www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

11. ARTZAIÑA TA EPAILLA

 

        Eun ardi ta adari baten jabe zan artzain morrosko bat, mendi-egaleko txabola zaar baten bake-baketan bizi zan. Artzaiña, bere artalde ederra lakorik ango inguruetan be ez egoala-ta, pozez beterik egoten zan. Ardi bakotxak, urtean-urtean, batek be utsik egin bagarik, bildots biña ekarten eutsazan; eta orrez ganera be, esne, gaztae ta artule, eurakandik gauzarik asko artzen eban. Ori zala-ta, bera artalde ederragana begira, arropuztuta bizi zan. Epaillaren azkenengo gabean, artzain morroskoa, enparadu gabetan lez, sutondoan aparitarako taloak egiten asi zan. Eta orretan ziarduala, aize biorraz batera, txabolako atakan abots miragarriz norbaitek «artzain, artzain!» deadarka zirautsala entzun eban.

        Artzaiña, alako abots bakanez egiñiko deadarra entzutean, ikaratu egin zan. «¿Zer eldu dok ona?» —iñoan berekautan bildurrez beterik—. Aspaldion eldu ez danaren bat eldu dok gaur bertora, antza...».

        Eta ateruntz egiteko be adorerik ez ebala, kanpoko deiari berbots dardarez erantzun eutsan:

        —¿Nor edo zer zara zu?

        —Ni, aize-putzaren abots miragarria naz —erantzun eutsan mendian jira-biraka ebillen abotsak.

        —¿Aize-putzaren abotsa zareala diñozu? Olakorik egundo ez dot entzun be egin. Eta... ordu onetan, ¿zer arrano dakazu nire etxera? ¿Ze barri dakazu, gero?

        —Ona emen, ba: albista itun bat emotera natorkizu. Epail ankerra, euri ta txingor, begietatik txinpartak dariola, zure artaldeko ardi guztiak ondatu gurarik datorrela natorkizu esatera. Oraintxe laster etorri be, barriz. Zure artalde on eta eder euki nai ba-dozu, zabiz arduraz ta marduraz...

        Eta barri itun ori emonda gero, aizearen putza bat-batean isilduta, mendiak zearkatzen ebazala, beste leku batera iraduz joan zan.

        Alako berbak entzunda, artzaiña pentsakor jarri zan. Epaillaren gomuteak berak bakarrik be ikara bizia emoten eutsan; eta bere artalde ederraz izango ete-zana gogotara ekarten, artega be artega jarri zan.

        Alako baten, bere esturaldian, mendi-erpiñera igota, mendi-basoetako morroskoai dei egitea otu yakon. Eta mendi-gaillurretik deika ekinda, amar santzo luze egin orduko, abea lakoxe amar mutil morrosko urreratu yakozan. Eta amar mutil sendo areik, artzaiñari bere deadarraren zegaitia jakin gurarik, ago batez esan eutsoen:

        —Artzain, ¿zer-dala-ta egin dauskuzu dei? ¿Zetarako bear gaituzu?

        —Neure artalde ederra zaintzeko bear zaituet... Aizearen abotsak esan daustanez, Epail maltzurra, euri ta txingor, nire artaldeko ardi guztiak galdu gurarik dator. Ori dala-ta, nire artaldea eder eukiteko, zeuen laguntza bear dot; ¿Epailla igaro arteko morrontza egingo ete-zeuskide?

        —Gura aiña talo emoten ba-dauskuzu, bai —erantzun eutsoen mutillak.

        Gerotxoago, Epailla —aizearen abotsak esan ebanez— betozko illunez agertu zan. Eta ille guztian, egunbitarteetan bein izaten ziran aterrune txiki-txikiak izan ezik, euri ta euri, txingor eta txingor, eten bagarik jausi ziran. Ori zala-ta, morroeak, euren ardurapeko artaldea zaintzearren, arazoz beterik ibili ziran: bitarteko aterrune txikietan, ardiak basora atara, eta barriro miñutu bat baiño leenago, artaldea arrapaladan txabolara eroan bear izaten eben-eta.

        Alan be, orraitiño, morroeak zuur eta bizkor ibili ziran ezkero, Epaillaren maltzurkeriak gora-beera, artaldeko ardi guztiak leen baizen sendo ta eder geratu ziran.

        Epailla igarota gero, amar mutillak, artzaiñak aurrerantzean euren bearrik arean be ez ebala izango-ta, gura aiña talo janda gero, euren lekuetara joan ziran.

        Baiña, mutillak alde egin ordukoxe, artzaiña, bere artalde ederragana begira-begira jarrita, barriro be arropuztu egin zan. Eta, «oneik dira ardien ederrak!» esanda, Epaillari atzetik irri ta barre egiten asi zan.

        Ori ikusirik, Epailla asarratu egin zan; eta artzaiñaren arrokeria gogor zigortzeko ustez, Jorraillari dei eginda,

        —Jorrail —esan eutsan-: ekazuz egun bi ta erdi, artzain arroko orri eun ardi ta begi bat kendu dagiodazan... Ori entzunda, Jorraillak, bere lagun Epaillak eskatu eutsazan egun bi ta erdiak berealako baten emon eutsazan. Orduan, Epail maltzurrak, Jorraillak eskuratu eutsazan egunetan, euria, txingorra ta edurra errime jaurtiaz, artzain arroaren artaldea betiko ondatuta itzi eban: eukazan ardi guztiak, goitik beerako ekatxak bata bestearen atzean il egin eutsazan. Eta artaldeko adar aundidun adari sendoak, barriz, itun egoan bere ugazabari, esturaldian errekatik salto egitera yoiala, adar bataz aurpegian jota, eskumako begia atara eutsan.

        Orrenbestez, artzaiña illunago jarri zan. Eta ez ardi ta ez begi, naibagez beterik negarrez asita, Epaillari barriro «aupadea» jaurtiteko adorerik arean be ez ebala geratu zan.

        Epaillak, ostera, artzaiña negarrez ikustean, barre ta barre egin eban: artzaiña baiño bera oraindiño askozaz geiago zala-ta...

 

aurrekoa hurrengoa