www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

20. ABADEA TA DEABRUA

 

        Garilleko egun argi baten, erri txiki bateko abadea, goizean-goiz, mezea emonda, udako goiz-iruntz gozoa artzera, basora joan zan.

        Eta gure abadea, mendi-gaillurrera eltzean, txuntxur aretatik bere errira begira jarri zan. An beean, bere errian, elizatxo polita, basetxe zuri-txukunak eta solo-zelai ederrak ikusten ebazan. Aren poza ta aren atsegiña!

        Ango garitzak, ango artotzak eta ango ortuari ederrak batez be, abadearen biotza atsegiñez beterik jarten eben. Alako edertasunaz geldota egoan. «Au dok edertasuna! —iñoan—. Nire erriarentzat, Jaungoikoaren esku-zabala! Goratua ta bedeinkatua izan bedi Bera ordu ta une guztietan...»

        Eta bere barruko pozaz adoretuta, gorantz begira, «Gloria in excelsis Deo» kanta ederra abestu eban. Abestiaren amaieran, barriz, abadearen abots durunditsuari zeruko aingeru zuriak, abots gozo-gozoz, «Amen, amen» erantzun eutsoen.

        Barriro be, abadea bere erritxoari begira jarri zan; aren ugaritasunak, pozaren-pozaz, zoratu egin bear eban. Abadea alan zala, mendi-goienean, kedarra lako gizon baltz bat agertu zan. Eta agertutako baltz bildurgarri arek abadeari, beronen ondora urreratuta, barre destaiñez auxe esan eutsan:

        —Mutil!: zer dala-ta orrenbeste poz eta orrenbeste atsegin?

        —¿Onenbeste poz zegaitik dodan diñok ik? —erantzun eutsan abadeak begi-zearka—. Begiratu egik nire errira: orko solo ederrak eta orko solo-ari ikusgarriak! ¿Benetan pozteko zerik ez ete-yagok bertan, ba?

        —Tirok, tirok..., orrenbeste pozteko gauzea be ez dok ori-ta... Ire erriko solo ta ortuak apurtzeko zaldiak eskuan daukadazala, ¿ez ete-dakik? Abil arduraz eta marduraz...

        Azkenengo berbok entzutean, abadeak gizona deabrua zala igarri eban. Eta, aurpegia aregana adoretsu zuzenduez, ben-ben esan eutsan:

        —Eta, eta... ire zaldi indartsuai eusteko indarra lortu daikedala, ¿ez al dakik euk be? Txerren madarikatu ori! I baiño guztiz geiago danaren bat ba-yagok an goian...

        Orduan, txerrena asarratu egin zan; eta agin-karraska-otsa bildurgarriro egiñaz, asarre biziz deadar egin eban:

        —Ikusiko dok, ikusiko dok... Illuntzera orduko, ire erriko solo ta ortu guztiak triskatuta ta birrinduta geratuko dozak. Ez garirik, ez artorik, ez fruturik ez dok bertan geratuko.

        Ori entsunda, abadea, deabruari «ikusiko yoagu nor nor dan» esanda, mendian-beera abiatu zan.

        Bidean etorrela, lantzean bein zeru-aldera begiratzen eban. Zeruan eguzkia argi-argi ikusten eban: laiñoaren apurrik be ez zan bertan agiri; urdin-urdin egoan dana.

        Ori ikusita, abadea poztu egin zan; egun aretan ezetariko ekatxik ez zala izango, uste izan eban.

        Ibili ta ibili eginda, eguerdirako, etxera jo eban. Eta bazkaritan egoala, nekatuta egoala-ta, eguerdi-ostean ogera joan bear ebala esan eutsan bere arrebeari; eta, bera lotan ziarduan artean, zerua laiñotu ba-ledi laiñotu, dei egin egiola beingoan.

        Arrebeak, ardura ori leporatzen ebala, baietz erantzun eutsan.

        Baiña neskea, arratsalde aretan, auzoko andrazko batzukaz briskan asi zan; eta, joko aretan ziarduala, bere nebearen esanaz arean be ez zan gomutatu. Nebarik munduan ba-zan be ez zan orduan gomutatzen.

        Alako baten trumoiak jo eban. Eta uste bagako trumoi-ots andi arek, oge-ganean bazkalostekoa egiten ziarduan abadea dardar jarri eban.

        Ogetik jagi ta leioratu zanean, barriz, zeru osoa laiñoz beterik egoala ikusi eban. Eta bere erritxoko solo ta ortuak apurtu bear ebazan ekaitz bildurgarria ba-etorrela konturatu zanean, aren tamala ta ikarea!

        Gurutze deuna, ur bedeinkatua ta liburua artuta, etxeko ortura arrapalada baten jatsi zan. Eta bertatik, arrebeari, otzara bat buruan artuta, ortura, bere ondora joan zeitela agindu eutsan. Eta arrebeak, otzarea buruan arturik, abadearen agindua berealaxe bete eban.

        Orduan, abadea, «konjurua» egiten asi zan; eta otoitzakaz batera, bidean etorren ekaitz kaltegarria atzeratu egiala eskatu eutsan Jaungoikoari. Edo bestela, jausi bear zan arri-abarra, erriko solo-ortuetan kalterik izan ez zeiten, bere arrebearen buruko otzaran sartu egiala. Atzeratzea egoki ez ba-zan be, errian beintzat kalterik ez egiala egin, eskatu ta eskatu egin eutsan Jaunari.

        Onetan, oiñaztuak eta trumoi-ots itzelakaz, goitik-beera euria ta arria asi ziran jausten. Alan zala be, Jaungoikoak, abadearen otoitzak gogo onez entzun ebazalako, goitik-beera jausi ziran arri guztiak, ezeri be kalterik egiten ez eutsoela, neskatillearen buruko otzaran pillatu ziran.

        Alan, euren erriko solo-ortuak, leen aiña eder edo ederrago geratu ziran.

        Gauza miragarri ori izan zan unean, deabrua, barrien-barri agertu zan, eta bere esan kaltegarriak bete ez ziralako, amorruz beterik agertu be.

        Abadeak, baiña, deabruari eskerraz gurutzea erakutsirik, aldean eroiazan oiñetakoak jaurti eutsazan. Eta orrenbestez, txerren madarikatua, su ta gar aldendu zan, abadea ta erriko lagun guztiak pozez beterik geratzen zirala.

 

aurrekoa hurrengoa