www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

10. PRAKAGORRIAK

 

        Zuek gogotan ez dozuen bariku arratsalde baten, «Gereta» basetxeko etxagun zaarra, aizkora andi bat eskuetan ebala, basora egurretan joan zan.

        Arratsalde aretako eguraldia, otza ta illuntsua zan: aitz-mendiak laiñoz ondo estalduta egozala, euria zaparrada andiz jausten zan. Olako eguraldia izanda be, gure gizonak bere asmotan atzerarik be ez: bein bidean jarri ezkero, aurrera ta aurrera baiño ez eban egiten.

        Euria goian-beran zala, bideak igaroten ikusita, bere emazteak esan be egin eutsan:

        —Gizon!, eguraldi onegaz, ¿nora zoaz?

        —Untzillaitz-aldera egurretan —erantzun eutsan gizonak berba gutxitan.

        —¿Gaurko eguraldiaz egurretan? —esan eutsan andreak ikaratuta—. Ez zaitez joan gaur, orretarako eguraldi ona be etorriko da-ta. Barikua danez, barriz, ekatxaz beste aldeko mutikoak orrenbaten urduri ibiliko dira...

        Senarrak, baiña, emaztearen esanari «entzunda gor» eginda, bidean barriro be aurrera egin eban: atsoen esanak zeatz egitea, gauza gatxa be ba-zala-ta.

        San Martin-go kobara eldu zanekoxe, baiña, trumoiots ikaragarriaz batera ekaitz bildurgarria sortu zan. Ango oiñaztuak, ango euri ta txingor jausteak!

        Orrebestez, Gereta-ko etxaguna ikaratu egin zan; eta ekaitz andi aren erpeetatik iges egiteko, antxe bertan zan labarpe batera iraduz joan zan. Aitz-mendi guztiak bere ganera etorkiozala uste izan eban.

        Onetan, San Martin-go kobatik urten ziran zarata batzuek, Gereta-ko etxaguna kobara begira ipiñi eben. Zarata bakan areik, ule-zutik geldota jarri eben. Alako zarata ta garrasirik bere belarriak iñoiz be ez eben entzun. «Olako zaratarik eta garrasirik egundo ez yoat entzun —iñoan berekautan—. ¿Zer ete-yagok bertan? Egingo neukek-eta «bestaldeko mutikoak» dagozala... Txerren guztiak bat eginda be, olako zaratotsik egiteko, orraitiño...!

        Gure gizona olako gogapenez bildurgarriakaz ebillen artean, oiñaztu andi baten argitan, kobatik zortzi mutil, zortzirak dantzari antzean, arrapalada baten urten ziran. Mutillok, euren soiñak arkondara baltzez eta praka gorriz estaltzen ebezan; eta euren atzetik beste «prakagorri» bat be turuta bat eskuan ebala ariñeketan agertu zan.

        Eta orduan, zortzi mutillak, zortzi «prakagorriak», turuta-otsean iñon diran dantzak egiten asi ziran. Arein jirabirak eta arein saltoak ikusita, Gereta-ko gizona berba egiteko be adore bagarik geratu zan. «Ai, nik andrearen esana egin ba-neu!», iñoan tamalez beterik.

        Eta ikuspen ain bakana begi-aurretik kentzeko, eskumako eskuaz «Aitaren» egin eban.

        Orduan, «prakagorriak» gelditu egin ziran; eta areitariko batek, asarre-bitsetan etorrita, Gereta-ko etxagunari «Aitaren» egiñiko eskua zugatz (arbola) batera lotu eutsan.

        Ori eginda, barrien-barri dantzak egiten asi ziran. Barriro be, Gereta-ko ugazabak beste eskuaz «Aitaren» egin eban; eta orduan be, «prakagorriak» beste eskua be lotu egin eutsoen.

        Irugarrenez dantzan asi ziranean, barriz, ujujuka ta deadarka pozarren ibili ziran, labarpeko gizonak «Aitaren»ik ezin egin eikealakotan.

        Gereta-ko gizonak, baiña, eskuak lotuta eukazan ezkero, «Aitaren»-ik ezin egin ebala ikusi ebanean, «Jesus» izena esan eban deadarka.

        Eta orduantxe jazo zan andiena: «Prakagorriak», JESUS izena entzuteaz batera, garrasi baten deadarka asita, jolas eta dantza guztiak bertan-baera itziaz, arrapalada baten kobaruntz abiatu ziran; bidean «laugiñak» yoiazala, auxe iñoen: «Gereta-ko gizon zirtzil orrek yaukok errua... Orrexena dok errua... Orrexek ondatu yozak gure dantzak eta orrexek galdu yok gure alaitasuna...»

        Eta ori esanda beste bagarik, «prakagorriak» amorruz beterik yoiazala ikusi ebanean, barre-santzoka asita, etxerantzako bidean barri zan. Eta gabean etxera eldu zanean, ikusirikoaren barri bere emazteari zeatz-meatz emon eutsan. «Prakagorri» areik, txerrenak izan ei-ziran.

 

aurrekoa hurrengoa