www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

45. GIZONA, GIZONTXO

 

        Emakume luze-luze bat gizon txiki bategaz, polita zala-ta beste bagarik, ezkondu egin zan. Gizona, «Txautxiriko» izenaz ezagutzen eben, eta emakumea «Kukiñe» izen politaz.

        Ezkon-ibiltea egiteko, Bilbo ikusi bear ebela-ta, Bilbora joan ziran; eta, Bilbo ondo-ondo ikusita gero, illuntze baten, azaltzeko andiakaz, mando-gaiñeetan etxeratu ziran.

        Gaiñeko illuntzeetan, gure ezkonbarriok, eguraldi otzak eta motzak zirala-ta, sutondoko bero gozotan kontukontari egoten ziran. Emazteak goruetan egiten eban, eta senarra pipea erreten kee baten emoten eban astia.

        Kukiñe-k, egunez, etxe ta solo, lanik asko egiten eban; au ta ori ekiñaz, zeri edo ari beti-beti egiten eutsan. Emakume langillea zan.

        Txautxiriko, ostera, ez egunez, ez illuntzez, ez gabez, ezertxo ez eban iñoiz be egiten: etxetik kanpo otza ugari izaten zala-ta, eskaratzeko su andiaren inguruan jesarrita pipea musturrean ebala egoten zan beti. Egunak joan eta egunak etorri, gure gizontxoa beti olan egoten zan. Senarraren patxadea ikusita, emazte gaisoak bere kolkorako auxe esaten eban: «Gizontxo au sutondoan "apatx" jesarrita egoteko baiño ez da... Alper arrano au ezetarako be ez da gauza! Ona orain beronegaz zelako bizimodua eroan bear dodan! Baiña polita zala-ta beste bagarik ezkondu nintzalako, neurea da errua, neurea bakarrik. Ai, gauzak sarritan egitekoak ba-litzaz! Baiña, tira, egoera au eroapen geiagoaz eroan dagidan: udabarriko eguraldi epelakaz adoretuta-edo, sutondo orretatik jagita lanean asiko da, bearbada. Ba-daiteke..., eta itxaron dagidan gaurtik ordurarte.»

        Asteak joan eta illak etorri, udabarria bere txori ta loraz, aurpegi argiz agertu zan. Eta udabarriko egun alaiak sutondoko gizon txikia bere altzo gozora eroan eban.

        Goiz argi baten, Txautxiriko-k bere emazteari auxe esan eutsan:

        —Gaur solora joan bear dot, bertan zeri edo ari ekiñaz, lan apur bat egin dagidan be.

        —Bai, zoaz, ene gizona, ekin lanari, lana egiteko da-ta —erantzun eutsan emazteak.

        Txautxiritxo solora joan zan, ba; eta, an egun guztia atan-orretan eginda gero, gabean, nekatuta bai-legoan, ben-ben etxeratu zan. Eta emazteari arazo andia ta garrantzitsua aurkitu ebala esan eutsan.

        —¿Zer arazo aurkitu dozu, ba? —itandu eutsan Kukiñe-k—. Laietan jardun dautsazu, urrean...

        —Ez, gauza garrantzitsuagoa izan da.

        —¿Zeri ekin dautsazu, ba?

        —Begira, ba: soloratu nazanean, kerexa-zugatzaren ganean, txori-pilloak txorrotxioka ebizala ikusi dodaz. Eta, arekana begira jarrita, nire barrurako auxe esan dot: «Txori orreik or dagozala, gure soloan ezer egitea alper-alperrik dok: ezer ereiten ba-yoagu, euren moko zorrotzakaz lurra arakatuta, ereindako azi guztiak jateko gauza dozak-eta. Gari-aldian, barriz, sekulako betekadak egingo yoezak; eta igaletan-eta be, mesedetan baiño kaltetan geiago egingo dauskuek... Beraz, emen soloan, laietan eta atxurketan egitea alper-alperrik dok: guk egiñiko lan guztia beingoan gauzeztuko leukeek-eta. Olan obe izango dok, soloan lan egitea baiño soloa bera jagotea; bestela, ezertxo be ez yoagu artuko; eta emaztea ta ni goseak galduko gaisoak...» Eta ori esanaz, zugazpean jesarrita, makilla pilloak jaurtiaz txoriak uxatzeari egin dautsat. Zati baterako lana ba-daukagu bertan: gaur joan diranak, bearbada biar barriro agertuko dira-ta... Eta emazteak senarrari:

        —Ene! Astia orretan emon dozu, ba? Soloan ainbeste lan egiteko-ta... Txori gaisoak bagarik, zure alperkeriak galduko gaitu gu, eta ez bestek...

        Eta gizontxo arek, leenengo eguneko arloari ederto eretxita, urrengo egunean eta urrengoan be bai, bardin egin eban. Txoriak makillakaz uxaturik, zugazpeko bedartza bigunean patxadaz-patxadaz jesarrita egoten zan.

        Bitartean, Kukiñe arazoz beterik artega. Alako baten, kusoa edo «txori-maloa» egitea bururatu yakon: bere senarraren arazoa lastozko gizon arek ebala-ta, kuso bildurgarria soloaren erdi-erdian ipiñi eban.

        Gure Txautxiriko, kusoa ikustean, asarre jarri zan; eta emazteari agiraka egin eutsan, bera baiño lastozko gizona geiagotzat ete-eukan esanez. Baiña emazteak jaramonik be ez.

        Lau eguneko ipar-aize ozkirriak gizontxoaren asarrea zearo aldendu eban, irribarrea sorrerazoteko poza ganeko egunetan emonaz.

        Beste illuntze baten, barriro be soloan arazo on uratsua aurkitu ebala-ta, pozez beterik etxeratu zan.

        —Oi, gaur soloan aurkitu dodan arazoa! Oi, gaur soloan aurkitu dodan arazo onuragarria...! —iñoan.

        —Ze arazo aurkitu dozu, ba? —itandu eutsan Kukiñe-k.

        —Begira —erantzun eutsan Txautxiriko-k—: arratsaldean, laiak eskuan daukadazala soloratu nazanean, muna-ganean, bedartzan, txindorri-pilloak ikusi dodaz; guztiak batera ta bestera iraduz ibili dira; lanean-edo jarduten eben, urrean. Eta txindorri areik, gure soloan egin leikeen kalteaz gomutaturik, errime ikaratu naz; eurok dagozan artean gauza onik ez dogu izango-ta, dardar jarri naz... Orduan, ¿zer egin? Eskuetako laiak bertan-beera itzirik, koko arekana begira adi-adi egon naz. Zenbatu be egin dodaz, eta urteak egunetan aiña dagozala konturatu naz. Ori kusi dodanean, nire barruan asmo berezi bat artu dot: txindorri guztiak goiz edo berandu solotik jaurtitea. Beraz, biar goizean asita, txindorri bakotxa beeko errekara eroango dot, ango uretan leenbaileen ito daitezan, orretarako lau orduko bidea egun oro egiñarren be; olakoai guztiz eta zeatz alde eragin bear yake-ta. Bestela, gauza onik ez dago. Egun oro bat kenduta, urtebete barru guztiak amaituko dira. Eta orduan, bakea.

        Berbok entzunda, Kukiñe artegatu egin zan, estutu be estutu: «Nire senarra baiño alperragorik, nire senarra baiño alperragorik!» —esaten eban—. Ori ezetarako be ez da gauza, ezetarako be ez... Gizontxo orren lelokerietatik alde egiteko, gaur zerbait asmatu bear dot, bai, asmatu bear dot! Olan ezin bizi daiteke...»

        Eta bere senarra Durango-ko merkatuan saltzea erabagi eban. «Iñok lauzirikorik emoten ba-daust emon, gizon txiki-petral ori an geratuko da plazearen erdi-erdian», iñoan.

        Orretarako, otzaragiñagana joanda, otzara andi bat erosi eban; eta urrengo zapatu-goizean, otzara andi aretan sartu zedilla agindu eutsan bere senarrari.

        —¿Otzara orretan neu sartu? ¿Zer dala-ta? Arranoa, neu ez beintzat! —erantzun eutsan senarrak.

        —Bai, sartu zaitez, gizona... Gaur Durango-n merkatu andi bat ospatzen da, bai, eta merkatu orretara zeu be etorri zaitezala gura dot-eta. Ango gauzak zeuk zeure begiakaz ikusi dagizuzan, ementxe, otzara onetan, neure buru-ganean eroango zaitut. Olan, ara-osterea ezer be nekatu bagarik egingo dozu; ezer be ez yatzu kostako, eta ez yatzu damutuko. Tira, gizon, sartu arin...

        Eta beste bagarik, Txautxiriko, «rrast!», otzaran sartu zan. Eta Kukiñe, orduan, otzarea buru-ganean ebala, Durango-rantz abiatu zan. Bidean yoiala, neskato bat galtzerdigiñan ziarduala aurkitu eban.

        —Ene, ori da otzaratzarra! —esan eban neskatoak—. ¿Zer daroazu or? ¿Kerexa gorriak?

        —Ez.

        —¿Okaranak?

        —Ezta.

        —¿Zer daroazu, ba?

        —Gizon txiki-txiki bat, ontza biko bizarraz. Neskatoak, ori entzunik, «ajaja!» egiñaz, irri ta barre egin eutsan. Orduan, Txautxiriko-k, otzaratik burua jasota, agiraka egin eutsan; eta neskatoa, bildurrez izututa, ariñeketan aldendu zan andik.

        Gerotxoago, Kukiñe-k mutiko bat intxaur-zugatzari arrika ebillela ikusi eban. Eta mutiko arek, otzarea ikusi ebaneko,auxe esan eban:

        —Ene, ori otzarea! Mugarra ta Arranaitz, biak osoan artuko leukez. ¿Ze arrano daroazu or?

        —Gizon txiki-txiki bat, kanaterdiko bizarraz... Mutikoak be irri ta barre egin eutsan, eta arri batzuk be jaurti eutsazan. Andreak, mutikoari asarre egiñarren, mutiko okerrak jaramonik be ez.

        Orduan be Txautxiriko-k, otzaratik burua jasota, agiraka egin eutsan:

        —Mutiko, eltzen ba-daust eldu, zapuztuta itziko aut...

        Mutikoak be, gizonaren erremuskadak entzunda, igesiari emon eutsan. Eta Kukiñe-k bidean aurrera egin eban.

        Arantzago txakur zuri bat ikusi eban; eta txakurra, aausi ta aausi egiñaz, emakumeari orkatillatik oratzera joan yakon; eta emakumeak erremuskadak egiñarren, txakur oker arek aurrera egiten eban. Gure gizontxoak, bakea izango ba-zan, bere burua irugarrenez atara bear izan eban.

        —Txakurto! Isilik eta geldirik ez ba-ago, zati-zati eginda itziko aut...

        Txakurrak be, gizonaren abots lakarra entzun ebanean, lauoinka anka egin eban: belarriak eta buztana beerantz ebazala, ugazabaren etxean begi larri-larriakaz sartu zan.

        Jazopen guztiok ikusita, Kukiñe ikaratu egin zan, berekautan iñoala: «Otzara ta gizon, noian, noian etxera! Ezetarako gauza ez dala-ta ekarri dot, baiña... zetako edo atako ba-dok bai gauza... Sutondoan jesarrita dagoala be, etxea ederto zainduko daust beronek. Ai, oni dautsoen begirunea! Bestela, berau bagarik, andra, gizon, neskato, mutiko ta aberek barre egingo leuskide... Bidean jazoak, etorkizunaren barri ederto emon dauste; atzean zer datorren, zerbait gora-beera ba-dakit. Noian, noian etxera...»

        Eta Kukiñe luze-luzea, egiñikoaz damututa, bere gizona otzaran ebala, etxerantz abiatu zan: eskaratzeko subaztarrean be gizona gizon zala-ta.

 

                Gizon gizontxo:

                prakak ba-daukaz, gizonto...

 

aurrekoa hurrengoa