www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

47. LAMIÑAK ETA NESKATILLEA

 

        Bein, goizalde baten, Gotxu ta One, «Bolunzulo»ko etxagun alargunaren seme-alaba on eta begikoak, Iñungane-mendira iratan joan ziran.

        Goizalde aretan, Mugarra-aldean izarrak kolore politez ikusgarri be ikusgarri agertzen ziran. Arein diztirak zerua ikusgarriro apaintzen eben; eta izar polit areik, batera ta bestera birak bizkor-bizkor egiñaz, neska-mutillen pozgarri, jolasean ziarduen.

        Ori ikusita, zeruko izar duztiratsuak zenbatzen ziarduen gazteak, urrengo bertsook abestu ebezan:

 

                Biotz eder bat dago

                odeien ganean;

                an da nire maitea

                izarren artean.

 

        Ori kantatzen ziarduela, neska-mutillak Erliabe-ko aitz-bide luzera beingo baten eldu ziran. An neskeak, bere nebea burdi ta guzti atzean itzita, bidean aurrera egin eban, irak aalbait lasterren pillatuaz, burkadea ariñago gertatzeko. Aurrera jarraitu eban, ba; eta Kobagorri-ingurura eldu zanekoxe, arbolartetik lamiña dotore bat beraganuntz etorrela ikusi eban. Lamiñeak soiñean, txingarra baiño be jantzi gorriagoa eban; bere semea idustun (collar) ederrez apainduta agertzen yakon; buruan eukan orrazi dotoreak, barriz, iñon diran kolore politak egiñez, lamiñearen soiña dotoretasun berarizkoz apaintzen eban.

        Lamiñea, ondoratu ta laster, sekulako berba gozo ta labanakaz, neskatillea atsegindu gurarik asi zan; eta soiñean eukan idustun ederra One-ren samatik dingilizka ipiñi eban; baita arribitxidun erestun dotore bat be, neskeari ezkerreko atzamar nagusian sartu eutsan.

        Erestun dotorea atzamarrean sartzean, neskearen biotzak taupada berarizko bat egin eban; eta taupadearen indarrak erestun miragarria neskatillearen eskuan urtu ta ezereztuta itzi eban.

        Orduan, lamiñeak, asarre-antzean, «maitasunen baten berotasuna ala zer don?», esanda, neskeari eskumako eskua biotz-ganean ipiñi eutsan.

        Onetan, Gotxu mutilla, bere burdi ta guzti urreratu yaken; eta, ara eldu zanekoxe, lamiñeari akuluaz zartada errime bat emon eutsan; eta zartada andi areaz, lamiñea, negarrez eta garrasika asita, beingoan aldendu ta Kobagorrira joan zan.

        Geroago, neba-arrebak bidean aurrera egin eben. Eta Iñungane-mendira eldu ziranean, ira-batzeari ekin eutsoen. Eguerdian-aldean, Solobil-go iturrita jatsita, burduntzikoa jaten asi ziran. Eta orretan ziarduela, beste lamiña dotore bat agertu yaken.

        Arek be neskeari idustun eder bat samaratu eutsan; eta Gotxu mutillari be gerriko gorria ipinten asi yakon. Bolunzulo-ko mutilla, lamiñeagaz ezetariko artuemonik ez ebala gura-ta, asarre bizitan jarri zan; eta, arrapaladan jagita, lamiñeari matrailletatik burduntzi goria sartu eutsan.

        Orduan, lamiñeak, negarrez eta uluka asita, begirakune zorrotzak egiñez, mutillari urrengo berbok esan eutsazan:

        —Ire biotza ez al yok iñok gozotuko...! Eta ire bizitza guztian, ara ta ona bape atseden bagarik ibiliez, zoritxarrekoa izango al aiz beti...!

        Eta lamiñearen negar-aienak entzunda, Kobagorriko lamiña guztiak, aida baten, Sorabil-erantz egin eben. Guztien artean, mutillari lepoa ederto berotu eutsoen; eta neska, eskuetatik oratuta, eurakaz batera Kobagorri-ra eroan eben.

        Orduan, Gotxu-k, negar baten asita, etxerantzakoari emon eutsan; artutako zartadak baiño bere arrebearen gimuteak negar geiago eragiten eutsan. Illundu ta laster, etxeko atea jo eban.

        Bolunzulo-ko etxaguna, ordu aretan bere semea bakarrik ikustean, ikaraz jarri zan. «Gaba, eta alabarik ez...», iñoan. Eta, mutilla bere arreba bagarik etxeratzeko, zer jazo ete-zeitekeanez, berbots dardaraz,

        —¿Non dok arrebea? —itandu eutsan.

        —Or geratu da... —erantzun eutsan semeak aurpegi minduaz.

        —¿Non, baiña? Eguna illunduta... eta... ordu onetan eure arreba bagarik ator? «Landaluze»n, «Arridu»n, ala non geratu dok, ba?

        —Ez... Kobagorri-ko lamiñak eroan dabe. Kobagorri izena entzutean, Bolunzulo-ko etxaguna, dar-dar, ikara baten jarri zan; eta, bere aurpegia esku biakaz estalduta, berbots larriaz,

        —Neure alaba kutuna —esan eban—. ¿Non ete-da? ¿Barriro bera ikusteko atsegiñik izango ete-dot? Ala, lamiñen zigorra ete-daroat aldean? Lamiña orreik, mutil gaztea nintzala, nire artaldeagaz etxerantz etorri nintzan baten, artaldeko bildotsik ederrenak eskatu eustezan; eta, bildots bat be emon ez neutselako, iñon diran iraiñak eginda gero, izango neban alabarik kutunena ostuko eustela esan eusten... Oi, nire zoritxarra!

        Era negar baten asi zan.

        Aita alan negarrez ikustean, Gotxu-ri be biotza samiñez bete yakon. Baiña, Arridu-ko etxagun gaztea lagun arturik, barriro etorri eta aitari auxe esan eutsan:

        —Aita, gaur gabeko amabietan, Kobagorri-ko lamiñak, Iñungane-mendiak guztiak batuta, jai andi bat ospatzen ei-dabe, illoro-illoro egiten daben jai apartekoa. Eta onan dala, «Arridu»ko Atxin lagun dodala, gabeko amabi-amabietan mendi orren inguruan izango gara... Eta zure alaba kutuna... guztien ganetik etxeratuko dogu.

        Eta mutil biak, bakotxak eskuan makilla bat arturik, an aldendu ziran mendirantz. Eta gaberdia baiño leen, Ezkubaratz-eko landatik Iñungane-ra adi-adi jarri ziran. Gabeko amabien dangadan, zarata bakanak entzun ebezan; eta euren begiak, zaratearen otsera, Amilla-ko zelaira zuzendu ebezan. Amilla-zelai ederretik Iñungane-mendira lamiña pilloak yoiazala ikusi ebezan. Areitariko batzuek ago-soiñu ta maniurak joten ebezan; beste batzuek, panderuak eta abar, guztiak batera kantaka ta santzoka.

        Mendira elduta, euren jolas bakanak, kanta ta ujuju askoren artean atondu ebezan. Eta, iñon diran dantzak eta jolasak eginda gero, izar-jolas politean asi ziran. Lamiña guztiak ara ta ona saltoka ebizala ikusten ebezan. One, Bolunzul-ko etxagunaren alabea be, soiñeko eder-ikusgarri bat ebala ikusi eben.

        Orduan, mutil gazte biak, mendian belaunikotuta, illargiari erreguka asi ziran: «Illargi eder-eder ori! I baiño askoz ederragoa ta andiagoa dan Jauna aaltsuagandik, adoretu egizak gure biotzak...!»

        Eta illargia, mutillen eskariaz bere Egilleagana joan ba-litzan, odei-artean ostendu zan. Inguru guztia, bat-batean, illundu egin zan; ixillune bakana ta itzela izan zan. Mutil bien biotzak, bildurrez dardaregin eben. Alako baten, illargi betea, iñoizko argien agertu zan, eta gabak egunaren antz osoa artu eban.

        Goitiko argi berarizkoa euren biotzak adoretuta bezala, Gotxu ta Atxin lamiña-artera jatsi ziran; eta, eskuetako makillakaz, or-emenka zartada errimeak emonda, lamiña guztiak beingo baten il ebezan. Eta ori eginda gero, One, Bolunzulo-ko alabea eurakaz ebela, saltoka ta santzoka mendiak pozez beterik igarota gero, egunsentia orduko Bolunzulo basetxean egozan.

        Bolunzulo-ko etxaguna, bere alabea lamiñen eskuetatik askatuta ikusi ebanean, iñoiz ez lako pozaz atsegindu zan.

        Eta egun batzuk barru, Bolunzulo-ko etxagunak bere alaba ona Arridu-ko etxagun gazteari, ezkontzaren bidez emon eutsan.

        Auzo ta inguruetako lagunak bertan batuta, sekulako eztegu eder eta alaia egin eben; eta luzaroen-luzaroetan zoriontsu bizi izan ziran...

 

aurrekoa hurrengoa