www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

1. DIMA-KO PEDRO DEUNA

 

        Pedro Deunaren aurreguna zan. Egun aretan, Dimako elizan, bertako neskatilla sasoiko batzuek euren errizaindari andiaren altarea apaintzen ziarduen.

        Neskatillak, Pedro Deunaren irudia loraz eta adarrez iñoiz baiño dotoreago apaindu bear ebela-ta, pozik eta urduri ebizan. Ango lorak eta argiak azkenik ez eben. Ikusgarri be ikusgarri jarri bear eben.

        —Oi!, biar erriko guztiak ikaratuta geratuko dira, elizea onen txukun eta dotore ikusita —esan eban Mainton neskeak.

        —Olantxe izan be —erantzun eutsan Maipatxu-k—. Sekula baiño dotoreago agertuko don gure santu maitea. Eta beronegandik lortu bear yonaguzanak! Il naitenean, zeruko atea zabalduko daustan ustea ba-yonat, beintzat.

        —Nik, ostera —esan eban Andonetxu-k—, Oba-ko Ilipon mutillak amarretako meza-ostean egingo dauan aurreskua neuri eskiñi daistala eskatzen yautsanat. Ai, ori lortuko ba-neu...!

        Iru gazteak, olako barriketakaz pozik ebizan artean, Pedro deunaren irudia, neskatillen eskuetan laprast eginda, altaratik beera jausi zan; dana zatituta geratu zan.

        Neskak, euren erri-zaindari andiaren irudi ederra apurtuta ikustean, negarrez eta zarataka asi ziran. Eta arein zaratetara eliz-zaiña (sakristaua) beingoan elizaratu zan. Eta aurpegi illunez,

        —Zenteillea! —esan eutsen—. ¿Zer jazo da emen? Neska arraiook, orra zuek egin dozuena! Orrenbeste barriketaz Santuari be gogait eragin dautsazue-ta! Oraintxe gagoz onak santu bagarik... Biar erri onetara etorri daitezanak, ¿zer esango ete-dabe? Ene...!

        Berba larri orreik amaitzeaz batera, Mañari-ko Atximo zapataria sartu zan eliza aretan; eta, ango zoritxarra ikusi ebanean, errukitu egin zan; eta erriko jaia igaro arte, Santuaren soiñekoakaz jantzi eta Pedro Deunaren lekuan, altaran, bera jarriko zala esan eutsen neskai ta sakristauari.

        Bereala, ba, Atximo zapatariari Santuaren jantziak jarri eta, itxurea aldatzearren, aurpegia ta eskuak ezti ziriñez igurtzi eutsoezan. Eta, altarearen erdian ipiñita, lora politez eta argi ederrez apaindu eben.

        Guztia ixillean egin ebenarren, sakristauaren semeak, ortik eta emendik, jazorikoaren lurruna laster artu eben. Biaramonean, elizea lagunez beterik zala, amarretako Meza nagusia asi zan. Eta meza-bitartean, abade jaunak, Santuari buruzko berbaldian, olantxe iñoan: «San Pedro santu andia! Gure erri-zaindari maite ta miragarria! Zeruko atezain bizkor eta arduratsua...», eta abar.

        Abadeak onetan ziarduan artean, sakristauaren semeak, altaran santuaren antzaz egoan zapatariari, erle pilloa jaurti eutsoen aurpegi-ingurura; eta erleak, zapatariaren eztiz betetako aurpegian eztenak errime sartzen asi ziran.

        Orduan, Atximo berealaxe zutundu zan, eta deadar andiz «dimatarrok, or konpon!; ni ba-noa ta kitu» esanez, altaratik beera salto andi bat eginda, elizatik ariñeketan urten zan.

        Jazopen oneaz, dimatar zintzoak ikaraz jarri ziran: Pedro Deunak errian jente txarra egoalako egin ebala alde, uste izan eben geienak-eta.

        Abadeak, barriz, ango larrialdi ta estutasuna ikusi ebanean, berbalditxo baten bidez, arrentza edo errogatiba bat egiñaz, santuaren billa joatea ondo izan zeitekela adierazo eutsen. Eliztarrak abadearen asmo onari ederto eretxi eutsoen eta lagun guztiak batera Letaiñiak abesten urten ziran. Abadearen etxe-ondora eldu ziranean, abadeak, bere ortuko baba-lasto artean zapataria gordeta egoala ikusi eban. Eta kantatzeko eran, abots itzelez, «emen dok onen baten», esan eban; eta erriak be, era bardiñean, «babatzaren baten», erantzun eutsan.

        Berbok entzutean, Atximo larritu egin zan, eta bere kolkorako «oraintxe galdua nok» esanda, Oba-rantz abiatu zan; eta andik tximistea baizen arin Mañari-ratu.

        Ganeko egunetan, zapatari entzutetsuak ango auzokoai auxe esaten eutsen: «Dimatarran artean bein larri, baiña geiagotan ez». Eta aren anka-azurrak ez ziran iñoiz geiago Dima-ko errian sartu.

        Dimatarrak, barriz, ille batzuk barru, Pedro Deunaren irudi barri eder-eder bat ekarri eben. Eta santua goratzeko, jai andiak ospatu ebezan.

 

aurrekoa hurrengoa