www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

37. JESUS-EN MAITATZAILLE ZINTZOA

(Antzirudia)

 

        Udabarriko egun eder baten, Jesus on-ona, bere ikasle maitea lagun ebala, ibilladi zoragarri bat egiteko asmotan ziarduan. Egun aretan, egunsentiak bere argi biguna emoteaz batera, Jesus eta Joan Jerusalen-dik Belen-erantz abiatu ziran. Eta bide-zidorrak eta lora bitxiz txukunkiro apaindutako landatxoak oinkada legunez igarota gero, Jesus eta Joan errekatxo baten ondora eldu ziran. Une aretan, Erkebe, Belen-aldeko neska gaztetxoa, erreka-ertzean uretara begira egoan. Neskatillatxoak, bere begi illunak erreka-barrura zuzenduaz, ur gardenaren argitasunera, bere aurpegiaren irudia ikusten eban.

        «Ni nauzu polita! —iñoan berak—. Nire gurasoak, ¿nondik ekarri nabe, baiña? ¿Jerusalen-dik ala eguzkiaren egaletik?»

        Neskatillatxoa autu orretan ziarduala, Jesus eta Joan erreka-ertzera urreratu ziran. Eta Jesus onak, berbok entzutean, isillunetxoa egin eban. Gerotxoago, noizbait berbetan asita, neskatillatxoari berbots eztitsuz,

        —Erkebe —esan eutsan—: zerutik etorria zara. Beraz, zerura joan bear dozu, Jaungoikoarena zara-ta. Jarraitu egidazu, ba. Zatoz neugaz.

        Eta beste bagarik, neskatillatxoa Jesus-en jarrai joan zan, Jesusen oiñatzetan bere ointxoak ipinten ebazala. Jesus onaren oinkada bakotxean larrosa ederrak sortzen ziran, eta neskatillatxoa lora-gaiñetatik po-pozik joan zan.

        Alako baten, Belen-era eldu ziran. Eta Jesus maitea bere erritarren artera joanda, guztien onerako berbalditxo samur bat egiten asi zan.

        —Zorionekoak biotz garbiak —iñoan—, Jaungoikoa ikusiko dabe-ta. Zorionekoak, bai, arima garbiak, oso-osorik Jaungoikoarenak izango dira-ta.

        Onetan, Erkebe, lagun-artetik ariñeketan joanda, Jesusen aurrean aurkeztu zan. Orduan, Jesus maitagarriak, begirakune eztitsu bat egiñaz, bere esku garbi-garbiak Erkebe-ren ezpan bigunetara eroan ebazan. Eta, une berean, Jaungoikoaren arnasa deunak neskatillatxoaren ariman lirio zuri-ederra sortu eban. Une artean, Erkebe-ren biotza ta arimea Jesusen eskuetan geratu zan. Arrezkero, oso-osorik Jesusena zan.

        Arratsaldean, Jerusalen-era biurtzean, Jesusek Joan ikasle gazteari zelai eder bat erakutsirik eta maitekiro begiratuaz,

        —Joan —esan eutsan—, begiratu zelai orretara... Eta Joanek, begiratzeaz batera, zelai guztia larrosa ederrez eta lirio zuri-txukunez arrigarriro apainduta ikusi eban. Etorkizun guren eta miragarri baten zelai ederra zan. Une aretan, Jesus biozperatsuaren ezpan garbi-garbietan irribarrerik eztitsuena loratu zan...

        Jesus maitea, non-nai ta edonon, guztiai on egiten ziarduan beti. Bere ibilladi guztietan zeruko mesedeak esku beteakaz banatzen ebazan. Geisoak osatzen, atsekabetuak pozten, illak biztuten, pekatariak onbideratzen, zeruko Barri Ona iragarten eta abar. Ondo be ondo dakigu guztiok egintzarik gorenengoetan zintzotasunik andienaz jardun ebana. Eta alan be, gizonak on-egiteok aintzat ez ebazan artu, esker txarrik baltzenakaz Ongillerik andiena iraindu baiño. Ori zala-ta, Jesus on-onak, mendi-gaillurrean zala, Jerusalen erri aukeratuaren esker baltza ikusirik, negar egin eban. Jaungoikoa zan, eta etorkizun guztia begi-aurrean eukan. Idatzita egoanez jazo bear zan. Olan be, Jesusen biotz maitatzaillea gizonaren zoritxarrak osorik minduta eukan. Aste santua, Nekaldi-astea, ur-urrean zan.

        Abar-domekako txalo ta gorak Jesus laztanaren biotza ez eben askorik poztu. Gizonaren izatearen barri ondo ekian, bai. Asteko leenengo egunetan, erriko agintariak eta jauretxeko nagusiak Jesusen aurka batzarrak iraduz egiten ziarduen. Eta guzurra, naastea ta gorrotoa burubidelari ebezala, epairik lotsagarriena biribildu eben. Jesus, Bildots errubagea, eriotzarik gogorrenera izan zan galdua. Eta epairik gaiztoena beteko zan eguna oinkada odoltsuz etorren.

        Eguen Gurena egun ospatsuaren jarrai; Bariku Santua laiño-moltzo illunen artean negar-intzirika agertu zan. Epairik lotsagarriena bere gain bete bear zala-ta, larritasunez aurkeztu zan, Jesusen aurka zan guztia ezereztu nairik. Jesus ona, baiña, gizonaren onerako bear zan guztia eroateko gertu egoan. Maitasunez bete-betea zan. Orregaitik, Jesus, egun orretan, Gurutze astuna sorbaldan ebala, borreru ta agintari amorratuen erdian Kalbario-rantz abiatu zan. Bere burua arantza zorrotzez zulatuta, eta gorputz guztia zigorkada astunez aulduta ebazala, oinkada odoltsuz aurrera egiten eban.

        Bere lagunik geienak or-emen izu-ikaraz sakabanatu ziran. Andra Maria, Joan ikasle gaztea eta emakume batzuk bakarrik inguratu yakozan, bere jarrai joateko.

        Erkebe neskatillatxoa be arein artean zan. Beiñola, Belen-erako bidean larrosa-bidetik pozik jarraitu eutsan. Oraingotan, barriz, neke ta samintasunen artean oiñatz odoltsuetatik zintzo-zintzo jarraitu nai izan eutsan. Bere biotza aspaldian Jaunari emonda eukan ezkero, Jaunari lagun egiten adoretsu joan zan.

        Bideko neke ta laztasunak eta borreru ta agintari gaiztoen egintza bildurgarriak gora-beera, Jesusen ondoan aurrera ta aurrera joan zan, Kalbario-mendira eldu arte. Eta antxe, mendi-gaillurrean, Jesus maitagarria, Jaungoikoa berbera, gurutzean eskegita eriotzaren atzaparretan ikusi eban. Andra Maria ta Joan ikasle maitea be antxe ikusi ebazan, atsekabezko negar-malko ugariak isurten.

        Jesusek, bere Ama garbi-garbia ikasle maiteari amatzat emon eutsanean, Erkebe-k, une aretantxe, Andra Maria bere amatzat berariz artu eban. Eta gerotxoago, Jesusi «Egarri naz» esaten entzun eutsanean, bere biotzean zartada onuratsu bat somatu eban. Ba-ekian Jesus ona biotzen eta arimen egarri zana. Bere egarri bizia aseteko, biotz askoren eta arima askoren opariak bear ziran.

        Berba ikutugarri orreik zirala-ta, Erkebe-k, orduantxe bertan, Jaunaren maitatzaille zintzo-zintzoa beti izateko asmo bikaiña artu eban. Eta Jaunaren Gurutzetik erastea ta obiratzea samiñez beterik ikusita gero, Andra Mariagaz eta Joan ikasleagaz batera, Jerusalen-era jatsi zan. Eta aurrerantzean, bere arimea oroimen bikaiñez ederto apaindurik ebala, Andra Mariaren ondoan bizi izan zan. Ba-ekian, bai, Ama samur onen Biotz maitagarrian Jesus berbera edertasunez beterik egoana. Orregaitik, Erkebe-k bere garbitasunaren lirio zuri-ederra Andra Mariaren ondoan txukundu ta loratu nai izan eban: Jesusegana joateko biderik onena ta ziurrena Andra Maria zana ba-ekian-eta.

 

aurrekoa hurrengoa