Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Kubako gerla

 

      Afrikako gerla akitu eta zortzi urteren buruan, Kubaren lehen saio antikolonialak gertatzen dira, Espainian, hain zuzen, kanporako politika xede ekonomikorik gabeko ohore nazionalean eta funtsik gabeko expedizio militarretan oinarritzen delarik. Bestalde, iragan bateratu eta espainol baten historian dihardute Espainian, ikusmolde hortarik Kuba utziezinezko merkatua izaki.

      J. Extramiamak, A Elorzak eta Joseba Agirreazkuenagak, batipat, hitz egin dute Euskal Herrian XIX. mendean sortzen ari zen sendimentu nazional berriaz, sendimentu espainolaz, hein haundi batean gerla kolonialek tresnatua. Joseba Agirreazkuenagak zuhurki azpimarratu duenez (Agirreazkuenaga. 1989, 154):

 

      La guerra de Cuba fue un hito extraordinario para crear un instrumento nacionalista español instrumentalizado por las burguesías comerciantes. Y en relación al País Vasco, constituyó, junto a la Guerra de Africa, uno de los momentos álgidos de la manifestación de patriotismo español en el siglo XIX.

 

      Urte hauetako agerkarietan zein bertso-berrietan Afrikako gerlarako sortu zituzten erranera, modu eta bonbezia patriotikoak oro errepikatzen dira; ez, hala ere, Kubaren beregaintasun gerlan (1893-1898) hartu zuten oldarraz.

      Gerlek, beste-en kontra isuritako odola, duda ezinezko garrantzia dute nazio modernoen sorreran edo, hobeki esateko, herritarrak projektu nazional-estatal horiekin baterat sendiaraz eta ekartzeko.

      Kubako gerlari —1895.eko urte hasieran, otsailak 24an Baireko Oihua deitu batzarrean datatzen bada ere— lehenagotik zetozkion erroak; José Martí-k 1892erako egina baitzuen Kubako errepublika berriaren Araudia eta haren aldeko zabalkunde politikoa New York-en, Santo Domingon eta Costa Rican bederen. Urte hauetan euskaraz egindako bertsoetan soldadutza eta gerlaren mixerien kontrakoez landarat, mendeku-toberak, kubanoen aurkako ihardunak eta espainoltasunaren aldeko solasak nabarmen gertatzen dira.

      Emeterio Arrese menturazale eta olerkari tolosarrak (1869-1904) hauxe dio Aurrera izeneko bertsotan (Zavala, 1983, 61):

 

      Zer uste dute moro zar oiek

      española garaitzia,

      gure kopeta beren indarrez

      umill goi beratutzia?

      Mutur zapalak, ez dakizute

      zer dan emen jaiotzia,

      seme leialak dakin bezala

      amarengatik iltzia.

 

      «Moro zar oiek, mutur zapalak», batetik, Españaren «seme leialak, amarengatik» hiltzeko prest bestetik, edo, beherago ekartzen duenez «iberotarren ume jatorrak, Kubara goaz Euskal-Erriko / seme leial t’agitz onak.» Etsaiak, Gomez, Maceo, eta, zerrien iduriz, yankiak «ezkurgozoa jan-nahiak.» 1896ean, Tolosan egin bertso hauetan jar dezadan azkena (Zavala, 1983, 63): «Goazen mutillak /.../ Maceo’tarrak betibetiko / itxasopian sartzera».

      Pepe Artola, Soroarekin batera euskal teatro modernoaren bulkagileetariko bat izan zen eta bertso-jartzaile ugari ere. Horietan baditu «Oroitza», Kuban-n gudan dabiltzan espaniarrei egindakoak[87] non eta Arreseren antzora diharduen. Honela dio 4.ean, kasurako:

 

      Española beti da

      noble eta fiña,

      orain artean iñork

      bentzutu ezina;

      badiruri jaiotzez

      gudarako egiña

      bada onek artzian

      barrendikan griña,

      ill artian egingo

      du fiñ alegiña

 

      Dohai horietaz hornituak garaitezinak, nonbait, 5.ean dioenez:

 

      Españolik ez dute

      iñoiz menderatu,

      milla bider naiz eta

      gogotik saiatu...

 

      Beste autore ezagun bat dukegu aipagai, Juan Venancio Araquistain Tradiciones vasco-cántabras-en egilea, bere baitu, Euskal-Erria-n, 1898ean publikatu zen yankien kontrako erdal bertso hau:

 

      Ardiendo en fuego de rapaz codicia

      el gringo infame nos provoca a duelo,

      y hallando toda fe, toda justicia,

      tiende su garra sobre el patrio suelo... /.../

      ¡Dios nos protege! ¡Nuestro es el derecho!

      láncense al mar las flotas españolas,

      y caiga el gringo a nuestros pies deshecho

      o húndase España entre sus olas.

 

      Artikulu frango azaldu zen eta baita bertsoak ere sortarazten ari zen giroaren erakusgarri; ondokoak Zavalak dakartza (1983, 67, 101-102) Kaietano Sanchez Irurena, kasurako:

 

      Ontzi eder bat oraiñ / guk emen egiñik / españolak gerala / erakutsi nairik...

 

      Edo Elias Gorostidirena, Pakea izenekoa hola hasten dena:

 

      zer pasatzen da gure Españiya’n / nere amatxo maitea?

 

bi aldeko sorterri batez amaitzeko:

 

      Erruki zaitez izate onetaz / zeru ta lurren Jabea / emanik gure Sorterriyari / merezi duben pakea.

 

      Gorostidi honek, errepublikarra izanki, monarkiari leporatzen dizkio orduko gaitzak; Errepublikarekin, Igualdadeko banderapean

 

      [...] beti izango da / gure Españiyan pakia.

 

      Antonio Zavalak ekartzen dituen datuen arabera agerkariek izigarrizko giroa sortarazi zuten Kubako gerraren karietarat, Estatu Batuek parte hartu zutelarik, batipat. Donostian, kasurako, manifestazione gaitza antolatu zuten. Aurretiaz gazte zenbaitek banderak eta zeramazkitela, ondoren Unión Lírica elkarteko musika-banda, Cadiz-ko martxa jotzen,[88] azkenik herri saldo haundi bat txaloka eta Viva España-ka. Honetan kalez-kale ibili eta gero kontsuladoen bisitatzera joan ziren, Teatro Principal-era batzarrea egiteko eta handik Gobierno Civil-era erabakien erakustera.

      Manifestazioneak beste zenbait herritan ere gertatu ziren: Tolosa, Irun, Oiartzun, Errenteria, Pasaia, Andoain, Ordizia, Zumarraga, Legazpi, Arrasate, Oñati. Bainan ez ziren hortara baratu. Elizkizunak ere egin ziren, Jainkoari laguntza eskatzeko, Donostian eta hainbat lekutan. Tolosan prozesioa. Zumaia, Oikia, Arroa, Aizarnazabal eta Itziarrera joan ziren beilaz.

      Diruaren biltzeko karriketan barrena eskeak egiteaz lekorat, ere teatro-jaialdiak eta pilota-partiduak eratu ziren hortarako. Diputazioak hirurehun mila pezeta eman zituen. Udalek, berriz, ahal zutena. Hona hemen Andoaingo Udalak, 1898eko maiatzak 4ean, herritarrei igorri zien eskea, euskaraz idatzia zegoena, horra lehen eta azken pasarteak:

 

      Gure Jaun eta adiskide: España leialari eman dio gerra bide gabe Estados Unidos deitzen zaion naziyoak. Orain lareun ta sei urte bizi ziren naziyo hortako jendeak zentzu gabe, salbaje moduan, lau oñekoen gisan, eta gure Españaren laguntzaz argitu ziren, gizon egin ziran; zer pagu emateko? [...] español leiala zeran partetik, gure naziyoa atera dediñ garailari, erregutzen dizugu eman dezazula zerbait, dagokizun eran, suskripzio edo ofrenda ortarako.

 

 

[87] ZAVALA, Antonio. Kubako gerra 73-76 or. Ohartzeko dukegu, bestalde, 1896eko bertso hauek hiru argitaraldi, bederen, ezagutu zituztela denbora laburrean: Euskal-Erria-n, Unión Vascongada-n eta Diputazioak bere konturakoan; egileak berrogeita hamar pezetako saria irabazi zuen Mondragoeko olerki-sariketan.

[88] ZAVALA, Antonio. Kubako gerra, 93-95 or. Martxa hau euskaraz bertso-paperen bidez zabaldu zen; bertan ikus dezakegu, besteren artean,

            Balientiak aurrera

            baioneta zorrotz

            beti trankil biyotza,

            egiñas beti gala

            españolak gerala,

            zergatik odola

            edo balorez izan da

            española!

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994