www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

13. LAMIÑEAREN ORRAZIA

 

        Bein, «Ibarra» basetxeko etxagunak, basotik etxerantz etorrela, Sailluente-ko landan orrazi dotore bat aurkitu eban. Eta, «Au dok orraziaren polita!» esanda, «Ibarra»ko etxagunak orrazia kolkoan sartu eban.

        Etxera eldu zanean, orrazi dotorea aurkitu ebala-ta, pozarren iñoiz baiño gogotsuago apaldu eban; eta gero, egun aretan egiñiko lanaz nekatu egin zala-ta, Agurtza (Errosario) deuna otoitz eginda gero, ogera joan zan.

        Gau aretan, eguraldi euritsu ta zaratatsua zan. Eta Ibarra-ko etxagunak, aizearen burrunda andiak eta trumoiots itzelak artegatuta, lorik bape ez eban egiten.

        Onetan, ekatxaren burrundara itzelaz batera, urriñetik etozan deadar bakan batzuk entzun ebazan. Emakume-abotsa zan, eta geroago ta urrago etorren.

        Alako baten, basetxeko atearen otsaz, urrengo berbok entzun ebazan:

 

                Txantxiberraaa!

                ¿Non dok nire orrazia?

                Orrazia emoten ez ba-daustak,

                joan dok ire grazia...

 

        Berbok entzutean, etxaguna geldota geratu zan, eta, « lamiñaren bat dok» esanez, artazi batzuk eskuetan ebazala, atartera jatsi zan; eta atean egoanari, berbots dardarez, auxe itandu eutsan:

        —¿Nor edo zer az?

        —Sailluente-ko kobako lamiña bat —erantzun eutsan atean egoanak.

        —¿Zer bear don?

        —Atzo bidean aurkitu zenduan orrazia: gaur gabeon ospatuko dogun jaian erabilteko bear dot-eta...

        Basetxeko ateak barrenean zulotxo bat eukan, eta etxagunak lamiñeari auxe esan eutsan:

        —Orrazia artu gura ba-don, leenen ire miiña ate-zuloan sartu bear izango don.

        Eta lamiñeak, orrazia artzearren, bere miiña ate-zuloan sartu eban. Eta orduan, etxagunak artaziaz, «rrast!», miin erdia ebagi eutsan.

        Lamiñea, uluka ta garrasika, berbarik egin eziñik geratu zan. Eta negar baten asita, «mirle, mirle, mirle» esaten, tximistea baizen arin aldendu zan. Eta bidean yoiala, Labarrondo-inguruan beste lamiña pillo andi bat aurkitu eban: areik be orrazi-eske etorri ziran. Eta euren lagunak «mirle, mirle, mirle» iñoala konturatu ziranean, euren aurka milla gizon jagi ziralakotan, burrundara ta abiada baten, guztiak batera barriro kobara joan ziran.

 

aurrekoa hurrengoa