|
Euskaldungoa erroizturik
Beharraren mintzamoldea (II)
Aipa dezadan, hasteko, T. S. Eliot-en kontsiderazio hau:
Bere hizkuntza gorde eta ere, bazterkultura bat da beste bati hain hertsiki estekatua dena non biztanlegoaren klase guziak (eta ez batzuk bakarrik) elebidunak izan behar baitira. Bereizten da nazio xume independienteko kulturatik zeren, azken honetan, soilik klase batzuk jakin behar baitituzte beste hizkuntzak, eta atzerriko hizkuntza bat jakin behar dutenek bizpahiru behar baitituzte, hain segur-halako moldez non atzerriko kultura batenganako erakarpena, gutienez, beste batenganako erakarpenak orekatu baitu. [...] Egiazko bazterkulturabat da, arrazoi geografiko edota beste zenbaitengatik, beste azkarrago batekin erlazio iraunkor bat duena. [...] Baldin eta Irlanda, Eskozia, eta Gales bereiziko balira osoki Ingalaterratik, bereiziko lirateke Europatik eta mundutik.
Garbiago da “hizkuntz gutiengo” eta “hizkuntza gutitua” adierazpideak hiztegi eufemistiko edota alderdikor bati dagozkiola, hartaz baliatzen ohi baita enkaratu nahi ditudan funtsezko arazoen alboratzeko. Lehenik, gutiengo eta gutitu. hitz beraiek ere aski desegokiak dira zenbatezko berbetan adierazten baitute berez nolakotasunezkoa den harreman joko bat. Hiztunen proportzioak eta erabileraren maiztasunak ez dute, zuzenik, ikustekorik. Erraza da erakustea arau eta erregela sistima baten aplikazioak sortuak direla. Garbi da edozein zenbatezko distribuzio batetik hasita, arau eta erregela haien menpean den hizkuntza bat hertsiki gutitu bilakatu dela —eta, azkenean, desagertuko dela osoki. Eta hau beste objezio bat da: adierazpideez gain, ageri da prozesu bat aurreratzen ari dela-, Eliotek aipatzen zuena zioelarik, adibidez, bazterkultura batek “kontserbatzen” duela bere hizkuntza. Arrazoi zenbaitengatik prozesua ez ohi da ezagutzen eta enkaratzen prozesu bezala, bakarrik suposatzen ohi da “dagoeneko” edo “oraindik” esaten den aldiro. Adieraz genezake askok suposatzen dutena eta esan egoera gutitu bat dela “dagoeneko iraungitzera kondenatua zen hizkuntza bat oraindik erabiltzen den egoera”. Nolanahi ere, adierazpideak bigarren mailakoak dira. Erretorika eta bilaketa diskurtsoaren norabide eta estilo orokorrak dira. Hiztegizko maileguak orokorki eta izen bereziak partikulazki badoaz euskaratik beste hizkuntzetara erdararen bitartez, halako moldez non erdararen duten formen hatz foniko edo grafikoak eramango baitituzte. Iparraldeko euskaldunek anglizismoak ahoskatuko dituzte frantsesez eta Hegoaldeko euskaldunek gazteleraz egingo dute. Hiztegizko maileguak eta izen bereziak noiz behinka gertatzen direnez, egin liteke corpus baten osatzeko saialdia; orduan, biltzeko modu honen ondorio errapikatuek erakutsiko lukete, so egile zorrotzarentzat, erdararen artekatze hori “normala” dela. Bilduma egile eruditoak askietsiko du, bitartean, bitxikeria nahaste borraste baten biltzea. Beti bezala, oihanaren eta zuhaitzen kontu hori izanen da. Artekamendu oztopagarriaren beste erakuskari ohitua da itzulpenak, orokorki, zeharka egiten direla: erdararen bitartez. Bai mintzatze eta aipuen egiterakoan eta bai, makurrago eta adierazkorragoa dena, idazterakoan. Ohartzekoa da Hegoaldeko euskal itzultzaileen egiazko “lingua franca” gaztelera dela, Iparraldekoentzat frantsesa datekeen bezala. Adibideak kontezinak lirateke baina, bereziki adierazkorrak idatziak direnez, oroitzen naiz kazet artikulu batean P. Perurenak «Talesek filosofoak zioen bezala: No te avergüences de hacer en público lo que...» idatzi zuela; horregatik egin zitzaion erantzuki bat eta, ororen buruan, Perurenak, bere buruaren justifikazioan, esaten zuen bera zela —eta horrela jokatzeagatik hain zuzen— erantzuki egiten ziona baino askoz ere euskaldunagoa (ikusteko gauza zen «naturalagoa» adierazpidea erabiltzen zuela).[35] Erakuskari zerrenda bati gehitu egin dakioke atzerritar guztiei erdaraz mintzatzeko joera “natural”, euskaraz nahiago dutela adierazten dietenei ere bai. Kasu honetan, badirudi euskaldunek kontsideratzen dituztela arrotz guziak kanpotar sailkapen orokorraren barrenean —beti erdaraz mintzatzen zaizkie oharkabean ez baitute pentsatzen ahal ezezagun batek euskaraz lekikeenik. Erdaraz haiekin aritzeko duten iraupenak-jakin eta ere solaskide horiek euskaraz dakitela eta nahiago dutela darakusa, agian eta itxuraz, euskaldunek gordetzen dutela hizkuntza hau etxekoentzat eta iruditzen zaiela gehiegizko trebezia dela arrotzekiko harremanetan. Euskara ez da, elebitaratze aldian ere, kanpotarrekiko hizkuntza. XIX. mende erditsuko Zarautzen bertan, monoglota abantzu, Mathilde Van Eysek ikasi zituen jendetasun-giroko solasak erdarazkoak ziren: «Buen provecho, Ave María Purísima, Sin Pecado concebida...». Kozinertsekin mintzatzeko, berriz, baratxurik gabe ikasi behar zuen. Beti ere, euskaldunek duten erdararen artekamendu horren onartzeko joerak behar du analisi xehekiago bat; orokorki, hiru modutan gertatzen da eta horrela bereizi behar da: a) Euskaldunen zerua, edo erdararen dragoi maltzurra euskaldun zaldun eredugarriak nola haren lezera itzularazi duen: Erdararen artekamendu oztopagarria gertatzen da euskararen kultura bazterkultura bilakatzeko prozesuan eta, gutienez, eskolatik hasten ohi da. Kasu honetan, bazterkultura horretara behartua suertatzen den euskalduna bihurtzen da bilakaeraren kontra eta berreskuratzen du, beretzat eta euskararentzat, kulturaren eremu osoa; euskara eta erdara gelditzen dira bakoitza berean. Mitxelenak, adibidez, esaten du bere batxilergo denboran ez zekiela bere ikaskide asko euskaldunak zirela, orduan euskara bazterkulturako basa mutur batean zeukaten denek, kulturatik kanpo suertatzeko zorian; denboraren buruan, aldiz, A. Loidirekin aurkitzen da berriro, euskalduntasuna balore bezala ezagutzen diote elkarri eta biek beren gazte denboran elkarrekin iragan gertakariak euskaraz birreraikitzeko gai dira; areago ere, L. L. Bonaparte ezagutu dutenez geroz, eztabaidatzen dira bakoitzaren sortetxeko euskarak duen eta ez duenari buruz sailkapen “kulto” horren arabera; artekamendu-oztopo hura lehenik mugatzen eta gero ezabatzen da. Mitxelena egiten da belaunaldi oso baten eredu (euskararen muga zaindaria eta gidaria). Axularrek zezaguken Urrezko mendearen erdara, erdararen inperioaren erdian, baina horrek ez dio kentzen euskararen goi ereduaren moldatzeko... b) Artekamenduaren izate ñabarra edo euskara normalduaren artekatze oztopagarria: Kasu honetan, euskaldunak senditzen du euskara eta erdararen arteko alde neurtezina, bi mundu dira, artekamendua ez da esistitzen beretzat, eta euskaraz edo erdaraz aritzen delarik, elkarren arteko artekaldiak ez dira trabak bezala ikusten (gorago aipatu Perurenaren “natural”...). Euskara eta erdararen aldiak halabeharrarenak dira. Baina hemen beste artekamendu oztopagarria sortzen da: euskara normalduarena. Bada euskara, bada erdara, eta bada erdararen aldera joarazten duen euskara normaldua, arroztua. Demagun zuberotar batek ETB ikusten duela (ETB-ren humorea, adibidez, edo itzultzen da gazteleratik edo artekatze oztopagarri areagotu batean bermatu hitz jokoak dira): frantsesera jotzeko zezakeen dudarik xehena deseginen zaio.. Demagun euskara birrikasi (euskara normaldua ikasi eta egiazko euskara zokoratu) behar duen amatxi bat bere bilobarengandik: artekamendua euskara normalduak itxuratzen du beretzat... Demagun euskararen goi-eredua ikusi nahi ez duen eta ahantzera kondenatzen duen beren heineko euskara normalduaren eredu asmatu duten erdaldun frustratuen letratu talde bat (euskararen kulturaren izena daraman bazterkultura berriaren lobby ezinago eraginkorra erdiesten ari da euskara kulturazko hizkuntzari buruzko bidearen hestea...[36]) Euskara normalduarenak dira euskararen baitan suertatu egiazko artekamenduak, berme ofizial dutenez geroz erakundetuak dira, izanez ere, ezinago zehatz, neurtu eta zuzenak dira: “bateratze” bezalako eufemismopean ordezkatzea nahi baitute hondarrean.... d) Artekatzea ordezkatze bilakatu nahia: Beren buruaren gutiesleek erdara dute egiazko jomuga eta, kasu honetan, euskararen artekamenduak nork bere buruaren, eta euskararen beraren, gutiesteko motibuak dira. Emakumeek osatu dute tradizionalki erdararen aitzinaldekoa eta ez da gauza bitxia ikustea erdaraz aritzea beren artean, euskararen artekatze —beraientzako ahalkegarri— handi batekin. Suertatzen ahal da euskararen aldeko gutiestea maskaratzen dela euskara normalduaren aldeko gutiestearekin. e) Esistitzen ez dena: Erdaldun gaiztoek bortxatzen eta azpiratzen dituzte euskaldun gaixoak. Mesianismo eta integrismo zenbaitek asmatu doktrina soilik erdaldun gixajoren batek egiazki sinetsi duena. Hondarrean, esan gabe doa asko ez direla egonen garbiki maila hauetako batean. Gehienetan, ez da ezertan ere kontsideratu behar interesatuak eginen duen bere buruaren kokapena. Idazlerik gehienak —bereziki gorago aipatu lobby horretako kideak— d)-en daude —ez bakarrik erdararen bitartez bazkatzen eta elikatzen direlako, baina ere erdararen ereduak miresten dituztelako eta helezinak kontsideratu[37], euskara bilakatu dute gutietsien aterbe— eta esanen dute a) edo e)-en daudela. Nolanahai ere, lobbyaren azken jomuga ez da euskararen ordezkatzea eta euskararen kultura bazterkultura bilakatzea, horiek beren bideak dira, besterik ez; lobbyaren azken jomuga bere buruaren eta bere lehentasunaren kontserbapena da eta orain euskararen bizkar egiten badute, lehen egin zuten —eta dute— erlijio edota irakaskintzaren bidez; bestela esateko, ez dira euskararen beherapenaren kausak baizik eta ondorioak, ezinago ageri baita soilik beherapenean den hizkuntz komunitate baten baitan sort litezkeela halako bizkarkinak. Egin litezke, halaber, sail bakoitzaren azpisailak baina, hondarrean esan dezagun, bakarrik, tartekatzea dela egoeraren funtsezko ikuspegi bat. Honetaratua den euskaldunak uste du mundua beste nonbait dela, balore unibertsalak euskararekiko zerikusirik ez duten espazioan bizi izanki. Itzulpenetatik hasi egunkariak suertatzen dizkionetaraino. Hamaika gertaldi dituzkegu aipagai. Hona hemen Ramon Saizarbitoria kondatzen duena GALEUZKA ihardunaldietan, 1991ean:
Gogoan dut nola behin antzerki obra bat antzeztu genuen Azpeitin, euskaraz noski, eta amaitu ondoren emakume batek uste zuen gaztelaniaz entzun zuela, alde batetik pertsonaiak, arrotz egiten zitzaizkion euskara batuaz hitz egiten zutelako, baina baita ere Kate eta James bezalako izenez, esmokinez eta pamelaz jantziak azaltzen zirelako.[38]
Kanpoko hizkuntza, munduarekiko, hots, gizarte modernoarekiko zubi bilakatu denez, norberaren sukaldeko ez den guztia, maileguak, filmetako mintzaira, saindu, santa, politikero, pailazo eta artisten izenak delako hizkuntzak tresnatzen ditu. Ez da hemen miresgarri, bada, nihauk, behin, Bilboko ostatu batean, beltz frantses bati entzundakoa. Euskal Telebistan euskaraz indioetako film bat ematen ari zirela; beltzak 'aipatzen zuen zein bitxi gertatzen zitzaion indioak euskaraz entzutea (frantsesez entzun beharrean, noski!). Adibideak ez zaizkigu faltako. Gipuzkoan, “intelektualen” artean, gertatzen den erdaltzaletasun patologikotik hasita, euskaraz ari direla gaztelaniazko esamolde osoak artekatzen dituzte —egiazki solasaldiaren funtsa bera—, edota lurralde berean, bertso-norgehiagoketan diren gaijartzaileen jarrerak ikusita («Toshack-ek jango al du turroia Madrilen?» bezalakoak plazaratzen[39]) Aipa dezadan hemen Aracil-en (1983, 193) lekukotasuna artekamendu itogarri horri buruz:
L’idioma interposât funciona sempre com una válvula selectiva que controla d’alguna manera les relacions entre la comunitat de X i la resta del món.
Berdintasun honek badirudi egoera gutitua bezain zaharra. Behar bada zehatzagoa litzateke esatea egoera gutitua hasten dela berdintasun honekin batean. Beti ere, egoera finkatzen da euskaldunek erdararen ikasteko eta mintzatzeko behar handiagoa dutenean beste edozein mintzaira baino gehiago. Alde bakarreko elebitasuna —egoeraren ezaugarri nagusia— dagokie erdarak inposatu eta behar dituen baldintzei. Baitezpadakoa eta utzezinezkoa bilakatuz geroz, gizartearen kide “normalentzat”, denek badute erdararen erabiltzeko behar eta aukera gehiago euskararena. Euskara baino, beraz, hanbatik hanbatean, behar gutiagoko eta baztergarriago egin da. Baitezpadako artekatzea normala da erakundeek errazten dutelako erdaratik beste hizkuntzetarako sarrera, ez euskaratik zuzenekoa. Beste hizkuntzetarako sarrera da erdarak monopolizatzen dituenetarik ahalmen bat. Eta erdararen bitartez eta harekilako ikasten baitira beste hizkuntzak, berauen eremuek dirudite harenaren gehigarri edo hedapen bat. Halabeharrez, kidetzen ohi da erdara —eta ez euskara, jakina— beste hizkuntzekin, eta alderantziz. Bestalde, euskara dakiten atzerritar bakanek —hau bai, salbuespenik gabe— ohi dira erdara dakitenen azpimultzo bat, seguraski lehenik ikasi baitute eta haren bidez ezagutu eta ikasi baitute euskara. Ikusi dugu erdarak egiten duela bitartekari lan bat euskara eta beste hizkuntzen arteko bide guztiak dauzkalako. Behar bada, zeregin horretan erdara egin da beharrezko eta ezinbestekoena. Artekatze hori balio bikoitzekoa da, halaxe delako hizkuntza bitartekariaren zeregina bera: badarama eta trabatzen du, darakusa eta ezkutatzen du, zabaltzen eta hesten du, batzen duen puntua da, eta bereizten duen hesia. Balio bikoitzarengatik, hain zuzen, arazoa auzigarria da. Areago ere, badirudi erabakiezina zeren alde edo kontrako eritzi oro eztabaidagarri baita. Seguraski erdara hizkuntzaren goraipatzeak engainagarriak dira. Helburu salbatzaile eta zibilizagarriaren erretorika inperialismoaren justifikazioa ohi da —eta, agian, haren ikuspegi nekagarriena. Lotsarik gabeko engainua ohi da sostengatzea erdara hizkuntzak “hobetu”, “salbatu” edo “libratu” dituela euskaraz mintzatzen direnak. Eta —ez gaitezen engaina— itzulerarik gabeko bidea da euskal letratuek beraiek beren gogo zolan daramaten mezua eta komezimendua delarik. Baina, bestalde, onartzen ahal da erdara hizkuntza heldu dela betetzera zeregin inportante bat gizarterako: artekamendu itogarria modus vivendi bat da; orduan, erdara ezinbestekoa dela ezagutzea konstatazio objetibo bat da. Ordezkaezina dela suposatzea, berriz, asmo alderdikoi bat da. Ageri da erdara beharrezkoa izanen dela ordezkatzen ez den bitartean —halaber, ageri da ez dela bapatean ordezkatua izanen. Irlanda, Eskozia eta Galerriaren bakartze perilari buruz Eliotek esan zuena egia da baldin eta suposatzen bada ez direla arduratuko gainerako munduarekin kontaktatzeko. Elioten hipotesia, esan gabe doa, gogoragarria da; baina ez da menturazkoa ez itxurazkoa: irlandar, eskoziar eta galestar batzuen kezka nagusia da, hain zuzen gainerako Europarekin harremanetan egotea. Euskararen edozein promozio soziala, ez badu harremanetan ezarri beste hizkuntzekin, impasse bat izanen da: hondarrean, bere burua goratu nahi zuena belarretarik atxikiz. Beste moduz, euskarak ez badu hartzen bere komunitaterako orain erdarak daukan zeregina, desegoki eta eskas segituko du izaten eta arrazoia edukiko dute hiztunen sakrifikazioa hizkuntzaren idoloari nahi ez dutenek. Beti ere, eskasia hori juxtuki da artekatze oztopagarriarekiko egokiera osoa: barneko traba egokitzen da kanpokoarekin. Arrazoia dute, beraz, euskararen aldeko zaletu amorratuenengan joera isolazionista eta herrikoia nabaritzen eta salatzen dutenek. Euskara erlazionatzen bada «Naturaganako itzulera» batekin, hori da, nolanahi ere, Historiari bizkar ematea. Gizarte guztiek ospatzen dituzte beren jatorri mitikoak, eta jotzen dute pentsatzera beraiek bakarrik direla jendeaeta Humanitatea (aipatzekoa litzateke, besteak beste, Levi Straussen Race et histoire, 1952). Xobinismoak, bereziki, dirudi xelebrea gutiengoen kasuetan. Esan daiteke, zuzenez, xobinismo hau arinago, patetikoago eta ezteusago eta ulergarriago, ordainketa edo defentsazko erreakzio bezala. Egoera tipikoa ohi da, xobinismo hau, artekatze itogarria gainditu beharrean, egokitzen dela beharretik bertute eginez. Autarkiaren nahi izatea independentzia aldarrikapenak bezalakoak dira. Egoera gutituak polemikak sortzen baditu ere, badirudi artekatzea dela ikuspegi ezkutu bat eta polemistei ihes egiten diena, behar bada, hain ageria delako non guztiek natural eta ezinbestekoa kontsideratzen baitute. Baina, afera da espreski artekatzen den hizkuntza ez dela ibilgailu soilik: itxuratzen, moldatzen eta berregiten duen bitartekari bat da. Traduttore traditore hura bezala harremanaren edukinak mozten, desegiten, engainatzen eta ordezkatzen dituen traba da. Edozein moduz, erdararen jarrera erabakiorra da. Artekatzen den hizkuntza badabil maratila hautatzaile bat bezala: Aracilek oroitarazten zigunez, kontrolatzen ditu euskara eta gainerako munduaren arteko harremanak. Eta bi aldetarako helmenaren monopolioak badauzka osoki bestelakatuak diratekeen ondorioak. Artekamendua antolaketa topologikoa denez, inposatzen du bide bat. Ageri da eragiten diola errealitatearen zentzuari. Alde batetik, euskararen eremua, erdararenak inguraturik, irla bat da. Egia bada ere eremu guzia hetsia dela, per defitinionem, eta adierazten duela barne/kanpo kontrastea, kasu honetan, hala ere, euskararen berehalako auzokidetasuna beste hizkuntzarena da baina, juxtuki, barneko honatalde eta kanpoko haratalde arteko osoa bereganatzen duena. Erdara, beraz, ez da kanpoko ontasun bat, ez da arrotza. Sailkapen engainagarri oso bat da, ordea, osagailu bakarra daukana eta esannahi bereziarekin. Erdararen jarrera engainagarriak baduka ikuspegi inportanteago bat: euskaldunen jarrera dudagarria eta seguru gabea, batez ere elebidun bilakatzen direlako erdararen erdiestearekin eta erdararen hizkuntz komunitatean sartzearekin. Segurtasunik eza adierazten ohi da harrimen, gaizki konprenitze eta ondorio bitxien bidez: “arrotzen” aurrean euskaldunak agertzen dira —beraiek ere aurkezten ohi direlako— erdaldun bezala; bestalde, erdaldun bezala agertzen ohi zaizkie “arrotzak” ere. “Nortasunak” zerikusi handia daukanez jendeek elkar hartzen eta harremanetan sartzen diren moduekin, honekiko nahasteek eragiten diote errealitatearen zentzuari ez dira, bada, inola ere, azalezko gora beherak. Konprenitzekoa da, halaber, euskaldunen hizkuntz komunitatearen gartzelatzeak erdararen baitan eragiten ahal duela lehenarengan setio sentsazio bat. Bereziki euskararen puristak dira gehien pairatzen dutenak; ez daude, egiazki, arrazoien eskas: gartzelatzea baita, dagoeneko, absortzioaren hastapena. Zalantzarik gabe, purismo oro defenditzaile ohi da. Gutituen purismoak dirudi, gainera, monomaniakoa zeren orotan dagoen mehatxu baten defentsa baita. So egilea ohartzen da erdara dela beti euskararen puristen erreferentzia (ageria ala ezkutua).[40] Edozelan ere, ezagutu behar da ezezko dependentzia hau aski esplikagarria dela. Ageri da, halaber, tartekatzeak laburtzen duela euskararen eremua erdararen gehigarri bilakatuz; alde bakarreko elebitasunak bezala euskararen komunitate erdararen azpimultzo bilakatzen duen bezala. Euskara gelditzen da zaku hondo batean sarturik, munduko bazterrean. Euskararen jarrera aski baztertua eta ezkutua da eta, horren arabera ere, bere izatea bera ezezaguna ohi da edota errazki ez jakingarria. Erdal artekatzea, beraz, funtzionatzen ohi da traba edo oztopo bat bezala euskara bera ezkutatzen duena erdararen atzean —eta barrenean—. Euskararen ezkutatze hau —bere azken iraungitze baino aski aurretik doana— erdal artekatzearen ikuspegi inportanteenetarik bat da. Beraz, euskara desagertzen da modu batez, beste modu batez baino askoz ere lehenago. Horrek ere eragiten dio errealitatearen zentzuari. Hizkuntza bat agertzen delarik modu artekatu eta iheskor batez soilik oso zaila da ezagutua izan dadila. Eta, jakina, ezagutzen ez den izatea ez da osoki “erreala”. Eskuharki, erdal artekatzeak dirudi egoera de facto soil bat. Baina esperientziak darakusa, noizean behin, orden arautu bat dela, finkatua eta defendatua araudi aski azkar baten bidez. Euskararen sartzeak —oldarka sartzeak, beharko— bere hiztunen arteko harreman eta erlazioez kanpoko eremuan ematen ahal du, oso zuzenki, ohiz kanpoko transgresio contra natura bat, eta, beraz, erreprimitua irain eskandalagarri bat bezala. Kasu batzutan —orain euskara bezala— erdal artekatzea orden publikoaren afera da. Egiazki, ez da gai hutsal bat, lehen mugidan pentsa zitekeen bezala. Erdal artekatzearen ibilera konprenitzearekin jakinen dugu ezagutzen modu eta kontestu ezberdinetan. Lehen etapa batean, orokorki, artekatzea finkatzen da bi hizkuntz komunitateen artean; eragina, beraz, “mugetan” dago eta oraindik ez du barrenean eragiten. Geroko etapan, ordea, hasten da barneratzen eta denetan sartzen. Gurean, euskara eta erdararen arteko harreman publikoetan sistematikoki jotzen ohi da erdararen alde. Hori bizkortzen da erdararen ikasketa beharrezko eta ezinbestekoarekin, erakunde publikoek inposatua eta faboratua. Elebitasun aldebatekoa da hartzen dituena (kasik) euskararen hiztun guztiak, luzeran euskaldun monoglotak desagertzen direla; bitartean, erdaldun monogloten multzoa handituz doa. Egoera honetan, oso esplikagarria da euskaldunek, elebidun bilakaturik, jo dezatela beste hizkuntzara —espainol edo frantses erdarara beren erdaldunekiko topaketetan. Esan gabeko omen kategoriko bat finkatzen da erdararen alde aukera dudagarri guztietan, zalantzaren bat izanez geroz, euskaldunek nahiago dute huts egitea norabiderik seguruenean. Gainera denek suposatzen dute lagun guztiek dakitela erdara —eta ez da suposatzen ezezagun batek euskara jakin dezan. Euskaldunek, alditik aldira, jotzen dute erdara aldera hizkuntza neutral bezala. Hori da hipotesi zero bat, hasieratik esan gabe doana. Erdara gauza arrunt bat bilakatzen da euskaldunen bizitzan. Izanez ere, euskaldunek erabiliko dute erdara toki guztietan, salbu eta beren harreman zuzen eta pribatuagoetan beste euskaldunekin. Beraz, euskara bilakatzen da gero eta bitxiago, harreman horietako salbuespena izanen da. Erremarkatuko da honek edo harek euskara dakiela, eta ez kontrarioa. Atzerapen honetan euskararen eremua bihurtzen da irla multzo bat, irlatxo xumeek osatua. Erdararen eremua hedatzen da euskal hizkuntz komunitatearen apur sakabanatuetan zehar. Erdarak hartuko du funtzio bilgarri bat, juxtuki euskal hizkuntz komunitatearen egoera sakabanatuaren arabera. Hau ez da, beraz, artekatzea baina, egiazki, sartzea, eta kanpoko setioari gehitzen zaion birrindartze bat da. Lehenbizikoan elebitasuna da, baina, sartzearekin batean, hasten da elebakartasunaren prozesua: lehenbizikoaren kontrarioa. Euskararen uztea etorriko da —berandutze batekin, baina behar bada soilik belaunaldi batekoa— erdararen hartzearen ondotik. Aldebateko elebitasuna prozesuaren behin behineko aldia da, haren bidez euskal populazio monoglota egiten da erdal hiztun elebakarra. Euskal elebidunak desagertuko dira —elebakarrak desagertu ziren bezala— eta denak ariko erdaraz denekin, eta euskararen iraungitzeak markatzen du prozesuaren bururatzea. Beti ere, izaten ahal da beste prozesu bat: Mexikoko iparraldean, adibidez, herri batzuk naturaldu zuten gaztelera doi yanki konkista baino lehen —edota doi geroago!—. Posible da, beraz, hizkuntz komunitate bat hain zorigaitzekoa izatea non, azkenean, hartzen baitu inora ez doan tren bat.
[35] «Eskandalo publikoak», Nafarroa gaur, 87-10-17, eta «Irain publikoak», ibidem 87-10-24. [36] J. B. Orpustan, Mazantini, III zbk., Iruña, 1992: Ela gonparatzen badira duela hiru mendetako idazleek idazten zituzten gauzak orain entzuten direnekin... euskara hizkuntza kultural bat izaitetik gelditu baita noizpait edo gelditzerat abiatu bederen [...]. [37] Delibes bezalako espainol idazle bat —hots, haren gaztelerdararen erabilkatzeko eredu helezina— dateke munduko eta aro guztietako idazlerik miretsiena (!) —eta aipatuena— Hegoaldeko euskal letra bazterretan. [38] SAIZARBITORIA, Ramón. «Aurkezpena», Galeuzka, Iruña, 1991, 104-107 or. [39] Eta, makurrago dena, Iparraldeko bati. EPALZA/ARISTORENA, «Alkhat ez da enteratzen», Egunkaria, 1992/azaroak/8. [40] «Erderismos» eta «Erdarakadak» beti. Ikusteko gauza da nola aipatu lehen izenburua zeraman liburuan, Altubek badoa harik eta proposatzeraino Axular bera gaitzetsiko lukeen sintaxi purista bat arte —ikus, bestela, proposatzen duen orden uralo altaiko hertsia—; liburu horren ondorioak aski ageriak dira orain ere: mass medietako euskara da ekonomiaren legearen aurka doan hizkuntza bakarra, adibidez «egin» orotariko laguntzaile obligatua bilakatu da aditz guztientzat —«ibili egingo da» bezalako perlak sortzen dira—. Purismoak, orain, bazter-joera bat euskara osoaren (eta kaltetan) lege bilakatzen du. Hondarrean, artekatzeak sortzen ahal —eta ohi— du purismoaren bidez defendatuak berak pairatu beharko duen defentsa bat. Honek, gainera, birrindartzen du gorago aipatu «euskara normalduaren» artekatze lan kaltegarria.
Euskaldungoa erroizturik |