www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

36. EMENTXE BE JAUNGOIKOA DAGO

 

        Gabon-gaba zan. IIluntze aretan edurra, uso-luma politak bai-litzazan, gogaro-gozaro jausten zan. Zeru-lurretan jai andi ta ikutugarria ospatzen zala, argiro ikusten zan. «Etxezuri» basetxeko etxekandra maratza, Josepantoni zintzoa, bere sukaldean, egur-mukur batzuk sutan ebazala, Gabon-apari ospatsua gertatzen esku beteakaz ziarduan. Errian edonok ekian Josepantoni andrea sukaldari errimea zana. Gatzaren negurria ondo negurtzen ekiana zan, beintzat.

        Bitartean, aren senar Peru Manu jatorrak Belen-go jazoera arrigarriak bere seme-alabatxoai, aritik marira zertzelada guztiakaz azaltzen jarduten eban, eta bere umetxoak sukaldeko bero gozoaren altzoan aitagana begira pozez beterik... Martatxu batez be, amar urteko neskatoa, begi ta belarri, zoli ta adi aitak iñoana arretaz entzuten...

        Josepantoni andreak, ekiñaldi eder baten ostean, gau zoragarri aretako aparia ederto biribildu eban. Zapi zuriz txukunkiro apainduriko mai zabalean, janari-edari eder ederrak ondo gertatuta egozan. Euskaldun-etxe jatorretan egin oi dan lako «Gabon-apari» gozo-gozoa.

        Guraso ta ume apariaren inguruan poz-pozez ziran. Oitura on eta ederrari jarraiturik, Jaungoikoari eskerrak emonda, janari-edari gozoak umore onez eta gogaro artu ebezan. Josepantoni andrearen «erre-egosiak» atz-miazketan jan ebezan.

        Apalostean, Josepantoni andreak bere alabatxoari auxe itandu eutsan:

        —Martatxu, ¿non dago Jaungoikoa?

        —Belen-en —erantzun eutsan irribarrez neskatotxu samurrak.

        —¿Non geiago? —barriro amak ari.

        —Zeruan eta elizan... Altarako Sakramentu santuan —erantzun eutsan neskatotxuak.

        —¿Leku orreitan bakarrik? —itandu eutsan amak begi-zearka.

        Berbok entzutean, neskatoa, sorbaldak jasoaz, isilik geratu zan. Orduan, amak, isillune orretzaz konturatuta, aurpegi benaz auxe esan eutsan:

        —Bai, Belen-en, zeruan eta Eukaristian ba-dago, bai. Leku orreitan bakarrik ez, baiña: Jaungoikoa toki guztietan dago-ta. ¿Aaztu egin yatzu, ala? ¿Kristau-ikasbidean zer ikasten dozu?

        —Egin-egiñean be —esan eutsan lotsaz neskatoak—, leengo astean Kristau-ikasbidea ikasten giarduala, abade jaunak Jaungoikoa leku guztietan dagoala esaten jardun euskun. Beraz, ori jakin dot, baiña gaur aaztu egin yat.

        —Barriro ez dakizula aaztu, gero...

        —Ez, ama, ez yat aaztuko.

        —Ondo da. Baiña gaur, Gabon-gau onetan, irakatsi eder eta andi bat agertu nai dautsut.

        —¿Ze irakatsi, ama?

        Eta beste bagarik, «zatoz neugaz» esanda, bere logelara eroan eban. Eta an, begirunez eta maitekiro, auxe esan eutsan:

        —Martatxu, ementxe be Jaungoikoa dago. Neskatoak buruaz «baietz» erantzun eutsan. Geroago, beste gela batzuetara eroanik, etxe guztian zear erabili eban, leku bakotxean «ementxe be Jaungoikoa dago» esanaz. Azkenez, etxeko leiorik andienera eroan eban. Aitz-mendiak edur zuriz arrigarriro apainduta ikusi ebezan. Une aretan, gau aretako edur-jauste ugaria atertu egin zan; eta, aterrune luze aren erdian, zeruko izar politak iñoiz ez lako diztira politak egiñik, urduri igitzen ziran... Gauaro zoragarria!

        Gure ama-alabak, zeruari ta larrari adi-adi, isillunetxo bat egin eben. Gerotxoago, isillunetxoa beingoan urratzen ebala, ama on-onak bere alabatxoari auxe esan eutsan:

        —Or, aitz eta mendietan be, Jaungoikoa dago. Izarrez beteriko goi txukun orretan be, Jaungoikoa dago. Ikusten diran eta ikusten ez diran gauza ta leku guztietan be Jaungoikoa dagoala ez dakizula aaztu, gero. Zeru-bidean zuzen jarraitzeko, berba onekaz gomutatzea naikoa dozu: «Ementxe be Jaungoikoa dago».

        —Bai —esan eban neskatoak-; gaurko irakatsi ederrak neure biotzaren erdian erabilteko aalegiñak-aalegin egingo dodaz, egun oro sarritan esango dodala: «Ementxe be Jaungoikoa dago».

        Esan eta egin, Martatxu-k, bere ama onaren esanak beteten, gau aretan bertan asi zan. Eta aurrerantzean, Jaungoikoaren gomuta bizia beragaz ebala, zeruko bidean zuzen eta zintzoro ibili zan, bere lagunentzat jarraibide ta eredu izaten zala.

        Martatxu-k, esaera bikain ori zala-ta, bere adiskide ta lagunen artean mesede ta on andiak egin ebazan. Eta, oraindiño geiago dana: bide okerretatik betiko ondamendira yoiazan gazteak, euren oben eta pekatuakaz zintzoro damututa, betiko zorionera eroango ebezan zeruko bide ederrean sartzen ikusi ebazan.

        Orra, ba, Gabon-gau aretako Josepantoni andrearen irakatsi ederrak izan ebazan ondoren onuratsuak. Zorionekoa Jaungoikoaganako gomuta bizia bere irudimenean eta biotzean darabillena! Jaungoikoaren laguntza osoa beragan izango dau.

        Geuk be, oraintxe asita, arretaz eta biotzez esan dagigun: «Ementxe be Jaungoikoa dago».

 

aurrekoa hurrengoa