www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

28. BASA-KOIPATSU

 

        Gure Aberriko baserrietan «txitxi-burduntzi» gozoa basoan jateko, urte oro egun berezi bat izaten zan. Egun berezi ori, barriz, aratuzte-aurreko domekea izaten zan beti.

        Eta domeka ori, Arratia-aldean, «kanpo-martxo» izenaz ezagutzen zan; Durango-aldeko errietan, ostera, «basakoipatsu» izen politaz. Ikusi daikegunez, bigarren izen ori leenengoa baiño politagoa ta orretarako egokiagoa da. Berba batetik bestera alde galanta dago, egon be! Leenengoa, erderakada andia da; bigarrena, barriz, euskera uts-utsa.

        Aitaturiko domeka ori, Garizumearen gora-beeretan egoten zan ezkero, urte batzuetan goiztxoago eta beste batzuetan belutxoago eltzen zan. Orregaitik, gure erritxoko ume ta gaztetxoak, urtarrillak bere azken-agurra egin orduko, zorioneko egun ori noiz izango ete-zan jakingura latzez egoten ziran, une orotan itauntzen ebela: «¿Noiz da basakoipatsu? ¿Noiz jango ete dogu txitxi-burduntzi gozoa?»

        Eta gogo biziz itxaroten genduan egun ori. Bere ordua etorten zanean, bakotxak gura ebanez, ume ta gastetxo, nagusi ta zaar, adiskide-lagunakaz batera, askari-pardeltxoak eskuetan genduzala, baso-mendietara ezti-bitsetan joaten gintzazan; eta, ekandu zaarrari jarraituaz, askaritzat urdai, lukainka, solomo eta abar, txarriki utsa bakarrik eroaten genduan.

        Mendiratu ta bereala, zugatz-adar ezoakaz, txarrikia erreteko burduntziak egiten genduzan; eta gero, or-emen egurrak batuta, su andi bat egiteko gertatu. Eta orduan, sua nok iziotu erabagiteko, zozketa egiten genduan, eta zozketearen zoriak musturrean joten ebanak, bere agoko aizea baiño orretarako beste ausporik ez ebela, putz eta putz kee-areean negarrez zala, sua egin bear izaten eban. Suaren garbizia gorantz igoten zan unean, barriz, urdai ta lukainkak burduntzi-erpiñean jasota, guztiok batera abots zoliz esaten genduan:

 

                Urdai eta lukainka,

                txitxi ta burduntzi,

                ardaotxo gozoaz:

                guztiak iruntsi.

 

        Eta ori kantatzean, burduntziak txingar-ganeratuaz txarriki-koipez bustiriko ogia gogo-gogorik joten genduan. Gauzearen gozoa! Gerotxoago, urdai ta lukainkak be ezpanak miazketan barruratzen genduzan.

        Olan zala, arratsaldeko lauretan-edo, gure aitz eta mendietan sutzar andiak agertzen ziran, eta ordu orretatik aurrera, Mañari-erritxoan, ujuju ta santzo zolien durundi alaiak berarizko poztasuna sorrerazoten eben. Une aretan aitz-mendiak emoten eben poza, iñortxok be ez eban kolkoan gordeten.

        Eta arratsalde osoa alan atsegiñez eginda, gabaren illuntasunak egunaren argia uxatu bear eban une-unean, abesti ta santzoz basabideak bizkor-bizkor igarota, pozez beterik etxeratzen gintzazan, urrengo urtean be bardin-bardin egiteko asmoa geure buruan genduala.

        Orra, ba, Euzkadi-ko erri txikietako ekandu zaar bat laburkiro azalduta. Ekandu ori, antxin-antxiñakoa ei-da. Eta leengo urte baten Urkiola-ko aldatzean aguratxo batek esan eustanez, leenagoko Garizumetan aragi-izteak eta barauak ugari egin bear izaten ziran ezkero, «basa-koipatsu» eguna okeleari ta umore alaiari Pazkoetararte agur egiteko izan zan jarria.

 

aurrekoa hurrengoa