Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Gerla haundia

 

      Gerla Haundiak ekarri zuen aldaira hildakoetan ikusten da lehenik, sei mila inguru Eugenie Goyhenetcheren aburuz. Iparraldeko euskaldunak, lehenbizikoz baitoaz ehunka eta nahita, Franziaren alde gudukatzerat; soldadu adinean direnetatik berrogoitaka urte dituzten arteraino.

      Suprefeturatik beldur baziren Baionako internazionalistez[89] edota muga aldean espero zitezkeen iheslariez[90] aipatu gerlak indartu zuen elgartasun sagaratua, L’Union Sacrée zelakoa. Euskaldun frango aritu zen Baionako erreximendutan (49.a, 249.a, 142.a), Tarbeskoetan (Artileria 14.a eta 24.a, Husarretako Lehenean), Pabe, Mont de Marsan eta Bordelekoetan. Gudu-ekintzetan famatu ziren Charteroi, Guise, Craonne eta Chemin des Dames-ean, baita Ameriketatik etorritako euskaldunak Salonikan, Kolonietako III-ean.

      Elizak, Estatuarekiko zituen kalapitak bazter —Estatuarekiko bereizkuntza, eskoletako auziak eta beste— gerlaren alde jarrerazi zituen bere menekoak. Jean Hiriart-Urrutyk, Eskualduna-ren zuzendariak, ondokoa izkiriatzen zuen hil aitzineko urtean:

 

      Orotan oro bat dire frantsesak, elgarren arteko makur, hoztasun, aiherkunde guziak utzirik bazterrera [...]. Gerla behar badu, doala gerla. Biba Frantzia.[91]

 

      Eta artikulu berean:

 

      Eskual Herrian [...] eztugu zeren, behin eta behin, Frantziaz etsi; ez eta ere lotsa.

 

      Bizi eredugarriak aipatzean Getariako D’Elbée jaun soldaduaren seme-alabak plazaratzen ditu:

 

      [...] bederatziak Frantziaren zerbitzari... zortzi soldado familia beretik eta emazte bat Croix Rouge delakoan erien artazale.

 

      Ohorezki aipatzen ditu ere Zalgizetik:

 

      sei aneia Garikoitz, seitarik bat apeza

 

      Lehen Gerla Handiaz[92] paradigmatikoa dukegu Barbieren (1926. 240, 2) Piarres elaberria protagonistatzen duenaren jarrera. Batez ere, Agustin Beratarra —Hegoaldekoa, española, hortaz— azaltzen denean «galbideak oro utzirik» gerlari ihesi joan zekion galdez. Dirua eskaintzen dio, gainera, delako proposamena onartzen badu:

 

      Zu bezalako gizon gaztearentzat bada toki gure etchean. Berrehun pezeta zureak dituzketzu, hiru hilabethe guziez [...].

 

      Piarresen arrapostua, berriz, ez da dudankara den horietakoa:

 

      [...] idor idorra ihardetsi zion:

      —Zertharat ethorria zira gaur, deus nehork galdetu gabe? Ala laido egiten zaioten gizonetarik batentzat daukazu Piarres Oihanaldekoa?

 

      Piarres ez da, ez, deserturra izateko sortua. Bere amak ere, tradizino karlistarik hoberenean, gerlarat joateko altxatzen dio bihotza:

 

      Aski hola, gizon abrea —esaten dio Beratarrari— aita baten, ama baten bihotzminaz hoin guti acholatu gizon abrea! [...]. Eta zuk, Piarres, jakinzazu hila nahiago zaitugula zure aitak eta zure amak, ezen ez eta bethikotz desohoratua! [...].

 

      Apezak, Jean Ibarnegaray deputatu gaztea bezala, ez ziren predikuetara askietsi, aunitz hil zen gerlan eta beste hainbat preso atxilotu Jean Saint-Pierre bezala, urte gutiren buruan Kartagoko artzapezpiku izan zena. Apez gudari honek gerlan egindako goronikak Baionako Eskualduna eta Bilboko Euzkadi agerkarietan publikatzen ziren.

      J. B. Eteheberiyk kondatzen duenez[93] bipil eta kuraios agertu zen Saint-Pierre apeza gerlan, Craonneko muinora, ezin hartuzko zeukaten mendixkan guzien aitzinean heldu baitzen, Bihotz Sagaratuaren bandera ttipi bat eskuetan, Saint-Pierre sarjentoa.

      Gisa berekoak ditugu Jean Etchepare mirikuaren Champagne eskualdetik igorritako testigantzak edota soldado guti ezagunen gutunak:

 

      Ibarnegaray gure errechimenduan lieutenant dugu [...]. Ez zinezake sinhets zenbaiteraino maite dugun Eskualdunek: chakur batzu beren nagusiaren ondotik bezala, joan gintazke norat-nahi harekin. Eta ez da beldurtia. Ikusi bazinu, bereziki Verdun hiriko inguru hetan, nola zabilan eta nola ibil-arazten gintuen! [...]. [94]

 

      Lekuko hunkigarrienetan Jean-Batixta Borthiry-Sallarena dugu (Larrañe, 1890-1974), munduko bi gerletan alemanen preso. Besteren artean biziarekiko etsipena eta Frantziarekiko konfidantza ekartzen dizkigute bere koplek:

 

      Lanjerrin izana gatik oi gure bizia

      guretzat ez balio hanitx lotsatzia

      Sorthüz geroz zor dugü ororek hiltzia

      Bena izan dadila bizirik Frantzia.[95]

 

      Gerla ondoan hildakoen aldeko oroitarri eta loreekin batera gerlari-ohien elkargoek zuzpertu zituzten joandako egunen oroimena eta grande patrie-ren aldeko adorazionea bere diru-eskubideak bereganatzen zituztelarik.

      Frantses nazionalismoaren alde eta Gerlaren karietarat egin ziren kontuetan aipagarri dituzkegu Jean Barbier apezarenak, Soldado galdueri, Gerla Handikoak edota Verduneko irrintzina, kasurako. Azken poema hau protagonistatzen duena irrintzi-egile dugu, eta «eskuan tinki» zeukan granada «herrian jokatzen balitz bezala» alemanerat igorri zuena... hil aitzin. Hildakoentzat, berriz, baduke beste elerik, Soldado Galdueri izenekoan bezala:

 

      Gorphutza Frantses lurrean,

      Arima aldiz zeruan!...

      Hilak bitez gur’aldean

      Bizirik egon, herrian...

      Berek salbatu Frantzian!!!

 

      Aberri Haundia-ren aldeko zabalkunde politiko hau eliza eta eskoletako kantuen bidez, zein urteroko omenaldien bidez gertatzen zen. Baita soldado gutiko herrietan ere, Alduden gonparaziorako.

      Pierre Charrittonek ohartarazi digu (Charriton, 1991, 379), Aldude Urepeleko mugan bazirela gerlarako deia entzun eta harmadara hurbildu ez ziren frango, “insumiso” deituak, hortaz. Gendarmerie-ko txosten batean, 1916eko azaroak 23ri datxikona, Alduden 7 iheslari, 263 insumiso eta 40 soldado ditugu. Soldado horietarik zazpi ez ziren bizirik itzuli eta haien omenez egin zuen Danglade jaunak hildakoen herritarrek kargutu zuten obra. Horra (J. Etchepare, 1992, 255-261) orduko bestaren zer-nolakoak.

      1923eko maiatzaren 23ean, Jeanne d’Arc sandaren egunean, jende saldo bat bildu zen Alduden «berritan eraiki oroitmen harrizkoaren aitzinean... herritar gerlan hilen ohoratzeko». Orduko euskal gizartea, argazki baten antzora, ikusten ditugu partaideak:

 

      Andanaka zagozin, xutik, guziak: kontseiluko gizon, hilen aitama, gerlako kolpatu, soldado berri eta ohi, nexkato gazte, jandarma, oihan-zain, mugazainen aitzindari, herriko mutil, postako enplegatu, herritar behari —gizonak alde batetik, emazteak bertzetik— ikusliar arrotz —hiru herrietako mugazainak, lorezko korona edo hiru koloretan xingolatu batzuekin— eskoletako haurrak lerroka, loreño batzu eskietan, beren buruzagien meneko. Inguruneko leiho harresi eta baratzeak dena begi eta beharri.

 

      Arratsaldeko lau t’erdietan, berrogoita bost urtez (1920-1965), alkate izan zenaren mintzaldia, horri Etchepare jaun mirikuarena zerraikiola. Ondoren ikasleen aldia. Eskola-mutikoek izendatu zituzten soldado hilak, Zamukegi auzoko errientsak eraman zituen gero, bere nexkak, oroitarriaren oinerat eta han kantatu zuten Hymme des morts deritzaionaren zati bat eta eskuko loreak utzi larrainaren gainean.

      Esnasuko haurrek, bere aldian, korona eder bat pausatu zuten lehenik eta gero eskuetan zituzten loreak. Mugazainak joan ziren azkenik «beren hiru korona apainduekin, eta herriko familia batzuek ere, nigarrez bustiz, ereman zituzten berenak». Ez da gogoetan barnatu behar halako ekintzen eraginari ohartzeko, horrelakoak Iparraldeko herri gehienetan egin baitziren orduko agerkariez eta han-hemenkako berriez (Elissalde, 1985, 25) dakigunaz. Ordudanik eta luzaro euskaltzaletasuna, eliz gizonen eskutik, nazionalismo frantsesari lotua ageriko da.

 

 

[89] GARAT, Jacques. «Le pays Basque et la Guerre 1914-18». ENBATA. Baiona. 1981 /XI/18.

[90] Ikus Jacques Garaten testuetan, Insumisio eta desertzioa gerra haundian izenburuz, Juan Madariagak eta Vicente Huizik publikatuak Euskal Herria Egungo Aroan: Materiale eta Agiriak V. S. Bergara. 1990. 1155-57.

[91] Eskualduna. 1425. Baiona. 1914/ VIII/7.

[92] Lehen Gerla Handiaren eraginaz ikus ere Beñat Bidegorrik, J. Barbier-en oroimenean, izkiriatu zuen «Dezimaketa». MAIATZ. 3 zbk. Baiona. 1983, 36-39 or.

[93] ETCHEBERRY, Jean Baptiste. «Saint-Pierre jaun apezpikua». GURE HERRIA. 1976 (3). 170.

[94] «B¡ eskualdun». NAPARTARRA. 292. Iruñea. 1916/VIII/19.

[95] BORTHIRY-SALLA J-Batixte. Larraintarrak hüntü koblak. Maule. 1979-4-11.

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994