Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Halako literatur tradizio bat, halere

 

      Aitzinat jo baino lehen, gure egin genezake euskal literaturaz Juaristik noizbait izkiriatua, elizatiarren eskuetan euskarak pairatu zuen murrizketa funtzionalaz (Juaristi. 1987, 15):

 

      [El euskara] se reservó exclusivamente para la educación religiosa del pueblo llano.

 

      Ez dugu atzendu behar, bestalde, Eliza Katolikoak herria aipatzen zuenean euskaldun monoglota eta agrafoez ari zela. Liburugileak apezak baziren, apezak izaten ziren hein haundi batean, liburu horien erostunak; liburu guti horiek, ozenki eta elizan entzuleei irakurtzen zietela.

      Iparraldean bada, halere, aipatu dugunarekin batera bizi zen beste literatura moeta bat. Hein haundi batean eliza gizonek egina bainan irakurleentzat, ez entzuleentzat, pentsatua; idazkerak posibleztatzen dituen baliakizun guztiekin.

      Hasteko eta behin, derasadan, Leizarragak (1571) ez duela euskaldun landugabeendako izkiriatzen, Nafarroako Erreginari egindako eskeintzan ikusten denez. Ezta Axularrek ere Gero-ren Gomendiozko karta eta Irakurtzaileari (1643) sailetan irakur dezakegunez. Axular ohartzen zaizkio euskara-baitako hizkera eta izkiriamolde liferenteei bainan badu lurraldetasun eta hizkuntzaren batasun kontzientzia. Hortik datorkio zuzentasun-oharmena («euskaraz ongi mintzatzen direnak» eredu) eta jalgibide praktikoetarako joera (analfabetismoa konbatitu, euskaraz izkiriatu...). Axularrek, azkenik, badaki norendako izkiriatzen duen (Axular, 1976, 55):

 

      Eztut liburutto haur letratu handientzat egiten. Eta ez xoil, deus eztakienentzat ere.

 

      Gure literatur tradizino bakar horren partaide Joanes Etxeberri Sarakoa dugu XVIII. mendean eta, besteren artean, Arbelbide, Lapeyre eta Laphitz XIX.ean. Tradizio horri zor diogu XIX. mendearen herenalditik heldu den euskal kazetagintza eta euskal prosagintza, oro har.

      Euskara edozertarako tresnatzean, hizkuntzaren goi-funtzioak obratzen ziren Iparraldean halako idazleria eta irakurlego bat sortuz. Honek ez du esan nahi jarrera diglosikoa aienatu dela, aipatu prosagintzarekin batera izan baita beste bat ezinbestez, euskaldun hutsendako egina ustez-eta hizkuntzaren goi-mailak frantsesez adiarazi behar direla. Har dezagun, kasurako, Martir Duqek (1891, VI) Bihotz Sakratuko Misionestak aipatzen zuena:

 

      Ene eskuaklun laguner... Frantses liburuetan trebe direnak irakurt detzakete asko izkribu, eginak izan direnak Erromaren eta Jerusalemen gainean; bainan zuzen da frantsesa konprenitzen ez dutenek izan dezaten, hek ere, liburu bat ezagutaraziko daizkotenak Erroma eta Jerusalem.

 

      Pentsakera diglosiko hori nagusi gertatu da euskaltzalegoan, gure mende honen lehen partean, bederen. Hona hemen Gure Herria agerkariaren aintzin-solasak 1928an:[24]

 

      Haste hastetik errana ginuen norentzat zoan gure lan hau! ez baitezpada aizina eskasez edo erdara poehi bat ezjakinez, irakurtze guti deramatenentzat. Hauieri, aste oroz, eskutaratzen zaiote Eskualduna gure astekari biphil eta maitea, oso osoa eskuaraz egina, guziak lorietan irakurtzen duguna.

 

 

[24] «Urte On», Gure Herria, Baiona, 1928, 3-4 or.

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994