www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

38. MAITASUNIK EDERRENA

 

        Ninbe neskatilla on-ona zan. Bere biotz zabala zerbait maitatu gurearen indarrez, taupa ta taupa, aldi aretan artega-samar erabillen. Gogapen asko buruan eta autu asko biotzean. Olan be, bere biotzarentzat maitasun egokirik ez.

        Udako illuntze eder baten, egun aretako lanak amaituta gero, gure neskatillea, ontzitxo bat arturik, iturrira joan zan. Ego-aize epelak baztarrak eta inguruak berariz berotzen ebazan artean, auzo aretako taldetxoak be, ure ederrez aseteko ustez, iturri-aldera beti lez alaikiro joan ziran. Eta an, ur garden-ozkirriotan eskuetako ontzitxoak sartuta eukezala, barriketan jarri ziran.

        Onetan, Basabil-go Ilipon artzain mutil errimea, artaldeagaz basoan eguna eginda, illunabarrak etxerantz ekarren. Eta, iturri-ondoko landa bedartsura eldu zanean, Ninbe neskatilleagaz berba batzuk egin guraz geratu zan. Orretarako, beste guztiak lez, landa aretako jesarleku zabal baten egokiro jesarri ziran. Eta, oi danez, berbak berba eta autuak autu, egunaren argia illuntzera yoian.

        Gau aretan, eliz-zaiñari aaztuta-edo, «Agurmaritakoak» berandutxoago egin eben ots. Eta gure gazte zintzoak, oitura onaren indarrez kanpai-otsera zutunduta, zeruko Erregiña aaltsua eraspenez maitekiro agurtu eben; eta geiagoko bagarik, Andra Mariaren babesean zirala, bakotxa bere bideetatik euren etxeetarantz abiatu ziran.

        Ninbe, etxerantzakoan, bururapen askogaz joan zan. Mutillaren berba gozo ta autuak atsegin izan yakozan; eta, ori zala-ta, areganako maitasuna konturatzeke sortzera yoakion. Baiña, bere barruan somatzen eban berbots miragarri bat zala-ta, itun jarri zan. Ezer ez eban ulertzen.

        Ilipon, ostera, poz-pozik joan zan, urrengo kanta antxiñako au alaikiro abesten:

 

                Gaurkoa, gaurko;

                biarkoa, biarko;

                Jaungoikoak emongo dau

                bear dan orduko.

 

        Aurrerantzean, euren arteko maitasuna egunerik egunera sendotuaz yoian. Eta iturriko landan adiskidetu ziran gazte zintzoak, maitasun okerrez orbandu bagako biotz zabal eta ederren jabe ziran. Beraz, maitasun garbiz Jaunaren bide ederretik gozaro-gozaro ebizan. Domeka-arratsalde baten, Ninbe, iñoiz ez-ta, ibillaldi bat egiteko asmoz, basorantz joan zan; eta, ibiliak-ibili eginda, alako baten Sorobil-go iturritxora eldu zan. Eta an, uste bagarik, Ilipon, bere aitaitagaz batera, artzaintzan ziarduala aurkitu eban; eta bera be artzain zintzoen ondoan iturriko landan jesarri zan. Gazte biak maitasun-berbeta luzetan ziarduen, eta artzain aguratxoak, santzo zoli bat jaurtita, antxiñako guda-abesti bat agin-artean kantatzeari ekin eutsan.

        Alako baten, neskatilleak, barriro be, bere barruan berbots miragarri bat somatu eban, auxe zirautsala: «Maitasun ori, garbia danarren, zuretzat ez da egokia. Nekerik ez dautsu arinduko. Maitatzaille andi bat or gorago dago zure zain, besoak zabalik zeuri itxaroten...»

        Orretzaz konturatzean, Ninbe-ren aurpegia ezin-geiago gorritu eta bere biotza estutasunez larrituta eten bearrean jarri zan. Ez eban ezer ulertu.

        Eguraldi eder-ederra zan. Birigarroa nagusi zala, txori-aldra baten txorrotxio alaiak entzuten ziran. Ipar-aize ozkirriak, zugatzetako orri guri ta meeak «firifiri» igitzean, bidaztiaren egarria aseteko jausten zan ur gardenak lamiña-eresi antzeko burrundara bakana egiten eban.

        Geroago, mundu zabala atsedentzen bai-legoan, isillune berezia izan zan. Eta isillune miragarriaren altzoan mitxeleta zuri egozabal bat agertu zan. Eta mitxeleta eder arek Ninbe, gozaro-gozaro, bekokian jo eban. Eta gure neskatilleak mitxeleta zuriaren atzetik gorantz eta gorantz egin eban, Jesus Gurutzetuaren elizatxora eldu arte. Gurutzetuaren bularretik, maitasun andiz, Odola irradan jausten zan; eta mitxeleta zuriak, bere ego zabaletan Jaunaren Odol deuna artuta, neskatillearen ezpan bigunetan imiñi eban.

        Une zoragarri orretan, Ninbe-k, dardarkada gozoa egiñik, aldatze onuratsua egin eban. Egiazko maitasunak osoro ezagutzeko zoriona izan eban. Mitxeleta aren bidez, maitasun gozo batetik beste maitasun gozo obeago ta ederragora egaz egin eban.

        Gau aretan, birigarro miragarri baten txorrotxio-otsera, neskatilleak bere logelako leioa zabaldu ebanean, ikuspenik alaiena izan eban. Ortzi (zeru) zabalean illargia eder-eder agertzen zan; eta, izar polit diztiratsuak zeruko mandatari bizkorrak bai-litzazan, ixil-mixilka berbeta eztitsutan ziarduen.

        Azkenez, urrin-urrindik etorren kantu eder baten berbots gozoak Ninbe-ren belarrietan durundi zoragarria egin eban: Zeruko Birjiñak, lurreko birjiñakaz batera, euren Egilleari abesten eutsoen Ereserki ederraren durundia...

 

                Jesus, Birjiñen koroia,

                Neskatx bakarrak ernea,

                Ama garbiak egiña,

                entzun zureen eskea.

 

                Lili-artean zabiltza

                gazte garbiz esitua,

                ezkongai eder dirdaitsu,

                emaztegaien saria.

 

                Noranai zoazen, ara

                zure atzetik kantetan

                doaz gazte garbi oiek,

                betiko goratzarretan.

 

aurrekoa hurrengoa