentikeran
Euskal Herrian zoriarenak egin dik Herrikoia
Lehengo mende hasmentatik, arrotzek lehenik, W. Humboldt estraineko aldiz, Euskal Herria hil-zorian ikusten zuten, bizimodua, izakera eta hizkuntza aienatuz zihoazelako. Mende erdialderako E. Reclus-ekin batera euskaldun zenbaitek ere hola pentsatzen zuten. Gogoeta horiek olerki, bertso eta kondakizun aunitzen sujeta dugu, besteren artean, A. Campionen El último tamborilero de Erraondo izenekoa. Justo Mokoroa (Tolosa, 1895) dugu Campionen obra horren itzularia eta baita euskararen biziaz argien izkiriatu dutenetariko bat, Genio y Lengua deitu liburuan, izan ere, gaztarotik ohartzen zitzaion euskararen galbideari. Duela urte guti egin zuten interview batean ondokoa aipatzen zuen:
Bai, bai, euskera galbidean dijoa, ni behintzat etsita nago. Ez da atzo goizeko kontua. Txiki-txikitatik, ez dakit zer dela eta, antzeman nion euskera galbidean zihoala. Pentsa ezazu nolakoa zen nere kezka, hamalau urte nituela, nobelatxo bat idazten hasi nintzan. Ba al dakizu zer izenburu jarri nion idazlan horri? Ba, “Azkeneko euskaldunak” [192]
Idazleetan guti dira era sinesgarri batean Euskal Herriaren agoniaz aritu direnak. Niketz, Gandiaga dateke zinezkoena, Hiru gjzon Bakarka liburuan, baita Joxe Azurmendi aipatu liburuari eginiko epilogoan. Honetan (Gandiaga, 1991, 200) Arantzazuko fraidearen Euskalerria ta txakolinaren arteko berdintza delako poema[193] aipagarriak hauxe dio:
Euskalerria Herria da. Munduko handiena bezain Herria. Bakarrik, birrindua. Herri-nahi eta ezina. Nahi baina ezin honek ematen dio gaur bizitza Euskalerriari. Bizi asekabea, mikatza. Euskalerri hau herri oso txikia da: Baskongadasen barruan kuku dagoan herri txiki bat, herri-ondar bat. Izan nahi larri hori barik, esan daiteke euskalerririk jada ez dagoela. Arimarik ez dagoela. Ze, duena, suzko arima baita, ase-ezina eta garratza.
Agoniaren beste azalpen bat Gandiagak berak plazaratu berri du. Horren ariorat monoglota euskaldunik ezak adiarazten dituzke hondaraldiko sentimendu hok (Gandiaga, 1992, 10).
Gaur ez dago euskaldun hutsik, euskaldun jaso eta euskararen barrunbean bakarrik bizi denik. Orduan zegoen Arratzu bezalako lekurik, euskaldun hutsak giñena, non dago gaur?
[192] «Justo Mokoroa» in Habe. 71 zbk. 1985.eko irailaren 15ean, 17 or. [193] Partikularzki 100-101, 107, 111 eta 112 orrialdetan.
Euskaldungoa erroizturik |