www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

24. LAMIÑEAREN GERRIKOA

 

        «Angurreta» basetxeko etxagunaren semerik zaarrena, domeka-arratsalde baten, erriko enparantzan aurresku eder batzuk eginda gero, illuntzean etxerantz abiatu zan.

        Gau aretan, zerua izarrez ondo apainduta agertzen zanarren, illargiaren argi bigunak biderik ez baztarrik ezelan be ez ebazan argitzen: inguru guztiak illun-illun egozan. Gabaren itzela!

        Ori zala-ta, gure mutil morroskoa, oiñakaz arrimokillen batzuk noiz joko, bildu-bildurrez yoian, ikaraz esaten ebala: «Ene! Au gabaren baltza! Au bildurra! Illargiaren ordez, bideak nok argitu aurkituko ba-neu...»

        Onetan, bildur-ikarea kentzearren-edo, santzo errime bat jaurti eban; eta mutillak jaurtiriko santzo errimeari, beste santzo batek erantzun eutsan.

        Angurreta-ko mutilla santzo zolia entzutean, ikaraz geldota jarri zan, bere kolkorako ixil-ixillean iñoala: «Ordu onetan, ¿nor izan daitekek emen? Emakume-abotsa dala esango neukek. Baiña, gau baltz onetan eta ordu onetan, olakorik ezin izan daitekek...»

        Bururapenok ebazala, Angurreta-ko mutillak, astiro izanda be, bidean aurrera egiten eban beti.

        Alako baten, Oxinburu-ko zugatz-artetik emakume bat, argiontzi gorri bat eskuetan eukala agertu yakon. Emakumea, argala ta luzea zan. Bere soiña koloreetako jantzi dotoreaz estaltzen eban; eta buruan eban ule luze ta gorrizkea, lepotik beera apainkiro jausten yakon.

        Mutilla, alako emakumea ikustean, ezin-geiago geldotu zan. Eta, zer edo nor izango ete-zeitekean jakingureak jota, ben-ben itandu eutsan:

        —Emakume ezezagun ori: ¿onez ala txarrez zatoz?

        —Onez naiatok, mutil —erantzun eutsan emakumeak irribarrez—. Ni iretzat ezezaguna ba-nok be, i niretzat ondo ezaguna az, Angurreta-ko etxagunaren semerik zaarrena az-ta. ¿Ez dok olan?

        —Bai, Angurreta-koa naz. Baiña, ordu onetan, ¿ze asmok ekarri zaitu, ba, nire ondora?

        —Ik bildurrez jaurti dokan santzoak ekarri naiok, mutil. Gaba illuna yagok-eta, illargiaren ordez, eskuetan argiontzi oneaz iri bideak argitzera etorri nok. ¿Bidelagun ez nok gura, ala?

        —Egin-egiñean be, bide illun eta lakar au ondo igaroteko argi on baten bearra ba-dot, bai... Beraz, bidelagun ona izan ezkero, argiontzi orren argitan, bide-zidor eta mendiak poz-pozik zearkatuko neukez...

        Eta Angurreta-ko mutilla eta emakume agertua, argiontzi gorriak bideak ederto argitzen ebazala, Angurreta basetxerantz jo eben.

        Emakumeak, bidean yoiazala, iñon diran barriketak eginda, mutil gaisoa itsututa zer esan be ez ekiala izten eban. Eta emakumeak, olan barriketan ziarduala, alako baten, zerurantz begiratuta, auxe esan eban:

        —Gau illun-illun onetan, zerua zoragarri yagok, ba..., izar politez iñoiz baiño orniduago yagok-eta. Begira Mugarra-aldeko zeruan jausi-gurarik dingilizka dagoan izar gorrizkea. Ederragorik ikusteko be!

        —Alantxe izan be... Eder-ederra da, gero! Ipar-aizearen indar leunak batera ta bestera eraginda, kolorerik politenak eta dirdira arrigarriak egiñez, ikusgarriro dago, egon be...

        —Bai, izar zoragarri orrek, bere kiñu-ikara politakaz maite-maite nabela agertzen yok. Eta, bere berbots ixil-eztitsuaz belarrika ots gozoa egiñik, beraganatzeko diraustak. ¿Joango ete-nok? Baiña... bide bakarti onetan, i bertan-beera bakarrik izteak errime tamaltzen naiok.

        —Ene, olakorik! ¿Zelan arrano igoko zara ara goraiño?

        —¿Igoko ez nok, ba, aizearen umea izan-eta?

        —¿Aizearen umea? Egundo entzun ez dodana orixe. Oraindiño andiagoak entzun bear izango doguz...

        —Ez ago ez dan gauzarik entzuten: beiñola, ipar-aize gozoak eta ego-aize bigunak Usobil-ko landan sortu eben lora ederretik etorria nok-eta. Orregaitik, odei eta izarretaraiño igoteko ego-bearrik ez yoat, non gura ta antxe nagok-eta.

        Orrelako gauza bakanak entzutean, mutilla ule-zutik jarri zan, berekautan iñoala: «¿Zer ete-dok au? Beronegaz, ¿onez ala txarrez ete-noak...?»

        Bideak eta mendiak igarota, alako baten Agurreta-ko basetxe-ingurura eldu ziran. Eta etxe-ondoan une baten berbetan jardunda gero, emakumeak, gomutagarri bat emoten eutsala esanez, mutillari gerriko gorri-dotore bat ipiñi eutsan. Mutillak, bere gerrian gerriko gorria ikusi ebanean, dardaraka baten asi zan: bere bidelaguna «Zirtzil» lamiñea zala orduantxe jakin eban, baita arek emoniko bezuza be «zoritxar-gerrikoa» zala igarri eban.

        Eta, bere bidelagunari, lamiñeari, berba geiago egiteko adorerik arean be ez ebala, arinka baten etxerantz abiatu zan.

        Eta etxeratzeaz batera, sutondoan egoan aita zaarrari, «Gabon, aita», esan eutsan.

        —Baita euri be, gabon, gau ona ba-dakak, beintzat... —erantzun eutsan aitak ben-ben—. Beste domeketan baiño askozaz beranduago etxeratu az gaur. ¿Zer jazo yak, baiña?

        Orduan, semeak, gerrian eban gerrikoa erakutsi eutsan. Agurea, gerriko gorria ikustean, negar baten asi zan; eta ordu luzeetan negarrari ekinda gero, agura gaisoak bere semeari berbots tamaltsuz esan eutsan:

        —Galdua az, mutil! «Zirtzil»-lamiñearen «zoritxar-gerrikoa» daukak aldean-eta... Orain, ori dala-ta, lamiñatzar ori, eugaz ezkondu gurarik, ementxe etxe-inguruan ibiliko dok beti. Eta bere asmoa beteten ez ba-yok, iñon diran erasoak egiñaz, zoritxarreko egingo au betiko... Orra, zelako etorkizun baltza daukoan, alde bietara galduta ago-ta!

        Olako berba bildurgarriak entzunda, mutilla geisotu egin zan. Eta, iru edo lau egun barru, tamalez beterik il zan. Ilda biaramonean, auzoetako lagunak, gorpua lurperatzera eroan eben. Eta, orretan ziarduela, «Zirtzil» lamiñea, negarrez eta uluka, lagun-artean sartu zan, deadar andiz iñoala: «Ori neurea da, ori neurea da!» Eta illobiraiño olan deadarka lagunduta gero, lamiñea Oxinburu-ko koban garrasi baten asi zan.

        Ori ikusita, ganeko egun baten, «Landaluze» eta «Agerre» basetxeetako mutillak, lamiñearen billa joan ziran; eta, ibiliak eginda gero, basoan aurkitu ebenean, arrika ta makillaka il egin eben; eta gero gorpua Arranaitz-gaillurretik beera jaurtita, zati-zati egin eben. «Zoritxar-gerrikoa», barriz, ota-abarrakaz eta su andi-andia eginda, bertan erre-erre egin eben.

        Egun aretan, «Zirtzil»en eriotza zala-ta, Aldebaraietan jai izan zan; eta ujuju eta santzo askoren artean, begi-begiko erromeria egin eben.

 

aurrekoa hurrengoa