www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

16. PETRALANDA-KO SORGIÑAK

 

        Antxiña, basetxe zaar baten, ama-alaba batzuk morroe bategaz bizi ziran. Ama-alabak emakume beargiñak ziran; egunez, beintzat, soloko lanetan bizkor eta zintzo jarduten eben; illuntze-ondoa asita, barriz, etxeko lanak eginda gero, eskaratzeko supazterrean goruetan jarduten eben.

        Etxeko andrak bakarrik ez, baita morroea bera be, lanak egiten ez zan mutil makala. Laietan, bedar-ebagiten eta abar, danean danera ekiana zan; eta, batez be, iñok egiñiko gauzeari oker edo zuzen antza emoten, mutil berezia. Orretan autsak eta mautsak eukazana; begi ta belarri, adi ta zuur ebillen beti.

        Ama-alabak, egunez soloko lanak zeatz eginda gero, gabaren illuna mendian-beera astiro-astiro etorten asten zanean, eskaratzeko supazterrean jesarten ziran; eta, goru ardatzak eskuetan artuta, bertatik ari piñak egiten asten ziran.

        Eta au, ori ta bestea esanaz, gaberdirarte-edo egoten ziran beti. Mutilla be eurakaz egoten zan; eta arek artozuriketan jarduten eban.

        Baiña bein gaberdi-aldia eldu ezkero, mutilla, orduko nekatuta ongo zala-ta, lotara bialtzen eben. Eta ama-alaba biak, mutillak alde egitean, ixil-mixilka supazterrean ixil kontuetan jarraitzen eben; eta, gaberdi-gaberdia eldu bear zan une itzalean, ama-alabak, goru-ardatzak berton-beera itzita, etxetik at (kanpora) joaten ziran.

        Euren morroea, baiña, kokoloa izan ez, eta kokoloa ez zelako, bere etxeko ama-alabak gaberditzarretan etxetik kanpora joaten zirala, beingoan igarri eban. Eta orduan, aren jakingurea! «Andra orreik gaberditzarretan, ¿nora arrano joaten ete-dozak...? —iñoan bere kolkorako—. Olakorik!, andrak gabean etxetik kanpora...! Ez, ba... neu ba-nok neu, eta iñor ba-dok berau, gau-txori denganiño orreik norantz egaztatzen diran, gaur gabean berton jakingo yoat... Olan ezjakiñean ezetara be ezin bizi naitekek..., ogia zelako lagunakin jaten yoadan be ez yakiat-eta...»

        Mutillaren logeleak ate bi eukazan, eta ate bietarik bat eskaratzari eutsala eukan. Eta gure mutilla, gau aretan, bere jakingurea asetearren, atearen giltzulotik begi ta belarri eskaratzean egozan ama-alabai adi-adi jarri zan.

        —Ajaja...!, au don gabaren ederra; au don gabaren baltza...! —esan eban amak barre-santzoka.

        —Ujuju...! Auxe gau miragarria... Guztia illun, eta izarrak argitan dantzan eta dantzan... —egin eban deadar alabeak santzoka.

        —Ijiji ta ajaja... ortik-zear aize-bitsetan ibilteko gabaren egokia... —esan eban atsoak barriro.

        Bitartean, barriz, morroea, bere etxekandrak sutondoan egiten eben guztiari adi-adi egoan. Giltzulotik entzun, eta giltzulotik ikusi egiten eban.

        Gaberdian-edo, atsoak laratzuan topin andi bat imiñi eban; topiña, ora baltzez bete-beterik egoan. Eta, oinkada ixillez joan yoian gaba zaarrak, arinka etorren gau barriari bere lekua itzi bear izan eutsan une-unean, ama-alabak euren oiñak topiñeko ora-baltzez igurtzi ebezan, biak batera iñoela:

 

                Sasi guztien ganetik

                eta odei guztien azpitik,

                arantz arnasa baten,

                eta onantz beste baten...

                Trularalara, trularalara

                giñoianazan Petralanda-ra...

 

        Eta beste bagarik, ama-alaba biak, kezuloa-gora abiadan, gau illunaren altzoan, aizeak zearkatuaz, Petralandako akelarrera joan ziran.

        Guzti ori begi-argiz ikusita, atostean adi egoan mutilla, ikaraz jarri zan; bere etxekandrak sorgin-sorgiñak zirala igarri eban-eta. «Petralanda-ra gabez joateko, sorgiñak edo «pamerialak» izan bear, bai...», iñoan.

        Biaramon-goizean, egunsentiak egun barriaren argia ekarri orduko, gure ama-alabok supazterrean goruetan ziarduen. Eta gau guztia orretan igaro bai-leben, arretaz lanean ziarduen, morroeak ezertxo be ez ekialakotan.

        Eta egur orretan, gure ama-alabok, batak eskuko miña eta besteak ankakoa eukala-ta, gau-leenean ogeratu ziran. Mutilla, barriz, sutondoan artazuriketan geratu zan; artaburuak garaundu, eta txorokillak sutan erreten ebazala, sutondoko bero gozoan pozez egoan.

        Eta gaberdiko une itzela eldu zanean, mutilla be, jakingureak errime jota, bere etxekandrak egiten ebena egiten asi zan. «Petralanda-n zer dagoan be ikusiko yoagu, ba, arranotan...» —iñoan berekautan.

        Eta orretarako, berak be, topin andia bera laratzuan ipinita, oiñak ora baltzez sekulako ondoen igurtzi ebazan, ben-ben agin-artean esaten ebala:

 

                Sasi guztien azpitik

                eta odei guztien ganetik,

                arantz arnasa erdiz...

                Trularalara, trularalara

                ba-noak Petralanda-ra.

 

        Eta ori esanda, mutilla be kezulotik gora abiadan joan zan, eta... esan ebana oker esan ebalako, bere etxekandrak lez arnasa baten aize-zearka ez zan Petralanda-ratu: «Sasi guztien ganetik eta odei guztien azpitik» esan bearrean, «sasi guztien azpitik eta odei guztien ganetik» esan eban-eta.

        Oker-esate ori zala, gure mutillak, sasitzarik-sasitza ta otatzarik-otatza joan bear izan eban; eta ori zala-ta, aren negarrak eta aren uluak bide guztian...!

        Alako baten, baña, bidean alan ordu bi luzeak eginda, aurpegia ta gorputz guztia odolduta ebazala, garrasi baten Petralanda-ratu zan. Eta Petralanda-n sorgiñak batzarrean egozala aurkitu ebazan. Bertan, ikusteko sorgin pilloak ikusi ebazan; eta arein arteko bat, «sorgin-nagusia» izenaz ezagutzen ebela konturatu zan. Eta «sorgin-nagusia»ri, batzarraren amaieran, enparadu sorgiñak mun egin eutsoen.

        Eta gure mutillak, orretarako bere txandea eldu yakonean, sorgin-nagusiari, arrapaladan joanda, bizkarretik burduntzi gorri bat sartu eutsan. Orduan, ango zaratea ta ango deadarra...!

        Orrenbestez, sorgin guztiak asarre gorritan jarri ziran; eta areitariko sorgin mee batek, mutilla ostikoaz jota, morroe egoan basetxeko teillatu-txuntxurrera jaurti eban amorruz beterik. Arantz ordu bi luzeetan joan izan ba-zan be, orantz, berak esan ebanez, arnas-erdiz eldu zan.

        Gero, teillatuan negar-muzkurioka asita, kezulotik beingo baten etxeratu zan. Eta goiz aretan mutilla, gorputza ezin-geiago jota eukala-ta, etxekandrai ezertxo be esan bagarik, ogera joan zan. Ama-alabak, baiña, arek egin ebanaren barri Petralanda-ra ostera bat egiñaz bakarrik jakin eben. Eta, alako okerkeria euren «sorgin-nagusia»ri egin eutsalako, amorruz jarrita, agiraka garratzak egin eutsoezan.

        Mutilla bera be, orrenbeste agiraka entzutean, asarre jarri zan; eta alako andra sorgin-petralakaz batera bizi be ez ebala nai-ta, zor eutsoezan amar urteko soldatak eskatu eutsezan: urte orretan, lan-saritzat bein be ezertxo ez eutsoela emon-eta.

        Orduan, ama-alabak, mustur-okerrez izanda be, amar urteko soldatak egun gutxiren barruan emon bear izan eutsoezan. Eta ganeko egun baten, morroe-mutilla, amar urteko lan-saritzat «eun edukat eta mandarra» artuta, etxe aretatik pozez beterik aldendu zan. Orrenbeste diruaz basetxe bati eltzeko asmoz joan zan, basetxe baten nasai-nasai bizi izateko.

 

aurrekoa hurrengoa