www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

19. EIZTARIA TA DEABRUA

 

        Igande-goiz baten, «Atxurkulu» basetxeko gizona, goizean-goiz mezea entzunda, eskopetea sorbaldan dingilizka ebala, basora txoritan joan zan.

        Egun guztian basorik-baso ta mendirik-mendi txori-billa ibilita gero, arri-mokil baten ganean atsedena artzera jarri zan.

        Arrausika ta lo-zorian egoala, inguruko landatxoan asto andi bat bedar guria jaten ziarduala ikusi eban. Eta eiztaria, begi ta belarri, asto baltzari adi-adi jarri yakon. «Onako zoririk orraitiño! —iñoan—. Orra, etxera geiago nekatu bagarik joateko aukera ederra non daukadan berton!» Eta ori esanda, beste bagarik, astoari bizkarrera salto egin eutsan; eta aren ganean patxaraz-patxaraz jesarrita, astoari deadar andiz esan eutsan:

 

                Arre, arre, astoa;

                orain lan eto gero lastoa...

 

        Ori entzunda, asto baltzak be berba egin eban:

 

                Basoa-gora, mendian-beera,

                sasitzan-zear labar-ertzera....

                Arre, demoniñua!

 

        Eta geiago bagarik, asto baltzak gure gizona, ikotika ta abiada baten, baso ta mendirik-mendi bildurgarriro erabili eban.

        Alako baten, labar andi bate txuntxurrera eldu ziran; eta orduan, astoak, bizkar-ganean eukan gizona, labar-erpiñetik beera jaurti nai izan eban.

        Baiña, bere asmo okerra ezetara be ezin bete izan eban, indar miragarri batek bere lau ankai eusten eusten-eta. Barriro be, astoak bere atzeko ankak labar-erpiñeko zuloan sartuta ebazala, aurreko anka biak burua labarra-beera ipiñita, eiztaria bere bizkarretik jaurtiteko aalegiñak egin ebazan. Neke ta aalegin guztiak alper-alperrik, baiña: gizona ezetara be ezin kendu izan eban ganetik.

        Orretan, elizatxoko txiliñak ots berezia egin eban, auxe esanez:

        —Txarri demoniño! Gaur mezea entzun daualako, gatxik ezin egin oraindiño! Ire txarrerako ta gizonaren onerako egiten yoat nik «din-dan»!

        Eta elizatxoko txiliñak «din-dan, din-dan» etenbagarik joteari ekin eutsan.

        Orduan, astoak, ari gatxik ezin egin eutsala igarri ebanean, anka-urtika ta ikotika asita, bizkar-ganeko gizona bide-ertzeko landa bedartsura amorru andiz jaurti eban; eta, ori eginda, astoa bera, arrantzaka ta apatxoska, labarra-beera su ta gar joan zan.

        Bitartean, eiztariak, landako bedartzan, txori-txorrotxio ederren artean, lo gozo-gozoa egin eban. Aitaturiko asto baltza, deabrua izan ei-zan.

 

 

        Beste domeka baten be, arratsaldez, «Atxurkulu»ko gizona berbera, Agurtza eta Errosario deuna otoitz eginda gero, basora txori-billa joan zan. Eta gure gizonak, basoan sartu zanekoxe, bere inguruan erbi pilloak saltoka ta ikotika ikusi ebazan. Eiztariaren poza! «Au dok au! —iñoan pozarren—. Onakorik ikustekorik be! Daunbada bataz amar bat ardura bagarik il daitekezak-eta...!»

        Eta ori esanda, daunbada bat jaurtita gero, amar erbi beingoan eskuratu ebazan. Orduan, eiztaria ezti-bitsetan jarri zan. Alako eizarik bere bizian ez eban egin. Eta erbi txorta ederra eskuetan ebala, illuntzean, etxerako bidean pozez beterik abiatu zan. Eta ibili ta ibili eginda, bide-erdian gaba egin yakon.

        Alako baten, «Oxin-baltza»-ingurura eldu zan. Eta «Oxin-baltza»-ko ur-ertzean, illargiaren argitan, oillar gorri-gorri bat ikusi eban. Eiztaria, oillar gorria ikustean, poztu egin zan, begiz ikusten eban lako oillarra izango zalakotan. «Au dok izatekoa! —esan eban—: erbiak bakarrik ez, baita oillarra be sekulakoa etxeratu bear yoat gaur nik...»

        Eta berbokaz batera, eskopeta-erpiña oillar gorri agana begira ipiñi eban.

        Onetan, baiña, «Oxin-baltza»-barrutik ots ikaragarri bat, deadar andi bat urten zan:

        —Ori or dagoan ori be, ekarri egidak ona! —esan eban ur-barruko otsak.

        Deadar ori entzun ordukoxe, ur-ertzeko oillarrak kukurruku zolia egiñaz, auxe esan eban:

        —Ez, gaur ez: Errosarioa ondo esan dauan ezkero, orren ondora eltzeko be eskubiderik ez yaukat-eta... Orretan, oillar gorria, beste kukurruku zoli batzuk aizetan itzita, ego-ots andiak egiñaz, «Oxin-baltza»ren barruan sartu zan.

        Berba ta ots arekaz, «Atxurkulu»ko gizona estutu ta larritu egin zan. Eta erbi-txorta eskuetan eta eskopetea sorbaldatik dingilizka ebala, etxerako bidean «Aitarenka» baten jarri zan.

        Ur-ertzeko oillar gorria be deabrua izan ei-zan. Eta deabru arek, eiztaria basora Errosario deuna otoitz eginda joan zalako, ezin eroan izan ei-eban beragaz...

 

aurrekoa hurrengoa