www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

        Ganeko egun baten, artzain mutil gazteak, bere ardi zuriai begiraturik, arto-garauak lakoxe negar-malkoak isuriz, mendian negar eta negar egiten eban.

        Mutilla olan egoala, Usua lamiñea bertatik igaro zan. Eta, mutilla alan negarrez ikustean, berari be biotzean ikutu eutsan. Eta, negar-egite a zegaitik ete-zeitekean jakin-gurarik, samur-samur esan eutsan:

        —Ori dok negar-egitea! Orrenbeste malko isurteko, ¿zer dok, mutil? ¿Zer jazoten yak?

        —Arriaga basetxeko alaba bakarragaz ezkondu gura dot, eta...

        —Ene!, ori baiño ez ba-dok... Ezkondu adi beragaz, eta kitu...

        —Bai, baiña... Arriaga-ko etxagunak, bere alabeagaz ni ezkontzea ezetara be ez dau gura.

        —¿Zegaitik ez yok gura, ba?

        —Lugintzan ezertxo be ez dakidalako... Bai, ba; txiki-txikitatik artzaintzan bakarrik nozu oitua-ta... Arriaga etxaguntza ederrean, barriz, nekazari ona bear ei-da. Ni, barriz, orretarako gauza ez... Orra, ba, nire negar-egite au.

        Mutillaren zoritxarra ikusita, Usua saminduago jarri zan; eta leen berari ainbeste mesede egin eutsan mutilla zelanbait pozteko aalegiñetan asi zan.

        —Ez adi estutu, mutil, ez adi estutu —esan eutsan—. Oraintxe emongo dauadan bitxi eder batek zorioneko egingo au-ta...

        Ori esateaz batera, kolkotik atarata, «urrezko larakoa» eskuratu eutsan.

        —Ona emen nekazari on-ona egingo auan larako miragarria —esan eutsan irribarrez—. Berau aldean dokala, «larako, larako, egin lan eta lan asko» esan ezkero, edozein lugintza-lanari ondo baiño obeto ekiteko laguntza apartekoa izango dok. Olan dala, emen inguruetako nekazaririk onena eu izango az. Eta orduan... Arriaga-ko alaba bakarragaz ezkontzeko zoriona bertatik izango dok.

        Mutilla, lamiñearen eskutik arturiko urrezko larakoaz, ezti-bitsetan jarri zan, Usua-ren esanak zeatz-meatz beteko ziralakotan.

        Eta geiago bagarik, Arriaga basetxera arin joanda, ango soloetan lanean asi zan.

        Leenengo egunean, urrezko larakoa aldean ebala, «larako, larako, egin lan eta lan asko» esanez, atxurketan asi zan; gero, barriz, laietan, bedar-ebaten, burdiñaraketan, eta abar.

        Egun bi ta erdian olan jardunda, Arriaga basetxeko soloak, ertzetik ertzera, ederto landuta, sekulako edertoen itzi ebazan. Ikusgarri geratu ziran!

        Aren lan-egitearen ederra ikusita, Arriaga-ko aita-alabak arrituta geratu ziran. Leen orretan ezertxo be ez ekian mutilla, nekazaririk onena eginda ikusita, poztu be poztu egin ziran. Eta nekazaririk onena bera zala-ta, artzain mutilla Arriaga-ko alaba bakarragaz ezkontzea erabagi eben.

        Eta egun batzuk barru, eztegu andi bat gertatuta, neska-mutil gazte biak poz-pozik ezkondu ziran. Eta aurrerantzean zoriontsu be zoriontsu bizi izan ziran...

 

aurrekoa hurrengoa