www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

18. LAMIÑEAREN OSTIKADEA

 

        Antxiña, «Pagatzarte»ko mutilla, Ezkubaratz-era orbeletan joan zan. Eta, mendian landan zintzo ziarduala, gabaren oial baltzak, berak uste eban baiño leenago estaldu eban egunaren argia.

        Gabaren illuntasunaz, gure mutilla zerbait ikaratu egin zan, ingurua lamiña ta sorgin-leku bildurgarria zana ba-ekian-eta. Lamiñak ainbeste be ez eben bildurtzen; sorgiñak, ostera, ikaragarriak yakozan, gaiztoagoak ziralako-edo...

        Eta gabaren aldi bakana, oinkada ixillez aurrera yoiala ikustean, orbel-zorro andi bat bizkarreratuta, etxerantz bizkor abiatu zan. Bidean, ixiltasun miragarri bat somatzen eban, gizonik ez abererik munduan bizi ez bai-litzan...

        Alako baten, baiña, ixiltasun itzelaren erdian, ujuju zoli ta alaiak entzun ebazan. Eta zarata arekaz ikaratuta, bere begiak Sagarmin-go landa zabalera zuzendu ebazan. Eta antxe, landan bertan, lamiña pillo bat neskatilla lirain eta ederren antzean dantzan eta dantzan ziarduela ikusi ebazan. Orduan, Pagatzarte-ko morroskoa, neska dantzariak obeto ikustearren, bizkarrean eban orbel-zorroa lurreratuta, arri-mokil baten ganean patxaraz-patxaraz jesarri zan, eta aldi luzetan adi-adi egon zan. Ainbeste ta ainbeste emakume eder euren soin luze-meeakaz —luma utsezkoak bailitzazan—, aizearen soiñu-ostera txairo ta bizkor jolasean ziarduela konturatu zan. Alako ikuspenik!

        Eta ikusten eban ikustekoaz osoro geldota, bere kolkorako auxe iñoan: «Oneik bai dantzariak! Onako emakumerik nire begiak egundo ez yoek ikusi... Orrelako bategaz, orraitiño, aiko-maiko andi bagarik ezkonduko nintzakek... Baiña, tamalez, paitak lakoxe oiñak dabez-ta, ezin ezkondu orreik lako bategaz: gure amak nire emaztea lamiñea dala beingoan igarriko leukek-eta. Auxe tamalgarriena!»

        Mutillak buruan orrelako zerak erabillezan artean, lamiñak euren jolas bakanak amaitu ebezan. Eta amaikeran, lamiñarik ederrenak, begiak eta eskuak gorantz jasota, urrengo bertsoa abots zoragarriz jaurti eban:

 

                Eguzki, illargi ta izar,

                aizeak bere egoak izan;

                zuekandik etorriak

                gu guztiok izan.

 

        Bertsook esatean, enparadu lamiñak ujujuka ta santzoka asi ziran. Eta Pagatzarte-ko semeak be, bere atsegiña agertzearren, txalo errimeak pozez beterik jo eutsazan.

        Lamiñai, baiña, euren jolasak iñortxok be ikusi ez ebezalakotan egozan ezkero, txalo-ots areik ez yakozan atsegingarri izan. Eta bertsoak esan ebazanak, begietatik txinpartak eriozala, asarrez esan eutsan:

        —Oi, mutil zirtzil ori! Ixilpetik geure jolasai adi, e? Ikusgurea bein aseten dauanak, barriro be ase gura izango yok... Jausiko az...

        Eta mutillak, lamiñak asarre zirala konturatu zanean, onela esan eban berekautan: «Auxe baltza! Ondo-gureaz txalotu, ¿eta asarratu? Noian bereala emendik, galdua nok bestela-ta.» Eta ariñeketan etxeratu zan.

        Ganeko egun baten, Pagatzarte-ko mutilla Durangon ondotxo apalduta gero, gaberdi-ostean, Mañari-rantz abiatu zan; eta Mendibeta-n, neskatilla dotoreen antzaz, lamiña bi dantzan jolasten ziarduela ikusi ebazan. Eta bera be (areik dantzan ikustean jolaserako gogoa sortuta), neskatillen artera joanik, saltoka ta ikotika asi zan.

        Baiña lamiñak zolietan be zoliak izan; eta beiñola, Sagarmin-go landan egin ebezan jolasen adi, ixillean egon zana, axe bera zala igarri ebenean, sekulako zartada errimeak emonda, zauritu-zauritu egin eben. Eta azkenez, bide-zati baten tatarras erabilita gero, Arpeldu-ko zubian bertan-beera itzi eben.

        Biaramonean, erritarrak Pagatzarte-ko mutilla Arpeldu-ko zubian erdi-illik aurkitu eben. Eta jazo yakona jakitearren, bere konortera ekarteko aalegiñak aalegin egin ebezan; baiña guztia alperrik. Orduan, atsoren bati mutillaren zauriak «parte txarreko» gaizkiñen batzuek egiñikoak izango zirala otu yakon, eta ari «bedeinkaziño» batzuk emotea izango zala egokien... Azkenez, burubide orri guztiak ondo eretxita, «bedeinkaziño» batzuk emon eutsoezan; eta mutilla berealaxe konorteratu zan.

        Eta jazo yakona itandu eutsoenean, mutil gizajoak, erdi-negarrez, bertsoetan olantxe erantzun ei-eban:

 

                Ai ene, bada!, oi ene, bada!

                Zelan nagoan ondezik?

                Lamiñak ostikadak emonda,

                saiets bat daukat ausirik,

                biotza dot samindurik.

                Zer bear dot nik besterik?

 

aurrekoa hurrengoa