www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

31. MAÑARI-KO KEREXAK

 

        Mañaria nire erritxoa, Bizkaia-n kerexa-erririk entzutetsuena izan da. Emengo kerexak, izan be, beste errietakoak baiño ederragoak eta gozoagoak izaten ziran. Au irakurtean, nik dakidan batek, azkenengo berbok dirala ta ez dirala, agopean ez ba-da be, «zertxobait» baiño geiago esango dau; baiña, jakin egizu, adiskide maite orrek, gaur onetzaz neure buruz bakarrik ez dodana berba egiten, antxiñako euskaldunakaz batera baiño. Ikusi, bestela:

 

                «Ur ona edatera, iturbegira;

                ta kerexak jatera, Mañari-ra».

 

        Bizkaia-n kerexak leenen Mañaria-n ezagutu ei-ziran. Bertara leenengo kerexa-zugatza nondik ekarri eben edo bertan zelan sortu zan, gauza garbirik ez dakigu. Zeruko aingeruak urrezko ontzi baten, kerexa-landara eder bat Mugarra-tontorrera ekarri ebala diñoe batzuek; beste batzuek, ostera, beiñola «Beiti» basetxeko atsoak —sorgiña ei-zan bera— non edo non kerexa-garau bat azur eta guzti jan ebala, eta gero, azur ori, iru egunean urdaillean eukita, Munuguruko sasitzan itzi ebala diñoe, eta ortik sortu zan landaratik Mañari-ko kerexa guztiak etorri zirala, eta, ori dala-ta, bertako kerexak saporerik gozoena izaten dabela.

        ¿Esan orreik egiak ete-diran diraustazu? Egia dala, guzurra dala, gaur orretzaz ez nago ezer jokatzeko asmotan: sarritan, esanak, esanak baiño ez dira izaten-eta. Ikusi dogunez, baiña, gure erriko kerexak ba-dabe euren kolkoan gauza miragarriren bat. Kerexa-aldietan Mañaria, Mañaria izaten zan, gero! Ez dakianak ba-leki...! Dana dala, bata naiz bestea, esanak eta entzunak alde batera itzita, berba egin dagigun uste dogunez: Mañari-ko kerexak lako ederrik, gozorik eta sapore onekorik lurbira zabalean be ez dala egiten. «Or dago», ba!

        Mañari-ko kerexak, barriz, antxiña, nire aitaitaren aitaren aldian-edo, entzutetsu-entzutetsuak ziran ezkero, urre-truke bakarrik saltzen ei-ziran. Ori zala-ta, Euskalerriko errietan erosleak kerexa-saltzailleak noiz agertuko eskuetan urrea eukela egoten ei-ziran.

        Urre ta kerexa-tratu orretzaz, gure erritxoan ipuin bat edo beste be azaltzen ziran, eta orrein aretan geien kontatzen zana «Arridu»ko etxaguna ta txakur gorriarena izaten zan. Ona emen laburkiro ipuin ori:

        Antxiñako urte baten, Mañaria-n iñoiz ez lako kerexa-aldirik andiena izan zan. Urte aretan, ango zugatz guztiak, garau gorrien sorta astuna zutik jasan ezinda, euren adarrakaz lurrari munka egozan. Ori zala-ta, erritarrak igali gozoagana begira ezti-bitsetan egozan. «Aurten, sekulako urre-pilloak batu bear yoaguz», iñoen guztiak ago batez; eta ori, esanaz, baso ta mendietara joanda, erriko kerexen edertasuna goratzen jarduten eben.

        Etxe guztietan gura aiña ta geiago egonarren be, «Arridu» basetxeko etxaguna, Jaungoikoak esku zabalez emon eutsanaz arean be ez zan naikotu. Eta ori zala-ta, egunak joan eta egunak etorri, erriko kerexa guztiak bide okerrez eskuratzeko asmo gaiztoa artu eban. Eta gure gizona, urrengo gabean, gabaren illuntasuna lagun ebala, auzoetako kerexak ostuten asi zan; eta, urrengo gau guztietan bere egintza gaiztoari etenbagarik ekinda, illebete-barruan erriko kerexa guztiak Bizkai, Araba ta Gipuzkoa-ko errietan urre-truke saldu ebazan.

        Olan, Arridu-ko etxagunak idi-narru andi bat bete urre-diru etxeratu eban; eta, ainbeste urreren artean bere burua ezin-geiago aberastuta ikustean, pozez zoratu-bearrean jarri zan.

        Bitartean, mañaritarrak lapurra nor ete-zan jakin gurarik estu ta larri ibili ziran; eta, euren artean askoren zoritxarra ikusirik, garratz egiten eben negar.

        Onetan, errian kerexa-koloreko txakur gorri bat agertu zan. Eta txakur gorri arek basetxe bakotxaren aurrean aausi egiten eban artean, berbots miragarri batek urrengo berbok esaten ebazan:

 

                «Arridu-ko etxagunak,

                kerexakaz batean,

                urrea ta zoritxarra

                bizkarra betean».

 

        Ori entzunik, mañaritarrak kerexa-lapurra Arridu-ko etxaguna zala igarri eben beingoan; eta, ondoen aren egintza txarrari egokion zigorra bereala emotea izango zala-ta, gizon-mutil pilloak adaki sendoak eskuetan ebezala, Arridu-basetxera arin baten joan ziran. Orduko, baiña, gure gizona, bere urre ta guzti, norabaitera aldendu izan zan; eta, aren billa batera ta bestera begi ta belarri ibili ziranarren, aren aztarrenik be ezin idoro (aurkitu) izan eben.

        Urrengo urteko kerexa-aldian, baiña, txakurraren aausi ta garrasiakaz batera, etxagunaren ulu ta aienak entzun ebezan: Arridu-ko gizona, urrez beteriko idi-narru andia bizkarrean eta txakur gorriaren agin zorrotzak orpuetan sartuta ebazala, Mugarra-artean gora ta beera ebillela ikusi eben. Eta geroagoko kerexa-aldi askotan be, gaisoak olan ibili bearra izan ei-eban.

        Argi ikusi ebenez, kerexa-lapurra bere egintza okerragaitik gogor izan zan zigortua.

 

aurrekoa hurrengoa