www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

48. TXIRRIKIZ-EN TXILIBITUA

 

        Mikel eta Peli eskola-mutikoak, egun baten, erriko enparantzan intxaurrakaz «bibika» jolasten ziarduela, «Txirrikiz» gaitzi-izenaz ezagutzen zan eskeko aguratxoa enparantzearen erditik elizarantz igaro zan.

        Mutiko biak, Txirrikiz ikustean, euren jolas polita bertan-beera itzita, arlosa baten ganean jarri ziran, agurea arretaz begiratzeko ustez.

        —Ene!, or non doan Txirrikiz agura zaarra! —esan eban Peli-k barre-destaiñez—. Gure kortako asto zaarra baiño be narrasago yabik agura ori-ta...! Orrek yaukok itxurea, ostera! Olako agura zaarrari irri ta barre egin bear yautsaguk, Mikel. Gaur arratsaldean, «bibika» josten aspertu ganean ezkero, zetan edo atan astia emon bear yoagu-ta...

        —Ni ez noak zaarrari eta batez be eskekoari irririk egiten —erantzun eutsan Mikel-ek, eskekoari begirunez begiraturik—. Eskekoa ta agurea iraintzea oben andi-andia dala esaten yok beti gure amamak. Ia-ia Jaungoikoari berari irri egitea lakoxe obena dala esaten yok arek. Beraz, ni ez noak orretan.

        —A, leloa! ¿Amamaren esanak buruan-eta abil oraindiño be? Nik, olako atsoen esanai katuak sagarrari aiña jaramon egiten yautseat. Atsuen esanak zeatz egiten ba-abil, orraitiño, oillo ta erdi izango az beti.

        —Atsoen esana dala naiz ez dala, ire esanak dirala naiz ez dirala, ni ez noak eskekoari irririk egiten eta kitu. Naiz arek esan, naiz orrek esan, txarra dana, txarra, eta ona dana, ona izango dok beti. Ik be, barriz, Peli, Txirrikiz-i irririk eta barrerik egingo ez ba-euskiok obe...

        Baiña Peli mutikoak, bere lagunaren esanari jaramon egin bagarik, atzetik arinka joanda, eskeko agureari irri ta barre egin eutsan, onela zirautsala:

 

                Txirrikiz mirrikiz

                sabela-bete txarrikiz...

 

        Baiña Txirrikiz-ek, destain-berba iraingarriok entzunarren, mutikoari ez eutsan asarrerik egin; bestetara bai: aurpegi otzan-otzanaz begirakune gozoa egiñaz,

        —Mutiko polit ori —esan eutsan—: ez adi orren okerra izan. Agura zaarrari, eta batez be eskekoari, irri ta barre egitea, ¿ez ete-dakik oben itsusia dana?

        Eta sabeletik txilibitu polit bat atarata, beste au esan eutsan:

        —Olako destaiñik ez egiok iñori barriro egin: Jaungoikoak be, olako destaiñarik egitea, arean be yok nai-ta. Ikusi egik, barriz, eskuetan yaukoadan gauza polit au: txilibitu miragarria dok. Tresnatxo oni, mutiko zintzo ta onen agoetako putzak ots zoragarriak eragiten yautsoezak; orretarako, ona izan bear dok, baiña. Eta, zarata zoragarriaren ots gozotan, persona ta abere, andi ta txiki, agiri diran guztiak, soiñuaren gozotasuna geldirik jasan ezinda, pozaren-pozez dantzan egin bear izaten yoek. Olakoxe soiñu atsegingarria dok, izan be. Bera entzun ezkero, gurata be iñor geldirik ezin egon: iru milla txilibitu joten diarduela uste izaten yoek-eta. Begira, ba, mutiko, eta entzun arretaz eta ulertu ondo: on-ona izaten ba-az, gauza miragarri au, oraintxe berton, euretzat izango dala diñostat. Beraz, mutiko, zintzoa izango az, ¿eztok?

        Mutikoa, alako txilibitu polita ikusi eta agurearen esanak entzun ebazanean, pozez eztitan jarri zan; eta, txilibituaz jabetzearren, une baten bere barruan ona izateko asmoa artuta, barretxo apala egiñaz, ona izango zala esan eutsan. Eta orduan, agureak txilibitu miragarria eskuetan ipiñi eutsan.

        Baiña iru-lau miñutu igaro orduko, Peli-ri barriro be eskekoari irri ta barre egiteko gogoa sartu yakon. Txikitatik asita eban ekandu txarrak, mutikoaren asmo onari geiago egin eutsan; olako okerkeriak egiten txiki-txikitatik oitua zan.

        Eta mutiko okerrak, agureari leenen arri-koskor bat edo beste jaurtita gero, erdi-kantatzen barre-santzoka auxe esan esan eutsan:

 

                Zaarra da eta il bedi,

                ez dau balio lauziri...

 

        Olako okerkeria entzunda, Txirrikiz-en eroapenak eten egin eban; aguratxo artetsua asarratu be asarratu egin zan. «Onen bigun eta maitekiro mutikoari berba egin berak, eta ganera erregalua be aren onerako gogo onez egin, eta, olan eta guzti be, mutikoaren gogoa ezin ezetara be irabazi —iñoan agureak bere kolkorako—. Orrentzat, esan onak eta bezuzak eta abar, alper-alperrik dira guztiak...»

        Eta agura asarratuak, mutikoari dei zolia eginda, begirakune zorrotzez,

        —Peli —esan eutsan-: nik egiñiko bezuza, eure zoritxarrerako izango al dok!

        Agurea aldendu zaneko, Peli txilibitua joten asi zan, Baiña, bere bularreko arnasa guztiaz putz eta putz egiten eutsanarren, tresnatxo arek berak uste eban lako ots politik ez eban egiten. Orretarako aalegin guztiak egin ebazanarren, adar zaarraren zarata lakarra baiño besterik ezin eragin izan eutsan.

        Ori ikusita, mutikoak, agin-artean ikaraz,

        —¿Ze arrano dok au? —esan eban—. Adar zaar baten zarata lakarra baiño ez yok egiten-eta! Belarriak mintzeko alagalakoa dok! Agura arek esan daustazak guzurtzarrak! Gauza ona izateko asko bear yok, orraitiño, berak...

        Eta mormorka baten jardunda gero, barriro be txilibitua joten asi zan; iru milla txilibituren ots miragarria entzungo ebalakotan ekin eutsan. Baiña dana alperrik: barriro be adar zaarraren zarata lakarra bakarrik egiten eban.

        Alako baten, orretan gogait egin eban. Eta, eskuartean erabillen tresnatxoa ezetarako be ez zala izango-ta, errekara jaurtiteko asmoa artu eban. Baiña gerotxoago, urari emona urak daroala-ta, bere txilibitua Mikel lagunari emotea erabagi eban.

        —Ona emen Txirrikiz agura zaarraren bezuza miragarria —esan eutsan Mikel-i destaiñez.

        —Ondo gauza polita dok, izan be —erantzun eutsan Mikel-ek, txilibitua pozez arturik.

        —Polita edo motza, or daukak, ba, eskuan. Ba-ekik zelako adartzarra dokan...! Putz egiok bereala eta jo egik bertan.

        —Ez, orain ez; orretarako ez yoat orain astirik: onezkero etxean aparitarako itxaroten egongo dozak-eta. Biar-edo ikusiko yoagu.

        Eta Mikel, ori esanda, arinka etxera joan zan.

        Biaramon-goizean, mutiko biak alkarregaz basora joan ziran. Mikel-ek, aurregunean Peli-k emoriko txilibitua beragaz eroan eban. Eta, mendi-txuntxurrera eldu ziranean, txilibitua jo ta jo asi zan Mikel. Orduan, aren soiñuaren gozoa! Entzun eben guztiai iru milla txilibituren ots gozoa iruditu yaken.

        Ori zala-ta, persona ta abere, soiñua entzuten eben guztiak, dantza baten asi ziran. Mendian larratzen ziarduen abelgorriak, landetan bedarra baten ziarduen ardi zuriak eta aitz-arteetan ikotika ebizan auntz bizkorrak eta abar, santzo baten ziarduela ikusi ebezan. Mendi-egalean agiri zan basetxe zuriko soloan egozan laiariak be, laiak alde batera jaurtita, guztiak batera dantzan asi ziran. Azkenez, Peli mutikoa bera be dantzan asi zan. Ango dantzearen-dantzea, eta ango zaratea! Alako erromeriarik iñoiz be ez zan iñon egin.

        Alako baten, luzaro joten jardunda gero, Mikel-ek, dantzarik naikoa izango zala-ta, soiñua isildu egin eban.

        Eta soiñua gelditzeaz batera, dantzan ziarduenak be gelditu egin ziran. Eta, nekatuta egozan ezkero, guztiak atsedena artzera jarri ziran. Peli be, bere gorputza zelanbait atsedendu nairik, Mikel bere lagunaren ondotxoan jesarri zan.

        Olan egoala, Peli-ri ixilka-mixilka ikusiezin kaltegarria sortu yakon; egun aretan ikusi eban gauza miragarria ikusita, bere lagunari txilibitua emona osorik damutu yakon. Eta, barruan eban ikusieziñak eraginda, emoniko gauzeaz barriro jabetzeko aalegiñetan asi zan.

        —I, Mikel: ekak txilibitu ori —esan eutsan Peli-k negar-muskurioz.

        —Ez, ez dauat emongo —erantzun eutsan Mikel-ek.

        —Bai, emongo daustak, neurea dok-eta.

        —¿Irea? Bai, zereko irea...! Emona, emona dala, ¿ez al dakik? Leen izango zoan irea, baiña orain ezetara be ez.

        —Leen be bai, eta orain be bai. Ori beti neurea. Eta neurea dokan ezkero, gura ta ez oraintxe berton emon bear daustak. Bestela...

        Eta, ori esanda beste bagarik, arrapaladan joanda, Mikel-i eskuetan eukan txilibitua kendu egin eutsan. Mikelek, orduan, zarataka asita, «emona, emona» zala-ta, kendutako gauzea barriro emon egiola eskatu eutsan. Esan guztiak alperrik, baiña. Peli, txilibitua besapean ebala, bere etxera joan zan.

        Orrenbestez, Mikel asarratu egin zan; eta, asarre be asarre zala, bere lagunari «emona kentzea»ren zemaia jaurti eutsan:

 

                Arek emon, naiz orrek emon,

                emona, emona dok...

                Emon eta kendu

                sapoak beatzak kendu...

 

        Gau aretan, Peli, txilibitu ta guzti pozez beterik ogeratu zan; bere lagunaren esan bildurgarriak arean be ez eban ikaratu; txilibutu miragarriaz jabetu zan ezkero, txarrik ez onik ez eban pentsatzen. Txirrikiz-ek esandakoaz be ez zan gomutatzen.

        Baiña gabeko amabietan, etxe-aurreko arri baten azpitik urtendako sapo andi batek Peli-ri, lotan ziarduala, oiñetako beatz nagusiak jan eutsazan. Peli, sapoaren aginkadeak iratzartuta, negarrez asi zan. Aren negarrak eta aren uluak! Eta, anketako miñak zirala-ta, ganeko egun-gabetan be etenbagarik negar eta negar egiten eban. Eta, tantaka-tantaka negar-malkoz upa andi bat bete arte ez zan gelditu be egin.

        Mutiko oker arek eskeko agureari irri ta barre egin eutsan ezkero, Jaungoikoak zigortu egin eban.

 

aurrekoa hurrengoa