www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

27. ERIOTZAREN SAGARRA

 

        Bein, sagutxu bizkor bat, ganbarako leiotik kalera begira egoala, etxe-ondoko bide-ertzean itxura oneko sagar bat egoala konturatu zan. Eta ariñeketan bertaratu ta sagarraz jabetu zalakotan, pozez beterik auxe esan eban:

        —Onako sagarrik ikusteko be! Orain berau, neuk artu dodan ezkero, neure-neurea dok!

        Ori esatean, baiña, etxeko katu baltzak, arrapaladan jatsita, sagutxuari bere erpe zorrotzakaz zauri mingarriak egiñaz, sagarra beingo baten kendu eutsan. Eta katuak be, sagarraz jabetu zalakotan, pozez esan eban:

        —Au dok gauzearen ederra! Orain berau neurea dok! Gerotxoago, barriz, katuari, erpeetan laztankiro eukan sagarra, itzulipurdika agertu zan tximiñoak kendu eutsan. Eta tximiñoak be, musturraz kiñuka ziarduan artean, zugatz-erpiñera igota, igaliari begira auxe esan eutsan:

        —Ze sagu ta ze katu! Indarra beti nagusi! Sagar eder ori, orain neurea az!

        Orretan, odei-artetik arrano andi bat ego-zabalez jatsi zan. Eta arrano andi arek be, ikusiriko igalia gura izan eban ezkero, bere moko ta erpe zorrotzakaz tximiñoari gogorkiro eginda, aitaturiko sagarra indarrez kendu eutsan. Arranoa be igaliagaz pozik egoan; eta, labar-ganean bere lumak arro-arro igitzen ebazan artean, auxe esan eban:

        —Neure ago-zabal eta moko ta erpe zorrotzai esker, sagar eder-eder au neure-neurea baiño ez dok...

        Andik geroago, baiña, mendian-zear joan zan eiztari batek, pozaren pozez zabar-ganean egoan Arranoa, iskilloaren bidez, bat-batean erail eban. Eta arranoaren erpeetan egoan sagarra laztankiro kolkoan sartuta, mendi-gaillurreko laudara ezti-bitsetan joan zan. Eta, landatxo aretan tente egoala, arro-arro auxe esan eban: «Sagar eder eta atsegingarri onen billa amaikatxo bidar ibili nok! Baiña ibiliak ibili ta aalegiñak aalegiñarren, gaur arte ezin lortu izan yoat. Gaur, barriz, zoriak onela naita, igali oneaz neure agoa gozotu eta nire biotza poztu aal izango yoadaz. Au dok poza!, eta neurea dok. Indarra beti nagusi!»

        Eta ori esanda, sagarra, une aretan agoratzeko asmoz, aizto zorrotz bataz erdibitu egin eban. Barruko arra, andia ta ikatza lakoxe baltz-baltza zan.

        Eta ar bildurgarri arek, abots latz eta itzelez, auxe esan eutsan:

        —Sagarra eurea ba-dok, neu be eurea nok!

        Ori entzunik, gizona estutu egin zan, zurbilduta geratu zan; eta ikarearen ikaraz, lurrera zerraldo jausi zan.

        Sagar-barrutik urten zan arra, eriotzaren arra izan zan...

 

aurrekoa hurrengoa