www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

5. MUTILLA TA MUSKERRA

 

        Domeka-goiz baten, «Oxintxueta»ko mutil gaztea, ez mezarik entzun, ez ur bedeinkaturik artu, ezetariko kristau-eginbearrik be bete bagarik, patxaraz-patxaraz basora joan zan.

        Mutilla, joan eta joan yoian bidean; eta aurrera ta aurrera egiñaz, mendi-gaillurrerantz egiten eban beti. Eta bide-zati andia orrela igarota, zastraka-arte batera eldu zanean, pisti narrasti batek ezkerreko oiñean, «zart!», min bizi-mingarria egin eutsala konturatu zan. «Ai ene!» andi bat egiñaz begiratzen dau, eta musker andi batek bere oiñean agoa ezarrita eukala ikusi eban.

        Estutu zan, larritu zan; eta esku-makilleaz zartada errimeak emoten eutsazanarren, muskerrak ikararik be ez, gogor bertan.

        Ori ikusita, mutilla, inguruetara begi luzez begiratuta, laguntza-eske deadar baten asi zan.

        Bere deadar zolietara, atsotxo bat agertu zan. Eta atsotxo zaarra, mutillaren oiñean alako musker andia ikusi ebanean, arrituta geratu zan. Eta zur eta lur eginda, bere esku biak buruan ebazala, mutillari erruki andiz auxe esan eutsan:

        —A, mutil! Ederra daukak aldean! Gaur, domekaz, ¿mezarik entzun dok?

        —Ez, ba, ez dot entzun —erantzun eutsan mutillak negar-muskurioz.

        —¿Eta ur bedeinkaturik artu?

        —Ezta...

        Kristau-eginbearrak ez ebazala bete ikusi ebanean, atsoak barriro be bere esku biak burura jaso ebazan; eta alan luzarotxoan egonda gero, tamal-tamalez esan eutsan:

        —Ire galdua, mutil! Ori orrela ba-dok... orain pisti orren agoa ire aragitik aldentzeko, iru erritako elizetako kanpaiak amar miñuturen barruan jo bear izango yoek. Bestela... ire zoritxarraren zoritxarra! Muskerra oiñean dokala, or egon bear izango dok betiko...

        Berba bildurgarriok entzunda gero, mutillak garratzago egiten eban negar: amar miñuturen barruan iru erritako kanpaiak jotea, gauza gatxa izango zala-ta.

        Negar ugari eginda gero, bere begiak begirakune itunez zuzenduta, atsoari abots illunez auxe itandu eutsan:

        —Eta... amar miñuturen barruan, iru errietako kanpaiok, ¿nok joko dauz?

        —Besterik ezean, neuk joko yoadaz, mutil... —erantzun eutsan atsoak errukiz beterik—. Ori egiteko, eure pekatuetaz damututa agoan ala ez jakin bear, baiña... Damu az, ¿eztok?

        —Bai, damu naz —erantzun eutsan mutillak bular joka.

        Orduan, atsoa «ondo yagok» esanda, iru erritara joan zan; eta areitariko elizetako kanpaiak gogo beroz jo ebazan. Leenengo erriko kanpaiak, bere otsaz batera, auxe esan eban: «Talan, talan: mezarik entzun ez daualako, muskerra oiñean.»

        Bigarrengoak, barniz: «Txilin, txilin: urbedeinkaturik artu ez daualako, muskerrak min egin.»

        Irugarrengoak, ostera: «Tolon, tolon: txarto egiñaz damutu dalako, oraintxe berton zorion.»

        Eta azkenengo kanpai-otsaz batera, muskerra mutillaren ondotik arrapaladan aldendu zan; eta, bidezidorretik arin-arinka joanda, sasipe baten sartu zan.

        Olan, mutilla muskerraren agotik askatuta geratu zan, eta oratuaren ezaugarririk be ez yakon geratu.

 

aurrekoa hurrengoa