|
Euskaldungoa erroizturik
Bazterkultura baten hasmenta
Metaforaren erabilpena abstrakzioaren iturburua da, gauzakien mugak gainditzen eta aldatzen dira, sortzen da ikuskagarri ez den ikusteko ahalmena, sortzen da gogozko harreman bat, magikoa; hori da abstrakzioa. Halaber, abstrakzioa gelditzen da, gogortzen, gauzatzen, finkatzen eta, beraz, konkretatzen; ohizkoan sartzen da eta, berriro, metaforagai bilakatzen. Bi mobimendu dira, beraz, elkar osatzen dutenak. Hizkuntza guztietan gertatzen dira; eta J. Vendryes-en bezalako teoriek, abstrazioa, besterik gabe, zibilizazioari lotzen diotenak eta hiztegiaren zehaztasuna eta ugaritasuna atzerapenari, erabat ikuspegi miopean finkatzen dira; eta, ikuspegi horreu frogatzeko, Pariseko bulegari baten hizkuntza nekazari bretoi batenarekin konparatzea amarru bat da: bataren abstrakzioak besteak konkretatzen ahal ditu (nekazarientzat paperak —edo gauzak, edo posibilitateak, edo...— baitira bulegarientzat izen eta zeregin zehatz asko direnak; eta bulegarientzat berdailuak-edo naturaleza, edo...- dira nekazarientzat landare konkretuak direnak). Gero, frantses batek darabiltza hitz konkretu asko latinezko metafora batetik heldu zirenak, eta abstrakzio asko latinez ziklo osoa egin dutenak, gauza konkretu bat zirenak baina metafora eta abstrakzio bat izan ondoren. Nolanahi ere, Vendryes-en ikuspegi interesatua (eta frantximanta ere, Ile-de-Fransean munduko zilborra kokatzen baitu) topiko bat da. Abstrakzioak ugari dira edozein hizkuntzatan; beste gauza ezberdin bat da abstrakzio diferenteak izango direla: hain zuzen, bi hizkuntza ezberdintzen dira, beren hiztegi edo sintaxietan baino askozere gehiago, beren metafora sistemetan, beren abstrakzioen egiteko moduan. Euskararen baitan ikusten ahal da elkar osatzen duten bi mobimenduen bilakaera: «Lehenbizi», «atseden», «atsegin» edo «haserre» bezalako hitzetan inork ez dakusa, mintzaira arruntean, osagailuen hatzik ez metaforaren xederik; metaforak dira, hala ere, finkatu eta konkretatu diren hitz abstraktuak. Mobimendu horren gelditzeak, berriz, esan nahi du hizkuntzarekiko konfidantza galdu dela; nork bere buruarekiko konfidantza, beraz. Gauzen islada gelditzen da, antza, hitzen isladaren barrenean mugatua. Eta hori gelditzen da «beste» hizkuntzen presentzia delako eta mass medien indarraren kontzientzia delako. Euskararen kasuan, gauzatu da «besteren» kontzeptuaren aldaketa barren eta sakon bat: Euskal pentsakeran euskara da, izan da, beti, mintzaira per definitionem, hizkuntza osoa, indarra duena, osoki adierazten eta hitzaren magia osoa daukana; gure dena. Erdara, aldiz, erdia da, osotasunik gabea, arrotza, ahalik ez duena, besteren dena. Letragintzaren lehen aldian ikus daiteke «besteren» —«erdararen», beraz— kontzeptua aldatua dela; jakina, euskal letra hasi orduko aldaketak zeramatzan mende zenbait gauzatua zela. Baina, nazioarteko eta jakintzaren hizkuntza latina zen denboran, frantses eta gazteleraren hasieretan «gure» edo «nire» hitza dagoen tokian,
[...] y así hago yo en mi español por saber mejor esta lengua que otra ninguna [...] (Huarte de San Juan, 1575)
[...] je prouverai à la barbe deje ne sais quels centonifiques botteleurs de matières cent et cent fois gabelées, rapetasseurs de vieilles farrailles latines, revendeurs de vieux mots latins tous moisis et incertains; que nostrc langue vulgaire n’est pas si vile, si inepte, si indigente [...]. (Rabelais, 1564)
euskal lehen testuetan, aldiz, bertze da hitz giltza eta hitz gakoa:
[...] ceren ladin publica mundu gucietara BERCE lengoajiak beçala hain scribatzeco hon dela [...].
[...] BERCE nacione oroc uste dute [...].
[...] nola BERCE oroc scribatzen [...].
[...] eta bascoec BERCEC beçala [...].
[...] BERCE gendec uste çuten [...].
[...] BERCEAC oroc izan dira [...]. (Etxepare, 1545)
[...] hanbat Latinez, Francesez, nola anhitz BERCE lengoaje abratsez [...]. [...] Heuscaldunac BERCE natione gucien artean [...]. (Leizarraga, 1571)
Baldin eguin baliz euscaraz hanbat liburu, nola eguin baita latinez, Franceses, edo BERTZE erdaraz eta hitzcunçaz [...]. (Axular, 1643)
Eta ezinago ageri da euskal idazleen lehen bertze hori ez dela, adibidez, Rabelaisena bezalakoa «centonifiques, botteleurs, rapetasseurs, revendeurs [...]». Hain zuzen kontrarioa da: «eredua, imitatu behar den aitzindaria [...]». Lehen, «beste» erdara zen eta «besteak» dioena —bai nola, zer, zertaz eta zerezko hizkuntzaz—, dena erdara zen; esan nahi baita, arrotza, erdia, gaitzesgarria, eskasa, desegokia, osatugabea, hizkuntzaren mailara iristen ez dena. Baina letratuentzat «bestea»-ren ikuspegia, hain zuzen, kontrarioa da: osatua, betea, ondua, egokia, eredugarria, behar bezala eta behar den moduan adierazi beharrekoa adierazten duena eta, beraz, hizkuntza osoa. Iraultza bat da. Euskarari ematen baitzaio lehen erdarari zegokion sailkapena; agertzen da maingua, herrena, akasduna, desegokia, eskasa, basa eta, hitz batez, erdia, erdara. Euskal letratua euskaldun izateagatik bere burua gutiesten eta gaitzesten duen lehen euskalduna bezala agertzen da, eta bere gutieste eta gaitzeste konplexua hedatzen eta kutsatzen du hizkuntzari, euskal erari, traspasatzen diolako. Euskal letratua euskal hiztuna baino askoz ere lehenago eta sakonago gutietsiagoa senditzen da. Euskal burugaitzespen asmatzailea, aitzindaria eta eragilea izan da eta ez dugu seinalerik ikusten euskal letratuaren modu hau aldatu denik esateko; areago ere, aurreratu eta sakondu da bere konplexu horretan eta orokorki esaten ahal du burugaitzespen hori haren definizioaren funtsezko zati bat dela. Honetan, euskal letratuak jokatzen du E. Etxamendik dioen arabera:
[...] biktimak haboroxenetan bere burregoa miresten du... Azkenekoan menperatzailearen lagunik onena menperatua da: suizidatu egiten da. Fisikoki suizidatu aintzinetik, sikologikoki eta intelektualki suizidatzen da [...].[8]
Menperatu guztien baitan bada beren buruaren gaitzespen zerbait, hein handi batez bere zapaltze eta baztertzetik sortua. Euskal letratua letren bidez, hain zuzen, egiten da baztertze horren ohartuna eta bere euskaltasunaren aurka bihurtzen da bere burua, euskaldun den aldetik, gaitzesiz. Handik aurrera, euskal letratua Euskara-Erdara euskal sailkapen prototipikoa bere gogoan erroz gora ezarria ohi du eta ahaleginetan dabil sailkapen berria predikatzen eta hedatzen. Sinesmen berri baten profetak bezala jokatzen du. Izanez ere, kristautasunak irauli zuen lehen aldiz euskara-erdara sailkapena. Gertutasun batekin jakiten ahal dugunez, erromatarren denboran zehazten ahal ez diren aurreratze eta atzeratze zenbaiten ondoren, X. mendetik hona euskara atzeratzen ari da bere hedaduran. Eta hasi zen eremua galtzen, hain zuzen, kristautasunarekin kontaktatu zuen leku eta aro beretik, bere bazterreko lurraldeetan nondik eta sinesmen berria hasi baitzen kutsatzen: Aragoako goi ibarretatik, Salduba aldetik —non eta doi hiru mende lehenago euskaldunek zehakatu, sarraskitu eta suntsitu baitzituzten kristau jende eta sinbolo guztiak; Saldubako apezpikuaren arabera, soilik errege David-ek 78 psalmoan darabiltzan negar-marraskek eta deitoramenduek itxura zezaketelarik desmasiaren gaitza[9]— eta goiko Errioxatik. Euskara-Erdara (esan nahi baita Gure-Besteren, Osoa-Erdia...) ohizko sailkapenak zirauen lekuan kristautzea ez zen gauzatu hiru-lau mende geroago arte; eta, benetan, sinesmen berriak Euskara-Erdara sailkapenaren erabateko iraultza suposatzen zuen. Eliza eragile bakarra ez bazen ere,[10] bai aitzindaria, nagusia, eta, oroz gain, eredua;[11] gutienez, esan daiteke «bestearen» apologia sistematikoki hobetsi zuen eta hedatzeari lotu zuen lehena eta, agian, bakarra, gerokoak haren ondorioen edota ikasleen ekintzak izan baitira. Euskal letrak eliz gizonen eskuetan egon dira hasieratik eta erabiliak izan dira, beraz, Euskara-Erdara sailkapenaren iraultzeko. Ohartzekoa baita azken honetan, Eliza ohia aurpegi asko hartzen ari denean: sozialismoa, ekologia, feminismoa..., fraide, jesuita eta apez ohiak eta ohituak direla marxismoa —lehenago—[12], itzulpenak, kazetaritza, feministekiko ezkontzak eta lausenguak... eta abar monopolizatzen direnak.
[8] In Mazantini, II zbk., Iruña, 1992. [9] Taxok, Saldubako apezpikua 651 urtetik aurrera, Guirico Bartzelonako apezpikuari bidali gutunean: ...Vasconum Pyrineis montibus promota, diversis vastacionibus. Hiberiæ patriam populando crassatur. Heu prodolor! dicendi Studium calamitatis intercipit magnitudo. Sed tandem veniendumest ad id, quod formidat oratio. Innoxiusquippe multorumChristianomm sanguis effunditur: alli jugulis, nonnulli missilibus, plerique diversis jaculis sanciantur, innumerabilis multitudo captivorum abducitur, inmensa spolia subtrabuntur. Templis Dci infaustum bellum infertur, sacra altaría destruuntur; plerique ex clericatus officio ensibus obtruncatur... «España Sagrada», 31 tomoan, Arturo Campionek aipatua in Obras Completas, Iruña, (VI) 91 92 or. [10] Elizaren euskararekiko ardura ez zen XVII. mende baino lehen hasi eta hori, hain zuzen, ohartu zelako euskaraz idaztea Euskara-Erdara aipatu dugun sailkapenaren iraultzeko modu eraginkor bat zitekeela. Gero euskarazko liturgia ez zen hasi XX. mende arte, hain zuzen, euskara hiztun eta eremu gehienik galdu duen mendean. [11] Internazionalismo sozialistak Elizaren moduak errepikatzen dituela ez da azpimarratu behar. [12] J. Azurmendi eta G. Garate dirateke Marx-en Kapitala benetan irakurri duten bi euskaldun bakarrak eta munduko bakarretakoak.
Euskaldungoa erroizturik |