www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

2. AMARGARREN AALEGIÑA

 

        Bein, Larrabi-ko etxekandra maratzak, bere seme gazteenari, arto-zorro bat bizkarreratuaz, auxe esan eutsan:

        —Oa errotara, maite, oa salto baten; eta ekarri egidak arin zorro oni yagokon uruna, taloak egiteko esku-artean oraintxe berton bear yoat-eta.

        —Ene, au da zorroa! —esan eban mutillak—. Sorta au niretzat astunegia dala esango neuke. Arri-koskorrezkoa ba-litz be... Zorro au, bidean noala-edo, jausiko ba-litzakit, ¿zelan arrano jasoko neuke lepora barriro? Ene, au da au...!

        —Ez adi egon orren bildurrez; zorro ori orren astuna be ez dok-eta. Orrelakorik jazo ba-lekik (auzoko ba-litzakik), barriz, besterik ezean, bearbada ire zorro ori «amargarren aalegiñak» edo leporatuko leuskik-eta.

        —¿Amargarren aalegiñak? ¿Nor da, gero, «amargarren aalegiña»?

        —Amargarren aalegiña, ik iñoiz ezagutu ez doan ezezagun begiko bat dok. Oa arin errotara, bai, eta, bearbada, ezezagun begiko ori bidean bertan ezagutzeko zoriona izango dok. Oa, oa arin, maite...

        Eta gure mutilla, amaren esana egitearren, beste bagarik, errotarako bidean jarri zan. Eta bide-zati bat igarorikoan, zugatz-erpiñean txirulika ziarduan txori kantariagana begira geratu zan.

        Atan-orretan, mendian-beera, bei gorri bat, erri-bei bat, ikotika agertu zan; eta gure mutilla, «ene, gure auzoko bei okerra!» esanez, adarkaren baten bildurrez, zorroa lepoan ebala ariñeketan asi zan; eta yoiala, bide-ertzeko erretenean larrapast eginda, ankaz-gora jausi zan.

        Zutundu zanean, arto-zorroari ikututxo bat be egiteke (egin bagarik), bide-ondoko landan, bedartzan, patxaraz-patxaraz jarri zan, andik noizean bein «aalegiñari» deadarrez ekiteko.

        —«Amargarren aalegiña», ator ona! —iñoan—. «Aalegiña», ator arto-sendor au nire lepora jasotera: bakarrean nik ezin jaso naikek-eta... «Aalegiña», ator arin arin!, gure amak uste yokanez, i morrosko indartsuren bat-edo az-ta...

        Alan, deika ta deadar baten, ordu luzeetan egon zan, nonbaitetik zerbait edo norbait agertuko zalakotan. Baiña, bai zera! Olakorik arean be ez zan jazo. Txoriak, ardiak, auntzak, beiak eta beorrak baiño ez ebazan an ikusi gixajo andiak. Eta, orduak-ordu, eguzkia ostentzen eta eguna illuntzen be ikusi eban... ¿Zer egin? Estualdi aretan, zutundu ta arto-zorroa ikutu ta emen ikutu asi zan... Alako baten, soiñean eban indar guztiaz, zorroa arri-mokil baten ganera aldatu eban; eta, gero, beingoan lepora jasota gero, errotara joan zan.

        Errotara-osterea eginda, etxeratu zanean, amak ikaraz esan eutsan:

        —A, mutil! Ba-ator, orraitiño! Errotara-ostean egun guztia egiteko, ¿zer jazo yak? Olakorik, egundo...!

        —¿Zer jazo yatan? —erantzun eutsan semeak. Eta jazorikoaren barri, au ta au, eta ori ta ori, zertzelada guztiakaz emon eutsan.

        —Zuk aitaturiko morroskoa, barriz, lozorroan-edo egon da, antza: nik egin dautsadan beste deadar eta zarata eginda, iñondik be ez agertzeko, illik edo lo egon bear, nai ta nai ez...

        —Eta zorro ori, ¿zelan jaso dok, gero?

        —Nire deadarretara iñortxo be etorri ez dan ezkero, neuk jaso bear izan dot. Putz eta putz, soiñean dodan indar guztia atarata, leenengo arri-mokil batera jaso dot, eta gero andik beingo baten leporatu. Nire izerdiak!

        Ori entzunda, amak, barreka-barreka,

        —A, kokolotzar ori! —esan eutsan—, «amargarren aalegiñak» jaso daua-ta...! Norbere indar guztia eta egingura osoa, orixe dok benetako «amargarren aalegiña»... Jaungoikoak emoniko aalmena, erdizka bagarik, osoro erabiltea...

        Oi, gauza onak egiteko, geure aldetik dagoan guzti-guztia ipiñiko ba-geuke, orduan bai mesedeak eta irabaziak lortuko geukezala! Jaunak osoro bedeinkatuko gendukez.

 

aurrekoa hurrengoa