Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Erdaldun fededun

 

      XVIII. mende erdialdera, gipuzkoar gehienak euskaldun hutsak zirela (Larramendi, 1969, 285), espainol erdara konprenitzen ez zutela beraz, predikariak, fraideak, apezak erdaraz ari zitzaizkien. (Larramendi, 1969, 286-287):

 

      Lo que es más intolerable es que suben al pulpito predicadores vascongados y predican en castellano. No quieren trabajar ni aplicarse a saber bien su lengua, ni a leer ni escribir en ella [...].

 

      Edota Larramendik berak Mendibururi egindako gutunean dioenez (Larramendi, 1990, 35):

 

      ¿Cer bada, ez dabiltz gure Elizetan predicarioz franco? ¿Eztarasate sumurrez eta deadarrez ceruco jaquimbidea? Eguia da, badabilza ta badarasate. Ordea, cer da ansi baldin enzule gueyenac erausi hura aditzen ezpadute? Sinisterazo nai digute aditzen dala gaztelania ere icasi ez dutenen artean. Ezta ori eguia [...] eta Jaungoicoaren itzaren oguia gueldizen da Euscaldunenzat cheatu baguez provechuric gabea [...].

 

      Argiro azaltzen digu, bada, euskaldunek erdararik ez dakitela eta aldi berean eliz gizon gehienek ez dakitela, behar den gisan, euskara (guichic daqui bere jaiot-errico euscararen erdia) eta ez dutela ikasi nahi ere.

      Ondorioetako bat, euskaldunek Jainkoaren Hitzaz gabetzea da eta Elizaren mezua alferrikaltzea, hortaz. Euskaldungoari dagokiola, bada beste bat, Larramendik zuhurki aipatzen duena (1969, 287):

 

      Y aún ha llegado la infamia a valerse de estos predicadores para que en muchos pueblos, comunidades de monjas y cofradías se tenga por cosa de menos valer el que se predique en vascuence, como que el vascuence es solamente lengua para aldeanos, caseros y gente pobre: diablura más perjudicial no ha podido introducirse en los púlpitos.

 

      Hemen badukegu hari bat, bederen, euskaldun burugutiesleen historiaren matazarako.

      Bizkaian, XVIII. mende akabailan, jauntxo, apez eta agintariak, 010 har, hasiak ziren erdalduntzen. Juan Antonio Mogelek Pedro de Urlija fraidearen ahoz jartzen duenez (Mogel, J. J., 1990, 173):

 

      Sarri alkarregaz berba egin dogu, Bizkaiko jaun, abade ta nik legezko soñekoa darabillen askoren nagitasuna, alperreria ta ardurarik eza euskeria ikasteko liburubakaz bururik ausi baga [...]. Ni nabil bazterrik bazter, erririk erri [...]. Abade askok nazaude ta gitxi gutxi batzuk baño aurkitu ez ditut euskera zaleak [...].

 

      Bizkitartean, klase langileak, euskaldun monoglotak izanki, ezin zuten aunitzetan konprenitu aurreko horien predikuak, Gernikako Juntetatik hasita Bizkaiko azken elizperaino. Mogel bezalako apez ohartuendako egoera hagitz mingarria gertatzen zen besteren artean herritarren erdalduntzearen bidez Eliz gizonen eginkizunetako bat, klase langileek eta Agintearen, edota kulturaren arteko zubi izatea, suntsitzen baitzen.

      Areago bada eliz gizonek laguntzen zutenean erdalduntze prozesoa. Apez horiek gogoan zituela izkiriatu zuen Mogelek (1990, 176):

 

      «Ezin dot, dinue, euskera ezer irakatsi; lotuten naz beriala, ikara gogor batek hartuten nau; izerdi larrijak urteten deust; geratu nintzate» Au sinistu leite? amaren bularretik ikasi eban berbeetan ezin berbarik egin? Eta ikasi bere gura ez bere elextar nekazarijak dakijen berbeeta bakarra? [...].

 

      Orduko eliz gizonen euskararekiko zabarkeria ez da, ene idurikoz, Bizkaiko kontua, Hegoalde osokoa baizik; Larramendik antzerakoak esaten baitzituen, urte batzuk lehenago, Gipuzkoarako ere.

      Aipatzen ari garen urte hauetan, apezak, euskaldun izanki ere, ez dirateke gai kristau meza euskaraz helarazteko bere herritarrengana, esan nahi baita, euskaldun elebakardun horiengana. Goragoko fraide berak esaten duenez (Mogel, J.A., 1990, 174-175):

 

      Ez dozu entzuten zelan gure baserritar ta beste nekazari askok diarduten berbeetan labandu ta ezertan katigatu baga? Baña zuaz fraile, abade ta beste andiki askogana. Zelango estura ta larritasunak kontu luzetxu bat esan biar bada?

 

      Urte liferentetan bainan antzerako gertakarien eraginez euskal herrietako eliz gizonetan euskal nortasunaren aldeko jokamolde bat suertatzen da, edo, zehatzago apika, delako nortasunak Manakuntza Zaharrean zituen ezaugarrien aldeko jokaera bat (Etxea, Foruak, Elizkizunek... eta Euskara ere).

      Ez da harrigarri, hortaz, Juan Antonio Mogelen euskal idazlan garrantzitsuena (Peru Abarka) joan zen mendearen hasmentan izkiriatzea, euskal foruen kontrako lehenbiziko erasoen tenorean, hain zuzen.

      Xabier Altzibarren ikerketa eskergaren ondoren badakigu Juan Antonio Mogelek gaztelera erabiltzen zuela beti elizliburuetan ez ezik gutunetan eta, are, beretzako oharretan ere. Hizkuntza horretan izkiriatu zuen ere Inazia Ubillaren bizi eredugarriari buruzko liburua. Mende bukaeran da euskaraz idaztera eta eliz liburuak argitaratzera jotzen duenean (Altzibar, 1992, 191). Zalantza haundirik gabe Larramendirekin erka genezakeen joera, jesuslagunarena XVIII. mendean gertatzen bazen ere.

      Gipuzkoan, XIX. menden erdialdean, Juan Jose Iztuetak, eredu antzora, joandako garaiaren Legea aipatzen du (1975, V) non-eta «Euscaraz ondo etzequien Apaicic ecin izan citequeala Arima-Zaintzalle Guipuzcoaren mugapeko Elizaetan...».

      Esaten du ere, Gipuzkoan abantzu guztiak euskaldun izaki, Lege hark manatzen zuela euskaraz egin behar zitzaiela.

      Iztuetaren arabera, lehengo mendearen erdialdean, ehunta hogoi mila jende bizi ziren Gipuzkoan, horietarik ehun mila bederen beste hizkuntzarik ez zekitenak; gaineratikoetan erdi etorki arrotzekoak eta beste erdia arroztuak:

 

      Euscaraz charqui, eta gaztelaniaz gaizqui itzegiten dutenac, beren buru arroac guizon andi ta jaquintsu eguiteagatic [...].

 

      Euskaldungoaren egoera, Gipuzkoan, hala bazen XIX. mende erdialdean, pentsa liteke ehunen bat urte lehenago euskaldunen kopurua, euskaldun monoglotena, hobe esateko, haundiago zela, eta mingarriago, kaltegarriago, eliz gizonek zeukaten jarrera euskararekiko. Horrek adiaraz diezaguke, apur bat, behinik behin, Larramendiren izkirio zenbaiten sumindura eta baita ere Iztuetaren Elizarekiko isiltzapena, egokitzat ematean eta publikatzean, Larramendiren eliz gizonekiko, eta aurkako, esanak.

      Euskaldunei erdaraz egitea, eliz gizonen aspaldiko jarrera dugu, Hegoaldean batipat, Mogel apeza, Iztueta karguduna edo Larramendi jesuitaren izkribuetan irakur dezakegunez. Gure mendearekin bat, euskaldunak beren buruaz beste iduripen bat hartuz doazela, praktika horiek ez dira, lehen bezala bederen, onartzen.

      Hortakoz, bada, fededunen aldetik Elizari bizkarreratzen zaizkion kritikak, Hegoaldean abertzaleek eginak, maiztxo ere abertzale erdaldunek eginak, Iparraldean beren burua frantseskotzat duten euskaldunek eginak.

      Kritika horiek agerkarietan publikatzen ziren batipat; ez da, hortaz, teoriek araberatutako kritika bat liburuen bidez hedatzen dena. Gertaldiak ditugu gehienetan. Pablo Fermin Irigaray «Larreko» behin eta berriz aritu zen euskararen makurrez, hots, Elizaren joerez ere, ondoko zatixkoan irakur daitekeenez:

 

      Atzo irakurri ginuen Bizkaiko erri batean gertatu zena, erri artako baserritar batek omen zion oraidanik ez ginuela igande jaik Aita Sainduak ekenduak zituztelakotz, ala aditu omen zion elizan erriko apezari, eta ala uste erran zuela; naiz berak erdara guti baizik etzakiela.[152]

 

      Buruz ikasitako dotrina eta beste ikasgaiak ez bide zituzten ikasleek konprenitzen. Ikus dezagun, kasurako, Azkuek dakarrena Lekeitioko eskolaz, lehengo mendearen azken urteotan (Azkue, R. M., 1986, 124):

 

      Nik entzutia daukadanez, esan eban Urabillak, bira-bira be esaten eutsuen, batxi, bein erderaz kerdua edo kredua esaten zengozala y la vida perdurable esan biarrian bira-bira perdurable esan ei zenduan da gero bira-bira maisuak eta guztiak.

 

      Azkuek berak, Gasteizko Apezgaitegian euskaraz irakasten ez zenez, bere hautura ikasi behar izan zituen elizkizun eta predikuei buruzko solasak, apez egin berriek ez baitzuten erreztasunik euskarazko predikurik egiteko. Orduko egoera deitoragarriaz hona hemen Azkuek dioena:[153]

 

      Bizkaiko Eliza eder baten amarretako mezan egozan mutikotxo bi, aoa zabalik erdaldun sermolari bati entzuten. Batak erderaz ez ekian berrogei berbatikgora; besteak asko ez baña, zelan edo alan aituteko beste ba ekian. Sermoilariak sutsuen eta gogotsuen iarduala, batak itaundu eutsan besteari: Txo, zer da Siñ embargo? Beste Mutiltxuak berentzako jakin arren, iñori esateko ez ekian.

 

      Beste behin jesuita batek goizean erdarazko hitzaldia eman zuela-ta «erre egin behar genduke pulpitua» entzun bide zuen Azkuek. «Etxako gaztetxu ari iñoiz aztu» zinoen bere buruagatik Azkuek.

      Iparraldean joan den mendearen herenalditik aitzinat Eliza euskararen banderaduna agertu bazen ere II. Munduko Gerlatik oraino ez da horrela gertazen, behar bada, Elizak ez baitu euskara beharrik, bere bezerogoak frantsesa ikasten duen neurrian.

      Zenbaitetan, erdaldunen estakurupean, erdaldunen bat ere delarik euskaldunen artean, euskaldungorako elizkizunak erdaraz egiten dira, Ferdinand Aire Xalbador-ek kondatzen duenez (Xalbador, 1976, 239-242). Fededun erdaldun izeneko bertsoak eman aitzin plazaratzen du nola euskarak egundaino ez duen kalterik ekarri nehongo fedeari, «nonbaiteko fededunen zerbitzatzeko estakuruak ahatik, ari dio emaiten euskarari zafraldi bat ona». Aipatu apez horiek gogoan («euskal izan dunak, euskara ostikatzen dutenen lagunak») kantuz ari zaie:

 

      Ez ditut oro zaku berean sartuko;

      bainan zuk, arrotz bat hor ikusi orduko

      herri bat osoari egin duzu uko,

      Jaungoikoaren hitza harturik lekuko.

 

      Elizaz lekorat, baina, kasu honetan, modu elizatiar batez, bertsolari batek egin zion gauza bera euskaldungoari. Ikus dezagun Alkat bertsolariak bere buruaz eta Xalbadorrez aipatu hau:[154]

 

      Kanpotiar eta udatiar asko bazagon (Lekorneko) besta hortan eta Xalbadorri esan nuen:

      —Batto erdaraz emanen dut.

      Deus ez zautan esan eta erdarazko bertsoa bota nuen.

      Ondoren Xalbadorrek kantatu zuen:

            Adixkidea, ezarri nauzu

            bihotz barnetikan joa,

            zure horrela entzuteko gaur

            nik ez bainuen gogoa.

            Erran nezake ez ote ziren

            mundurat sortu xoroa,

            Baigurak ez dautzu barkatuko

            egin diozun laidoa.

      Nik erantzun:

            Zure solasa neure gogoak

            gaur ez baitu, ez, ahantzi,

            egia bada bota duzula

            nihaurk hemen dut ikusi.

            Bainan erdaraz mintzaturikan

            ez zeraut bada itsusi:

            Lekondarrek ere dukete

            gaur hori doi bat ikasi.

      Xalbadorrek:

            Zure eskuarak ez daut, ez egin

            aipatu dutan laidoa,

            ibili duzun frantsesari

            eman diot behakoa.

            Konprenitu gabe gelditu da

            hor kanpotiar gaixoa,

            zure frantsesa ere baita

            eskualdunen artekoa.

 

      Bestetan, korrontearen alde doan Eliza honetan kantuak atxiki dira euskaraz, predikuak eta gaineratikoak erdarari egiten ziotela leku. Ez beti, halere, Eskualtzaleen Biltzarre-ko kronikalariak kondatzen duenez:

 

      Zonbait ari badira lanian Uchkararen alde. Zorigaitzez bestezonbait kuntre ari dira.

      Orai artino, aphezak ziren Uchkararen sustengazale gogorrenak. Bena azken urthe hoitan aphez andana bat unguratzen ari zaizku bestaldilat.

      Chiberoko herri hanitchetan katichima, phedikiak, othoitzeak eta kantikak ere Frantsesez emaiten dira. Untsa entzun duzie: kantikak ere. Hein hortan gira![155]

 

      Urteetan barrena, Larramendik apezen zabarkeriaz esandakoa egiaztatzenago zen. Muturretan erdaltzaleak eta euskaltzaleak baziren ere, apezeria, gutiz gehienak, haize alde zihoan, nekazal giroan jauntxoekin, Errepublika urteetan arront politikazale eta eskuindar, eskualdeen arabera halako-holako euskal edo erdaltzale eta, oroz gain, lasai bizitzearen aldeko.[156]

      Apezgaitegietan ikasi edota landu ez zuten euskara, apeztuz geroz zailtxoago bide zen lantzea azaltzen ziren gaitzespenen ariorat. Hona «Larreko» mirikuak izkiriatzen zuena:

 

      Bertze olako aldi batez, elizako atean bi gizonekin nindagolarik, meza nagusiko mintzaldia entzuteko atera urbildurik, euskaraz ari zen, baño, Jinko maitea, zer euskara! Apur batean artu nition bospasei itz eta nerekin zeuden gizonei galdetu naben ea zer aditzen zuten itz aietaz eta etzakiten zer ote nai zuen apezak adiarazi; ixil-ixil gelditu ziren, eta gisa beraz gelditu bide ziren Eliza barnean zirenetarik geienak.[157]

 

      Predikuetan, euskara-gaizkara horren erabiltzeak bazerraikion, horrela, Elizaren usadio zahar bati, bazter-mintzaira baten erabiltzekoari; hortaz, Hegoaldeko katixima gehienetan usatzen zen bezala.

 

 

[152] Irigaray P. F., «Larreko». «Apezeuskalduneri». Nafartarra 290 zbk. Iruña 1916ko uztailaren 22an.

[153] Azkue berari suertatuko bi gertaldi horiek Lino Akesolok ekartzen ditu: «Azkue, euskaltzale». Egan XXVIII liburukia. Donostia. 1969 Urtarrila/Ekaina, 7 or.

[154] «Baigura» in Herria Gogoan, Xalbador, Tolosa, 1981, 72-73 or.

[155] «Agur Chiberoa!» Gazte. 19 zbk. Sail Berria, Baiona. 1958. Buruila 4 or.

[156] Ez, segurki! erran zaharrak dioen erara: Baztanen bizitzeko behar dela apeza edo behia izan, alegia.

[157] Irigaray P. F. «Larreko». «Apez euskaldunari». Napartarra 290 zbk. Iruña. 1916, VII / 22 or.

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994