Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Haur-jolasak

 

      Haurren loak hartzeko Uztarrozen hola kantatzen zuten (Artola, 1980, 60):

 

      Bolan bolan bi

      Que en Vitoria lo aprendí

      Una moza neskatua

      Dos huevos arrautze bi.

 

      Josefa Karrika andereak euskara mintzatu gabe ere oroitzen zen, halere, haurrei zer kantatzen zitzaien Uztarrozen, eta nola, zein keinurekin eta abar, janaria ematean (Artola, 1980, 60):

 

      Mirri marrau

      Zer xanen dugu gaur

      Papa ta txitxi

      Non dago ene partia

      Pareta xilo artian

      Ez kan bai kan

      Gatu buru beltxak xan.

 

      Andere berak kondatu du, bestalde, zein kanturen airean eta zein kanturekin jostatzen eta dantzarazten zituzten haurtxoak

 

      Tro-tro-tro

      mandoko

      Zomat itze biar duko

      Iruñara faiteko.

 

      Aipatu lekuko honek kantuen hitzen erran-nahiak bazekizkien, beste hainbatetan hola gertatzen ez bazen ere.

      Haur jolasetan sarri agertzen zaizkigu erranera elebidunak. San Mikolas egunean Erronkarin hola kantatzen zuten:

 

      Manzana sagarra

      para mañana y para hoy

      San Nicolas en la puerta.

 

      Bada beste kantu bat Erronkari osoki edo abantzu erdaldun batean, gure mendearen lehenbiziko bi hamarkadetan neskatoek jolasean erabiltzen zutena:

 

      Labe, labe

      ogiak erre bage

      sagarrak erre biar

      ta surik ez.

 

      Edota beste uztarroztar batek, bainan euskaldunak, kondatzen duen haur-jolasen karietarat. Bere adiskideak erdaldun ziren nahiz eta haur-jolasetarako hainbat euskal hitz erabili:

 

      Tostara, tostatzea.... a jugar al arrixko, arrixkuara. Para decir a las tabas decíamos arrixkuara, es el arrixko, el que bota...

 

      Bada, haur-jolasetan, gaur egungo Malerrekako haur erdaldunek dakitena, nori zer zaion zozketan egiten dutenerako:

 

      Zorrun-botun

      Labota-botera

      Zerrikin-afuera.

 

      Sortzetikako bakardade hura, gurasoekin xoilik mintzatzen baitziren edota adin bateko neskeekin —Erronkarin bezala— bainan adiskide gehienekin ez, biziaren hondarreraino eramaten dute. Antonia Anauten hitzetan:

 

      [...] iror lloba geundezun [...] ta irorak xuntatan gindenian, pues [...] uskara [...] baya, ilzuntien, il [...] ta ni solobaratu, ta [...] gero ñor ere ñor ere batek ere batek ere etxakin [...] uskara [...] no hay otra que yo, aquí que conteste [...] entender tampoco [...] ya no, se remató.

 

      Edota beste pasarte batean zituen mintzaide bakarrak aipatuz geroz:

 

      [...] xoan zuntien. Ni, bizi izan balira kurak, betik egonen nindezun elerraitan eki.

 

      Hitz-jokoak, haur-kantak, erranerak, otoitzak, irainak, laidoak, izengoitiak, zuhurtitzak eta laborantzari zein arrantza edo baserri-artisautzari loturikako solasak ditugu mintzaira eta hiztun-komunitate baten azken testigantzak.

      Iruñan gure mende honen hasmentan sortutako Ilundain zenari gerlan CNTko kapitaina eta harrezkero herbesteratua, entzun diogu[185] bere haurtzaroan, Iruñan, ikasitako hainbat erranera, horietako bat 1979an, Bordelen, kondatu ziguna:

 

      A la sagarra manzana,

      al hombre gizon

      a los cojones barrabillas

      y a la chorra buztana.

 

      Ilundainek ez zekien euskaraz, bainan euskararen hondarraldia bizi izandu dutenak horren idurikoak esaten dituzte. Aipatu erranera memoristikoekin ikasten omen zuten Morga eta Bizkaiko beste lekuetako haur euskaldunek 1936ko gerla aurrean eskolaldiaren lehen egunetan.

 

 

[185] J. M. Larreak eta Periko Diez de Ultzurrun Sagalak Ilundainekin izandako elkarketa, Bordelen, 1979/IX/26an.

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994