www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

25. ORRATZONTZIKO SORGIÑAK

 

        Leenagoko urteetan, « Bizkarra» izeneko basetxean abade bat bere arreba bategaz bizi zan. Abade arek, bere etxeko kutxa zaar baten, orratzontzi bat ondo gordeta eukiten eban; eta berak, orrazontzi ari iñortxok be iñoiz ez egiola ikutu ta abar, esaten ziarduan sarri be sarritan.

        A zala-ta, etxeko ta auzokoak —emakumeak batez be— orratzontzi miragarri aretan zer egon ete-zeitekean, buru-austez beterik ebizan.

        Egun baten, abadeak bere arrebeari auxe esan eutsan:

        —Gaur Urkiola-ra noa, eta etxeko egitekoak ondo egiñaz, ea etxea ondo baiño obeto zaintzen dozun. Kortako abelgorriai be lantzean bein begiratu. Eta ni etxetik at nazan artean, or kutxa zaarrean gordeta dagoan orratzontziari ez egin, gero, ikuturik..., goizetik gabera zoritxar gorriren bat leporatu ez dagizun be... Kontuz!

        Eta beste bagarik, abadea Urkiola-gabera joan zan. Eta nebeak atzea emon orduko, arrebea kutxara begira jarri zan, bere kolkorako esaten ebala: «Orratzontzi ori dala-ta, gure nebeak darabizan buru-austeak ez dira txikiak gero! Orrenbeste ardura ta buru-auste, ¿zer dala-ta, baiña? Urrea, zidarra, ala arribitxi dirdiratsuren batzuk ete-dagoz bertan? Ontzi bakan orretan zer dagoan, berak bakarrik daki; ori, barriz, olan ez litzake izan bear: etxean zer dagoan, etxeko guztiak jakin bear leukee-ta: etxean bizi danak, gizonak naiz emakumeak, etxean zer dagoan jakitea gauzarik bidezkoena da-ta. Beti aiko-maikoetan ibili bagarik, kutxa zaar ori, giltz andi oneaz edegi be egingo neuke..., eta bertan zer dagoan ikusi be bai. Baiña, baiña... gure abadea zuur-zuurra da-ta, jazorikoaren barri bereala jakingo leuke, bearbada; besterik ezean, zer izan dan igarri egingo leuke-ta... Ene! ¿Zer egin? Dana dala, onako buru-austerik geiago ezin eroan daiket nik; nire osasuna zerbait maite ba-dot beintzat, miñutu baten be geiago ezin itxaron daiket.»

        Eta ori esanda, neska jakingureak, kutxea zabalduta, orratzontzia eskuan artu eban. Eta orduan izan ziran izan ziranak, eta jazo ziran jazo ziranak!

        Beste bagarik, orratzontzitik, sorgiñak taka-taka urteten asi ziran. Eta «zer eingu ta zer eingu» esanez, sorgin batzuek neskeari oiñetatik oratu eutsoen, beste batzuek eskuetatik eta beste batzuek samara zart egin eutsoen. Orduan neskea estutu egin zan; eta, negarrez asita, auxe esan eutsan:

        —Lan egin gura ba-dozue, zoaze solora, eta beientzako bedarra ekarri egidazue, ba...

        Eta sorgiñak, bereala soloratuta, bedar guztiak beingo baten etxeratu ebezan.

        Eta barriro be, neskearen inguruan ikotika asita, «zer eingu ta zer eingu» esaten ziarduen; eta bakea izango ba-zan izan, arbiak ekartera solora bialdu bear izan ebazan, eta, miñutu batzuk barru, inguruetako arbi guztiak etxeko atartera ekarri ebezan. Eta orduan be «zer eingu ta zer eingu» esaten asi ziran.

        Neska gaisoa, olako esturaldian negarrez eta uluka asi zan, bere inguruan ikotika ebizan sorgiñai zer agindu be ez ekiala. Alako baten, alan bearrez, bere zorionerako gauza bakan bat agintzea otu yakon.

        —Zoaze errekara —esan eutsan—, eta etxean bear dodan ura galbae onetan ekarri egidazue: gure etxean ur tantarik be ez dago-ta...

        Eta sorgiñak, galbaea artuta, errekara joan ziran, eta ur-ekarten zintzo-zintzo asi. Baiña, areik orretarako egiten eben guztia, alper-alperrik zan: artzen eben ur guztia, lau oinkada emon orduko, galbaearen zuloetatik urtenda, lurrera yoakien-eta. Barriro be errekara joan, eta barriro be axe bera jazo yaken: ezelan be urik ezin ekarri.

        Orretan ziarduela, abadea, Urkiola-ganean eguna ederto eginda, tapa-tapa etxean sartu zan; eta bere arrebea negar baten aurkitu eban.

        Zer jazo yakon itandu eutsanean, neskeak auxe erantzun eutsan:

        —Orratzontzikoak sakabanatu egin dira..., eta orain larri ta barregarri narabille. Ene...!

        Eta jazoriko guztia azaldu eutsan. Entzunikoaz, abadea asarratu egin zan, eta betozko illunez auxe esan eutsan:

        —Jakingura petralak alakook! Orratzontzi orreaz arduraz ibilteko, ¿ez dautsut esaten ba beti? Zuek lakoakaz, baiña, alperrik da... Eskerrak galbaeaz ura ekarten jarri dozuzalako; bestela, zure galdua: or zintzazan orratzontzian eurakaz batera...

        Gero, abadea, orratzontzia arturik, errekara joan zan; eta bertan «latiñaro» bat esanda beste bagarik, sorgin guztiak beingo baten orratzontzian sartu ziran, kanpoko argitan bat bera be geratzen ez zala.

 

aurrekoa hurrengoa