www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

39. AMETS-LOREA

 

        Zerutiko mesede guztien bitarteko, Andra Maria dogu. Jaungoikoagandik datorkigun laguntza guztia, Andra Mariaren eskutik artzen dogu. Egia andi ori sarritan entzun izan dogu, eta Eliza Amak be baieztuta dauko.

        Andra Maria, Jaungoikoaren Ama dan ezkero, zeruan maillarik gorenengoan dago; enparadu zerutar guztien gaiñean, Jaungoikoaren ondoan, Irutasun Deunaren zoragarri.

        Andra Mariaren arazorik nagusiena Jaungoikoa maitatzea eta guri on egin eta laguntza emotea da. Golgota-mendian, Jesusen Odol-isurteaz batera, neke-oiñaze zorrotzen artean sortu genduzan; eta, une aretantxe, bere seme-alaba egiñik geratu gintzazan. Arrezkero, Amarik onenaren maitasun eztitsua geure alde izan dogu beti; Andra Mariak, amatasunaren eginbear arduratsuak, zintzotasunik andienaz beteten diardu: guri lagun egiten, geu maitatzen, geu zoriontzen.

        Orretzaz argibiderik onena ta adibiderik egokiena ames bat izan neban.

        Egun baten, geisorik nengoala, larritasunez nire biotza gora jasota, aal neban eraz otoitz egiten asi nintzan. Onetan, Jaunaren laguntzaz, nire min eta oiñazeak zerbait gutxitu egin ziran, eta, era berean, lo gozoak artu nenduan. Eta lo gozo arek, amesaren beso samurretan, erriko elizara eroan nenduan. Eta an, altara nagusiaren ondoan, osasun-eske otoitz beroan asi nintzan.

        Alako baten, Aingeru eder bat txirristada legunez jatsi zala konturatu nintzan. Eta Aingeru eder arek, irribarrez, zer bear neban itandu eustan. Osasuna bear nebala erantzun neutsan nik. Eta orduan, bera, buruaz «baietz» esanda, zerurantz abiatu zan; nik begiakaz atzetik jarraitu neutsan. Elizako teillatua beingoan edegi zan, eta odeiak urratu egin ziran, eta Aingerua zeruan sartzen ikusi neban. Zeruaren zatirik ederrena ikusteko zoria izan neban: Jaungoikoa eta Andra Maria egozan leku zoragarria. Jaungoikoa ta Andra Maria edertasunez beterik guztien zoragarri egozala baiño besterik ezin esan daiket, arein edertasuna bear danez azaltzekorik ez dago-ta.

        Aingeruak, buru-makurtze andi bat eginda, Jaungoikoari eskumako belarrira berba egin eutsan. Ori eginda, berealaxe jatsi zan, eta, neure ondora etorri zanean, buruaz «ezetz» esan eustan. Orduan, barriro eskatzeko esan neutsan. Bigarrenean, ezkerreko belarrira, biotzaren aldeko belarrira berba egiteko arren egin neutsan. Ori entzunik, Aingeruak, bere eskuak bular-ganean gurutzetuaz, irribarrez auxe esan eustan: «Jaungoikoaren Biotza Andra Maria da. Beraz, Andra Mariagana noa.» Berbok amaitzean, joranez eta bizitasunez auxe esan neutsan: «Bai, bai; zoaz zeruko Amagana, Ama dogu-ta.»

        Beste bagarik, Aingerua leengo bideetatik beingo baten zeruratu zan, eta zeruko Amari nire alde otoitz beroa egin eutsan. Otoitzean ziarduala, Andra Mariak Jaungoikoagana begiratu eban, eta, une berean, Jaungoiko biozperatsuak Andra Mariari bere begi santu-santuak zuzendu eutsazan. Eta begirakune eztitsu aren erdian, larrosa zuri-eder bat sortu zan eta larrosa zuri-ederra Aingeruaren eskuetan geratu zala konturatu nintzan. Orrenbestez, nire eskaria lortuta egoala igarri neban. Geiagoko bagarik, Aingeru liraiña eskuetan larrosea ebala jatsi zan, eta, lora ederra neuri emonik, irribarrez auxe esan eustan: «Or dozu Andra Mariaren mesedea. Zoaz beti Andra Mariagana».

        Berbok entzutean, poz-pozez iratzartu nintzan, eta olan bearrez, nire gorputza geiso aretatik guztiz osatuta geratu zan. Lotan ikusi neban larrosa zuria, baiña, ni iratzartzean, ezereztu egin zan. Ez, ostera, bere guna ta bere mamiña itzi bagarik. Lora zuriaren bidez, Andra Mariaren maitasuna ta bakea neure biotzean ezarri ziran. Eta nire biotzeko atsegiña zelanbait agertzeko, beiñola neure adiskide on bategandik ikasi neban kantutxoa Andra Mariari poz-pozik abestu neutsan:

 

                Goizez eguzkiaren

                diztira argitsuaz

                zure gomutaz, Ama,

                bizia zabaltzen da,

                zugaz beti bizi izatea...

                Au bai zoriona!

 

aurrekoa hurrengoa