www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

46. ERROTAZURI

 

        Nik ez dakit noiz be, Anboto-aldean Eneko izeneko artzain gazte bat bizi zan. Artalde eder baten jabe zan. Irureun ardi ebazan; eta ardi bakotxa edurraren arnasatik sortu zala zirudian: zuri-zuriak eta eder-ederrak ziran.

        Udabarrietan, gure mutilla, «Uletsu» txakur zolia bere ondoan ebala, mendi-landa ederrean jesarten zan; eta, ardi zuriakana begira, alboka-joten poz-pozik jarduten eban.

        Egun areitan, bateko esne ta beeeko gaztae salduaz, Eneko-ren sakelak polito-polito beteten asten ziran. Udabarria ta udea, artzaiñaren lagun izan oi dira beti. Neguaren mustur baltzak ikaratzen ez dauan artzaiñik ez dala esaten dabe, baiña.

        Olan dala, Anboto-aldeko artzaiñari be, neguak lerrenak eragiten eutsazan. Aldi aretako negu batek, atan be euri, txingor, edur eta aize-biurrakaz, kalteak-kalte egin eutsazan. Bere artalde ederra gauzeztuta itzi eutsan. Ori zala-ta, gure mutillak, negar-aldi luzea eginda gero, bere bizibidea aldatzeko asmo sendoa artu eban.

        Ain zuzen be, goiz baten, «Uletsu» txakurra lagun ebala, Anboto-ko andereagana, Mari Urrika-gana, burubide-eske oinkada ariñez joan zan; eta Anboto-ko anderea, bere koba miragarrian urrezko aulki eder baten jesarrita goruetan ziarduala aurkitu eban. Bere inguruan, iru morroe ta iru neskatilla, euren etxekoandrearen gurariak ondo beteteko zuur eta adi-adi egozan. Bitartean, andereak, goru-ardatzari «firi-firi» eragiñez, urre-mataza ikusgarriak egiten ebazan.

        Marik mutillari, bere bizitokian ain goiz ikustean, irribarrez,

        —Oi, Eneko! —esan eutsan—: onen goiz etorteko, ¿zer dok?

        —Andera aaltsu orregana burubide-eske etorri naz, nire bizibideaz aspertuta nago-ta.

        —¿Ire bizibideaz aspertuta? —erantzun eutsan Marik—. ¿Zer dala-ta? Leenen, beintzat, alboka-soiñua jo bear daustak, eta... gero, gerokoak...

        Anboto-ko Anderea alboka-soiñu zale-zalea zan; eta Eneko, ari atsegin emotearren, soiñua joten asi zan.

        Orduan, iru morroeak eta iru neskatillak alkarregaz dantzan asi ziran. Baita «Uletsu» txakurra be, arein erdira joanda, dantzan asi zan: besoak gorantz ebazala, atzeko oiñen ganean, sekulako dantzak egiten ziarduan. Ori ikusirik, anderea, barrearen-barreaz, konorte bagarik geratu zan. Ene, bada!, a zan bear zana! Iru morroeak eta iru neskatillak, etxekandrea senera ekarteko «amargarren aalegiña» egiten asi ziran. Neskatilla batek berakatz-saldea sartu eutsan; bigarren neskatilleak igurtziak egin eutsazan, eta irugarrenak, barriz, piparmiñaz sur-puntan ikutu eutsan. Guztia alperrik, baiña: anderea, bere sentzunera ezelan be ezin ekarri. Guztiak negarrez asi ziran, iru morroeak batez be: oneik, arrantzaka lez egiten eben negar.

        Onetan, albokea jo bear ebala esan eban Enekok: bearbada, alboka-soiñuak konorteratuko ebala-ta. Alantxe jazo be: anderea, soiñua entzutean, beingoan sentzuneratuta, barreka asi zan. Eta bere neskatillai, Enekori bazkaria emoteko agindu eutsen.

        Bazkaria jaten ziarduala, andereak artzaiñari auxe esan eutsan:

        —Ea, ba, orain: agertu egidak ire bizibideatzazko asmoa.

        —Artzain-bizitzaz aspertu nazan ezkero, beste bizibide bat artzea erabagi dot —erantzun eutsan artzaiñak.

        —Olako asmorik ez egik artu, mutil. Udabarriaren erdian, artzain-bizitza dan ederra! Bedar guri-ganean ipar-aizeak egiten dauzan laztan gozoak, ¿ez ete-dozak gogoratzen, ba?

        —Bai, Mari, gogoratzen dodaz; baiña... aurtengo neguak guztiz aspertu nauan ezkero, nire asmoan iñortxok be ez nau atzeratuko. Negu anker onek egin daustazan kalteak ba-zekiz, orraitiño, zerbait esango zeuke: artalde guztia triskatuta itzi daust-eta.

        —Bai, Eneko; olan dala, bizibidea aldatzeko errazoia ta eskubidea ba-dokazala ikusten yoat. ¿Ze bizibide gura dok? ¿Argin, ala arotz?

        —Ez, ez dodaz bizibideok gura. Niretzako bizibiderik onena, errotari izango nintzakela uste dot. ¿Zer deritzazu?

        —Ederto, ederto; urun on eta ederraz jentea janaritzen dokan artean, errotaritzaz dirutza polita egin aal izango dok-eta.

        —Bai, baiña... niretzako errotatxo bat, ¿non aurkitu? Emen, inguruko errota guztiak artuta dagozan ezkero, niretzat bat bera be ez dago utsik... Orregaitik, Mari, jakintsua ta zuurra zarean ezkero, niretzako errotatxo bat zeuk billatu bear daustazu.

        —Ori baiño ez ba-dok, billatuko yoagu, bai... Orduan, Marik, iru morroeak palanka bana sorbaldetan ebezala, Anboto-erpiñera bialdu ebazan. Mari ta artzaiña be arein atzetik joan ziran. Andik lastertxora, morroerik zaarrenak, aitz-erpiñetik palanka sendo bat berealako baten jaurti eban. Eta palankea, zeru urdiña arrigarriro zearkatuaz, tximistea baizen arin Mugarra alderantz joan zan. Beste morroe biak be, eskuetan eukezan palankak era berean jaurti ebezan. Eta arein palankak be Mugarra-aldera jausi ziran.

        Enekok, iru morroeen trebetasunaz ikaratuta,

        —Ori trebetasuna! —-esan eban—. Ori jasa ta indarra! ¿Non ikasi dabe orren egoki palanka-jokoan?

        —Ementxe berton —erantzun eban Mari Urrika-k—. Eguzkiaren urtenaldietan eta sartzaldietan, egun oro palanka-jokoari ekiten yautsoek... Onein trebetasunaren zusterra, beraz, ementxe Anboto-ganean yagok.

        —Bai orixe trebetasuna! Jasaus! —esan eban ikaraz artzaiñak—. Eskola errimea dabe berton, gero! Eta orain, jaurtitako palankok, ¿non aurkituko doguz?

        —Errotari izan gura ba-dok, palankok euk aurkitu bear dozak —erantzun eutsan Marik—. Oa, ba, bizkor...

        Gure mutilla, «Uletsu» txakurra alboan ebala, Mugarra-alderantz joan zan. Leenengo palankea aitz-erpiñean aurkitu eban, eta aren ondoan errotarri eder bat ikusi eban. Bigarren palankea egoan lekuan be, beste errotarri bat aurkitu eban. Eta irugarrena egoan lekuan be, beste bat aurkitu eban. Beraz, iru errotarri.

        Eneko, iru arri arekaz poz-pozik jarri zan; eta, ezti-bitsetan zala, ariñeketa baten Anboto-ra biurtu zan, Mari Urrika-ri aurkitzearen barri emotera. Eta Mari Urrika-k, aurkitzearen barri entzutean, gorantz begiraturik, mutillari auxe esan eutsan:

        —Orain, errotarriok Mugarra-erpiñetik beera jaurti bear dozak, eta, arriak geratzen diran lekuan bertan, iretzako errotea eragi bear dok. Ondo egiteko, baiña, gabeko amabi-amabietan jaurti bear izango dozak...

        Artzaiña, Mari-k agindu eutsanez, Mugarra-ra joan zan; eta gabeko amabi-amabietan, ango erpiñetik beera iru arriak bilin-bolaka jaurti ebazan. Eta, arrigarria!: ain zuzen be, iru arriak erreka andi baten ertz-ertzean geratu ziran.

        Ori ikustean, Eneko pozez zoratu bearrean jarri zan. Eta bere errotearentzako lekurik onena axe zala-ta, gizon pilloak lanean asita, etxe polit bat beingo baten egin eben.

        Eta etxea amaitu zan egunean bertan, edurra zara-zara jausten asi eta etxetxo barria, berealako baten zuri-zuri ikusgarriro geratu zan. Edurraren laztan gozoa etxearen ganetik kentzeko, eguzkiaren arnasea ez zan iñoiz be gauza izan. Orregaitik, erriko lagunak errota barriari izena «Errotazuri» ezarri eutsoen.

        Iru arriak urun bikaiña emoten asi ziran. Alako urun gozo ta ederrik iñoiz be ebela jan guztiak ago batez esanda, «Errotazuri»-ra lagun askoak asi ziran joaten. Etxearen inguruan, egun oro eunkada askoak zorroz beteak ikusten ziran. Errotari barria, lanari aurpegia emon ezinda, artega ebillen; baiña, atan-orretan dirua polito egiten asi zala-ta, poz-pozez jarri zan. Alan, urte gutxi barru, aberats andia egin zan; eta diruaren-diruz, inguru areitako errota guztiak erosi ebazan: guztiak gi ltz-pean itxita, «Errotazuri»k bakarrik lanari ekiteko.

        Luzaroetan, Enekoren egiñaz eta «Errotazuri»ko urunaz jentea pozik ibili zan. Urteak joan eta urteak etorri, baiña, Eneko aberats okitu egin zan, eta... urrez beteriko gela baten loak artuta, urre-artean lozorroan geratu zan.

        Bitartean, erria aren etxe-inguruan negarrez eta ate joka:

        —Eneko, edegi eiguk atea, eta emon eiguk uruna, goseak il bear gayozak-eta...!

        Errotariak, ostera, jaramonik be ez. Azkenez, etxeaurrean egozan agura zaar batzuek be deadar egin eutsoen:

        —Zabaldu eiguk atea, eta emon eiguk uruna...!; bestela, ire galdua...!

        Deadar orri be jaramonik be ez.

        Ganeko egun baten, euria, txingorra ta aize-biur andiak izan ziran; euria, uriol-antzera, «Errotazuri»ren ganera bildurgarriro jausi zan; eta urioleak «Errotazuri» etxea, bere ugazaba barruan egoala, sustar-sustarretik itsasora eroan eban. Erriaren negarrak, zeruraiño elduta, Jaungoikoaren zigorra eratsi eban, antza.

        Ganeko egun baten, baiña, Eneko barriro bere errian agertu zan: uretatik «Uletsu» txakurrak atara ebala esaten eban. Baiña orain, beartsurik zirtzillena baiño zirtzillago jantzita, bere txakurra alboan ebala, aterik-ate eskean ibili bearra izan eban. Eta «Errotazuri» egon zan lekutik igaroten zanetan, bere zoritxarra gogoraturik, negar eta negar egiten eban.

        Eneko-ren diruzalekeria ta zekenkeria Jaungoikoak esku gogorrez zigortu ebazan.

 

aurrekoa hurrengoa