www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

9. EMAKUME TXIROA

 

        Erri txiki-txiki baten, emakume alarguna sei seme-alabakin bizi zan. Emakume gaisoak, senarra il yakonetik, sendiaren (familiaren) sorta astuna bere bizkar bigunean eroan bearra izan eban.

        Bere biotzaren sei zatiak egun oro janaritu bear... eta ez diru ez beste ogasunik iñondik agiri ez. Baztarrak illun, inguruan ezer agiri ez... Etorkizunaren itzela!

        Emakumearen lan-saria, etxearentzat eutsigarri edo abe makala izaten danarren be, gure alargun gaisoa, gau ta egun lan sendo egiñaz, bere etxea jaso gurarik ebillen. Gaisoa!

        Egun baten, emakume zintzoa etxe andiki batera garbiketak egitera joan zan. Eta, jauregi aretako eskaratzean lanean ziarduala, bertako alaba nagusiari, beste albista askoren artean, auxe esan eutsan: «Au nekea! Txiro izan bear dana, ezin aberastu!»

        Neskatilla arek, alargunari entzuniko guztia, gabean bere aitari azaldu eutsan. Eta jauregiko ugazaba biotz-oneko gizona zan ezkero, alabearen azalpena entzunda gero, emakume alargunari erruki izan yakon; eta ori zala-ta, biaramonean, bere etxeko morroe baten bidez, emakume txiroari sei urre-diru bialdu eutsazan, ogi eder baten barruan.

        Baiña, ogia esku ta begiakaz ondo arakatuta gero, emakumea itun jarri zan, eta berekautan auxe esan eban:

        —Au ogiaren ederra! Nire umetxoak poz-pozik jango leukee. Baiña... auxe tamala!, ogi onek, erre-barria dan ezkero, bearbada egun bateko —edo obeto esateko—, jatordu bateko gosea baiño ez dausku kenduko... Ogi biguna, agiñak zorrotz erabili ezkero, asi ta amaitu bat-batean egiten da... Eta, ¿gero biar zer? ¿Ez ete-da obeto, ogi eder au, «Muguru»ko etxekandreari-edo, iru bat artogaitik truketea? Bai, obe izango da, bai; bestela... gaur ondo eta biar txarto izango litzake-ta.

        Eta berekautan esan ebazan berbok amaitzeaz batera, «Muguru»-ko etxekandreagana joan zan; eta ogi errebarriaren ordez, iru artopil eder etxeratu ebazan.

        Ganeko egun baten, jauregiko zaldunak emakume alarguna kalean-zear yoiala ikusi eban; eta, biotz oneko gizonak, emakumeari apur bat berba eginda gero, auxe esan eutsan:

        —Eta... leengo egunean bialdu neutsun ogia, ¿gozoa izan zan?

        Itaun orreaz, emakumea ezin-geiago lotsatu zan; eta lotsearen lotsaz, bere begiak lurretik jasoteko be gauza ez zala, auxe erantzun eutsan:

        —Ona, ba, jauna, egi-egia esan bear dautsut: zuk bialduriko ogia, erre-barria zan ezkero, nire umeak iruntsi egingo ebela-ta, Muguru-ko etxekandreari itu artopillen ordez emon neutsan. Eta olan bearrez, artopil areik nire etxean egun biko gosea ederto kendu eben. Biarko egunaz be arduratu egin bear, jauna...

        —Emakume gaisoa! —erantzun eutsan zaldunak—; zer egin zenduan ba-zeki! Bialdu neutsun ogiak, zure umetxoai egun biko gosea bakarrik ez, baita egun batzuetakoa be kenduko eutsen... Ori bai tamala!: ogiaren barruan sei urre-diru bialdu neutsuzan-eta! Egia esaten dozu, bai, «txiro izan bear dana, ezin aberastu» esaten dozunean... Eskuan euki dozun dirua, auzoko andreari emon dautsazu-ta... zeu baiño askozaz aberatsago dan andreari...

        Emakumea, zaldunaren berbok entzutean, negar baten asi zan, esku biak buruan ezarrita auxe iñoala:

        «Egia da, bai: txiro izan bear dana, ezin aberastu... Beraz, oraintxe ikusi dot argi-argi, txiro bizi izatea, Jaungoikoaren gogoa dana...»

        Eta bere begiak zerurantz jasorik, beiñola Jesus maitagarriak Jetsemani-ko ortuan esan ebazan berbok esan ebazan: «Aita, egin bedi zure naia».

        Gau aretan, emakume on eta zintzo arek, bere umetxoak ogeratuta gero, etxeko gelarik illunenean aulki zaar baten jesarrita, negar eta negar egin eban...

        Eta bere begietatik isuri ebazan negar-malkoak, eroapenaren ontzi deunean (santuan) pillatu ziran ezkero, arri-bitxi diztiratsuak lez egin eben argi.

 

aurrekoa hurrengoa