www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

40. BELEN-GO LARROSAK

(Gabon-ipuiña)

 

        Gau zoriontsu aretan, Zuriñe eritxon Mañari-ko neskatillea, amalau urteko artzain neska samurra, bere artaldeko ardi zuri-ederrak billatzen ziarduan. Eta Mugarra-ko landa ederrean edur-artean sakabanatuta egozan ardi kutunak ezin txabolaratu izan ebazan ezkero, neskatillatxoa negarrez egoan.

        Onetan, artzain neska arduratsuak goi-aldetik aizean-zear etorritako abots legun-gozo bat entzun eban:

 

                Aintza goietan Jaungoikoari!

                Bakea lurrean

                Aren gogoko gizonai!

 

        Eta goi-abesti eder orren soiñu-otsean, zeru zabaletik argi-diztiz inguratuta egoala, aingeru zuri-eder bat agertu zan.

        Zuriñe, aingerua ikustean, bildurrez beterik jarri zan. Aingeruak, baiña, neskatilleari arean be ez bildurtzeko esanaz, maitekiro egin eutsan berba:

        —Artzain neskato ori, arean be ez zaitez bildurtu: zuri barri on-on bat emotera zerutik etorritako aingeru bat naz-ta. Munduaren Salbatzaillea, Jaungoiko gure Jauna, Judea-erriak aspaldian pozez itxaroten izan dauan Mesias aintzagarria, oraintxe, gabeko amabi-amabietan, Belen deritxon erritxo politean giza-soiñez lurreratu da. Ori dala-ta, poztu zaitez eta poztu bedi lurbira guztia be bere Askatzaillearen oiñetan. Jaungoikoaren gizonaganako errukia erri ta enda guztiak goratu ta txalotu begie... Zeuk be txalotu ta goratu egizu, ba. Oraintxe berton goazan, ba, Belen-era, Jaungoiko gizon-egiñari aurpegi txikitxoan laztan gozo bat emotera. Erdu neugaz, Zuriñe... Goazan.

        Eta beste bagarik, artzain gaztetxoa, esan eder orrekaz arritu ta poztuta, aingeruagaz batera Belen-erantz abiatu zan. Eta erriak eta mendiak aingeru-egaz zearkatuta, egunsentia baiño leen, Belen-errira eldu ziran.

        Gau orretan, erritxo ori zidar txipristiñez apainduta agertzen zan. Edur zuriz orniduta egoan. Iñoiz baiño politagoa ikusten zan.

        Alako baten, erri-ertzetik joanda, mendi-egal batera urreratu ziran. Eta an, mendi-barrenean, txabola zaar bat aurkitu eben. Zuriñe-ren ardi-txabolea baiño be txabola zaarragoa zan.

        Orduan, aingeruak Mañari-ko neskatillatxoa, oni bultzakada gozoa egiñik, bertatik txabolaratu eban. Eta neskatillatxoak txabolearen barruan emakume zoragarri bat, itxura oneko gizon bat eta ume eder-eder bat ikusi ebazan. Umetxoa, asto ta idiaren arnasa beroak artzen, erdi-billoizik negarrez egoala. Ori zala-ta, Zuriñe-ren biotza errukiz minberatuta jarri zan.

        Eta beste bagarik, aingeruak Belen-erako bidean irakatsi eutsan abesti polita, eskuak gurutzetuta ebazala, begirunez auxe abestu eban:

 

                Umetxo maite, lora ederra,

                zeru-lurraren jabea,

                askatxo baten etzunik dago

                Jaungoikoaren Semea,

                gizon guztioi erakusteko

                zeruetako bidea.

 

        Kantu ori abestuta gero, Zuriñe-k umearen txirotasuna ta ezeukitasuna ikusita, negar egin eban, Andra Mariari itauntzen eutsala:

        —Ume zoragarri orrek, ¿zegaitik egiten dau negar?

        —Nire kutuntxu onek gizonen gaiztakeriakaitik egiten dau negar —erantzun eutsan Andra Mariak.

        —Eta ume maitagarri ori, Jaungoikoa izanik, ¿zegaitik dago otzez dardarka?

        —Gizonen biotzetan maitasunik aurkitu ez dauan ezkero, otzak mingarriro igitzen dan nire semea.

        —Eta ume eder-eder ori, zeru-lurren jabe izanik, ¿zegaitik agertzen da orren beartsu?

        Ori entzunik, Andra Mariak, bere begi ederretatik nergar-malko diztiratsuak isuriaz, neskatillatxoari abegi onez auxe erantzun eutsan:

        —Gizonak aberaskerien zoro-bitsetan itsutu ez daitezan agertzen da nire semea, zeru-lurren jabea izanik, etxe zaar onetan ezeukitasunik latzenean. Urre ta zidar gosez itsututa dagozan guztiai apaltasunaren bidez zerubidea erakusteko.

        Egiñiko itaun berarizkoen erantzuna artuta, Zuriñe, senetik urtenda lez, Jaungoikoaren errukia berba ederrez goratzen asi zan. Eta Mesias goragarriari oparirik ederrena egiteko asmoz, Mañari-tik Belen-eratu zala-ta, askatxoko Ume zoragarriari maitasunezko laztan gozoa orduantxe emotea erabagi eban. Eta aingeruak esan eutsanez, bere eskuak biotz-gaiñean ipiñita, Ume-Jaungoikoari bere aurpegi txikian mosu gozo-gozoa egin eutsan.

        Une samur aretan, Umearen ezpan garbi-garbietan irribarre eztitsua loratu zan. Eta Andra Mariak eta Jose deunak be euren biotzeko eskerrona Zuriñe-ri txera gozoz agertu eutsoen.

        Orduan, Zuriñe-k antxe, txabola aretan, Sendi (Famili) deunagaz batera beti bizi izateko asmoa artu eban. Asmo ori arei agertzean, Andra Mariak neskatilleari eurakaz bizi izateko lain adorerik ez ebala izango esanez, berba maitekorrez auxe erantzun eutsan:

        —Zure asmo ta gurari onak pozez beterik ikusten doguz... Baiña gure ondoan batera ta bestera ibilteko indarrik ez dozula izango jakiñerazoten dautsut. Neke ta atsekabe askoren erditik ibili bear izango dogu. Geu maite gozuzala-ta, ¿geugaz bizi bear dozula? Ondo dago. Orretarako, baiña, ez dozu gugaz ementxe egon bearrik. Oraintxe emongo dautsuguzan iru gauza maitatu ta bear danez zaintzen badozuz, antxe, Mugarra-ko landan, zeure artaldea zaintzen diarduzula be, ementxe geugaz batera bizi izango baizintzaz egin aal izango dozuz lurreko egunak eta urteak...

        Berbok amaitzeaz batera, Andra Mariak biotzera eskua eroanik, larrosa eder bat emon eutsan, garbitasunaren ezaugarria zan larrosa zuri-zuria. Jainko Ume egiñak, barriz, bere biotzeko maitasunik gozoenaz arnasa eztitsua ezpaneratuaz, larrosa gorri eder bat sortu eban:maitasunezko larrosa bikaiña zan. Eta larrosa ori artzain neskatoaren biotzean betiko ezarrita geratu zan. Eta Jose deunak, auts koloreko lora illun eta maitagarri bat esku zabalez emonik, irugarren larrosea abegi onez eskuratu eutsan: apaltasunaren larrosea zan. Sari eder orrekaz, artzaintxoa pozez eztibitsetan jarri zan, Andra Mariaren esana egiteko gertu.

        Gerotxoago, larrosa eder orrekaz poz-pozik zala, Zuriñe on-ona, Jaungoikoa toki guztietan egoala-ta, leengo aingeruagaz batera barriro Mañari-ra etorri zan.

        Eta ementxe, Mugarra-ko landa ederrean Sendi deunari adi-adi zala, artzain-bizitza apalean barrien-barri jarrita, Euskalerrian Jesusen barri onak zabaltzen ebazan artean, Garbitasunaren, Jaun-maitasunaren eta Apaltasunaren larrosa ederrak bere biotzean zaintzen ebazala, zoriontsu bizi izan zan. Iru onoimen (birtute) bikain orreik, berak alan naita, Jesus, Maria ta Josegaz lokarri gozoz estutzen eben gure Zuriñe.

        Udabarrietan, barriz, Zuriñe maitagarriak, ardi zurien atzetik bedar guri gaiñetan ebillen artean, bere begi urdiñak Sortzalderantz ebazala, kantarik ederrenak abots gozoz eta eztitsuz abesten ebazan...

 

                Larrosa bat, larrosa bi, iru larrosa,

                Belen-go txabolan ainbat larrosa;

                onoimenetan bikaiñenak Garbitasuna,

                Jaun-maitasuna, Apaltasuna.

 

aurrekoa hurrengoa