www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

22. DEABRU-LABARRA

 

        Mañaria-n, «Deabru-labarra» izeneko labar andi bat dago. Arri-mokil ori, Urkioleta-tik Saibi mendira goazala, eskumaldeko baso andiaren ganean dago. Labarra, andi andia ta jauskera txarrekoa da. Ori dala-ta, ez gorantz, ez berantz, ez alborantz bertatik iñortxo be ezin igaro daiteke, beeko trokara buruz-aurrera jausi bagarik.

        Aren ingurutik igaroten gareanetan, gauza bat ikusten dogu bertan: labarraren erdian marra batzuk dagoz, burdia igarokeran txirringak itzi oi dabezan ezaugarriak lakoxe lerrotxoak.

        Marra bakan orreik dirala-ta, gure erritxoen labar orretzaz iñon diran ipuiñak kontatzen dabez. Ona emen orreitariko ipuin bat edo beste.

 

—I—

        Bein, Ganoste-menditik, gizon bat burdi-bete iraz etorren, deadarka ta santzoka, «aida, gorri!» eta «aida, zuri!» esanez.

        Alako baten, burdiak bide-ertzean laprast egin ebalako-edo, idi, burdi ta ira bili-bolaka mendian-beera joanez, beeko errekaraiño jausi ziran.

        Ori ikusirik, gizona asarre-bitsetan jarri zan; eta goiak eta beeak amorruz izentaturik, erderazko berba zantar bat esanez, birao andi bat jaurti eban.

        Onetan, beetik gorantz, deabru batzuk agertu ziran; eta, deabru bildurgarri areik, idi, burdi ta gizon, guztiak batera artuta, labarra-gora eroan ebezan. Orduan, ango deadarra, ango zaratea!

        Deabruak txartes gorri-gorriz jantzita ei-egozan; eta oiñetan, burdiñazko zapata gogorrak ei-eukezan...

 

—II—

        Beste bein, sorgin dotore batek, umetxo bat burditxo baten ganean labarra-gora ta labarra-beera erabili eban, eguerdiko amabietan eguzkiak bialtzen eban beroa artzen.

 

                Sorgin-sorgintxo,

                sorgin-sorgintxo,

                txarri-txarrito,

                txarri-txarrito.

 

        Ori entzunda, sorgiña asarrez jarri zan; eta, begirakada zorrotza jaurtirik, amorruz beterik umeari auxe esan eutsan:

 

                Ume gaizto, ume gaizto:

                oa beerantz, baba-lasto.

 

        Eta ori esanda beste bagarik, burditxoari beerantz bultza eginda, ume gaisoa beeko troka sakonera jaurti eban. Ume errukarria bertan illik geratu zan. Gero, urrengo egunetan, sai pilloak, laiñoa-beera jatsita, umetxoaren gorpu samurra jan eta jan egin eben.

        Baiña sorgin ankerrak be, txarto egiñaren ordaiña —edo obeto esateko, zigorra—, antxe bertan izan eban.

        Biaramoneko goizaldean, sorgin gaiztoa, Untzillaitzera begira, zeruko izarrak zenbatzen asi zan; eta, orretan ziarduala, Artzate-ko landatik agertu zan adar andidun adari errime batek, topekada andi bat emonaz, labarra-beera jaurti eban. Eta, aren gorputzaz be, saiak ase ta bete egin ziran. Sai areik, euren moko zorrotzak sorgiñaren gorputzean sartu baiño leen, adar andidun adariak urrengo esakun au abestu ei-eban:

 

                Ik asi, nik iri...

                ez egin gatxik iñori.

 

—III—

        Bariku illuntze baten, Txilibistro, Urkiola-erdiko etxagun zaarra, Saibi-aldetik asto andi bat aurrean ekarrela etorri zan. Eta «Deabru-labarra»-ren inguruan, Txilibistrok astoari abots sendoz auxe esan eutsan: «Iño! Arre, demoniñu ori!» Eta orduan, labar goienetik «alde txarrekoak» txaloak jo eutsoezan. Biraoa jaurti ebalako, «alde txarreko» areik txalotu ta goratu egin eben.

        Txaloak entzun ebazanean, Txilibistro-k ikaraldi errimea artu eban; geiago eziñean ikaratu zan. Eta gure gizona, basoa-beera arinka asita, amasoska baten etxeratu zan, bere kolkorako iñoala: «Ene Jaungoikoa! Leku onetik urten nok! «Iño» ta olako berba motzik geiago ez nik..., ezta «demoniñorik» be ez yoat barriro esango... Olakorik!»

        Eta Txilibistro Urkiola-erdiko etxagunak, sutondoko aulki zaar baten jesarrita, olako berbak damuz esaten, gau oso-osoa egin ei-eban.

        Aurrerantzean, barriz, aren agotik ur gardena lako berba garbiak bakarrik isurten ei-ziran, «Deabru-labarra»ko jazopena egun oro gogora ekarten ebala...

 

aurrekoa hurrengoa